Kulturari begira

Kulturari Begira, maiatzak 19

Ataria 2023ko maiatzaren 19a

Gaurko saioan, 1971ra egingo dugu momentu batez jauzi. Urte hartako azaroaren 1ean, Larraitzen izandako kontzertu bat ekarriko dutelako gogora, igande honetan. Enarak gogoan jaialdia izango da, igandean, 18:00etan, Larraitzen.

1971ko azaroaren 1ean, Enarak taldekoek kontzertu bat eskaini zuten Larraitzen, eta Ez Dok Amairu hainbat kide ere bertan izan ziren. Kontzertu hori historiara pasa da. Zergatik? Komunikabideek, gau hartan Larraitzen akelarrea gertatu zela iragarri zutelako.

Bada, Bira produkzioak eta Ordiziarrockek, egun hori gogoan eta Enarak taldeari omenaldi moduko bat egiteko asmoz, jaialdi bat antolatu dute iganderako. Enarak taldearen hiru abesti joko dituzte Amorante, Rüdiger eta Liher musikariek, besteak beste, Solferinoko itsua, Bañan ez eta Ama abestiak. Horrez gain, erakusketa bat ere jarriko dute, kontzertu hartatik berreskuratu ahal izan dituzten pare bat argazkirekin eta bestelako informazioarekin.

Gertakari hari tiraka, dokumental batean jasotzen ari dira Enarak taldearen ibilbidea. Beñat Iturrioz, Enarak taldeko Juanjo Iturriozen semea ari da dokumental hori egiten, eta igandean ere irudi bidez jasoko du jaialdia. Berarekin hitz egin dugu, gertakariaren eta jaialdiaren inguruan. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!