Asteburuko eraso homofoboa gaitzetsiko dute gaur

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 17a, 07:58

Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo udalek deituta elkarretaratzea egingo dute gaur 12:00etan bi herriak batzen dituen oinezkoen zubian, asteburuan Villabonan izandako erasoa gaitzesteko.

Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek esan dute aniztasunaren aldeko aldarria egiten dutela «ozen eta garbi». «Herri anitza nahi dugu, non edozein lasai eta seguru bizi ahal izango den. Non bakoitzaren aukerak eta izaerek herria aberasten duten», adierazi dute. Hori dela eta, asteburuko eraso homofobo eta arrazista gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute gaurko, hilak 17, hain justu LGTBIfobiaren aurkako egunean. «Egun hau baliatu nahi dugu inongo eraso homofoborik ez dugula onartzen esateko ere», gehitu dute.

Udalek gaineratu dute alkohola ez dela aitzakia eta eztabaidak ezin direla indarkeriarekin konpondu, «are gutxiago irain homofoboekin». Bestelako jendarte eredu bat nahi dutela aldarrikatu dute eta asteburuko gertakaria irmoki salatu dute. «Villabona eta Zizurkilgo udalok lanean jarraituko dugu homofobiaren, xenofobiaren eta matxismoaren aurka. Gure herritarrak, jatorria eta sexu orientazioa edozein izanda ere, askatasunean bizitzea nahi dugu».

Gaurko elkarretaratzea 12:00etan izango da Amasa-Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.

Aiztondoko Mugimendu Feministak ere bat egin du udalek deitutako gaurko mobilizazioarekin. "Ez dugu ez eraso homofoborik ezta inolako LGTBIQ+ fobiarik ere onartzen", adierazi dute mugimendu feministatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!