Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek esan dute aniztasunaren aldeko aldarria egiten dutela «ozen eta garbi». «Herri anitza nahi dugu, non edozein lasai eta seguru bizi ahal izango den. Non bakoitzaren aukerak eta izaerek herria aberasten duten», adierazi dute. Hori dela eta, asteburuko eraso homofobo eta arrazista gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute gaurko, hilak 17, hain justu LGTBIfobiaren aurkako egunean. «Egun hau baliatu nahi dugu inongo eraso homofoborik ez dugula onartzen esateko ere», gehitu dute.
Udalek gaineratu dute alkohola ez dela aitzakia eta eztabaidak ezin direla indarkeriarekin konpondu, «are gutxiago irain homofoboekin». Bestelako jendarte eredu bat nahi dutela aldarrikatu dute eta asteburuko gertakaria irmoki salatu dute. «Villabona eta Zizurkilgo udalok lanean jarraituko dugu homofobiaren, xenofobiaren eta matxismoaren aurka. Gure herritarrak, jatorria eta sexu orientazioa edozein izanda ere, askatasunean bizitzea nahi dugu».
Gaurko elkarretaratzea 12:00etan izango da Amasa-Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Aiztondoko Mugimendu Feministak ere bat egin du udalek deitutako gaurko mobilizazioarekin. "Ez dugu ez eraso homofoborik ezta inolako LGTBIQ+ fobiarik ere onartzen", adierazi dute mugimendu feministatik.