Gogor gaitzetsi dute asteburuko Villabonako erasoa

Tolosaldeko Ataria 2023ko mai. 16a, 13:57

Zizurkilgo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta PSE-EE alderdikak asteburuko gertaera gaitzetsi dute eta esan dute ez duela onartuko inolako eraso homofobo eta xenofoborik.

Zizurkilgo Udalak herrian inklusioan sinesten dutela gaineratu du, «herritar guztiak errespetatu eta babestuko dituen herria nahi dugu eta horretan jarraituko dugu lanean». Villabonan gertatutakoaren inguruko informazioa biltzen ari dela esan du eta Amasa-Villabonako Udalarekin batera adostuko dituela datozen orduetan eman beharreko pausoak. Era berean, babes osoa adierazi die erasoa jasan duten herritarrei eta erantsi du haien eskura jarriko dituela udalaren baliabide guztiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere gaitzespen irmoa adierazi du. Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari Ion Gambrak elkartasuna eta babes osoa adierazi die erasoa jasan duten bi pertsonei, bai eta haien senide eta lagunei ere, eta, horrela, bat egin du gertaerak Gipuzkoako gizartean eragin duen «kezkarekin eta sumindurarekin». «LGTBIfobiak, hitzezko erasoek eta indarkeria homofobo eta xenofoboak ez dute lekurik gure lurraldean, eta erabat onartezinak dira. Gipuzkoan, ez dute lekurik gorrotoak, genero-izaeragatik edo sexu-orientazioagatik egindako erasoek, ez eta sexu-askatasunen eta askatasun indibidualen aurkako mehatxuek ere, eta are gutxiago sexu-izaeragatik eta jatorri atzerritarragatik bi gizon horiek jasan zituzten indarkeriazko erasoek», gehitu du. Jarrera homofobo eta xenofoboek, eta, oro har, «berdintasunaren eta pertsonekiko errespetuaren aurka egiten duten guztiek» gizarte osoa erasotzen dutela nabarmendu du, «bereziki, gizartean berdintasunean parte hartzeko eskubidean sinesten dugun pertsona guztiak, jatorria, sinesmena edo kultura edozein dela ere».

Zizurkil-Villabonako PSE-EE alderdiko kideek, euren aldetik, «gogor salatu eta gaitzetsi» dute erasoa. «Ekintza horiek ez dute justifikaziorik, ezta beren sexu-izaeragatik, jatorriagatik, sexuagatik edo ideologia politikoagatik ematen badira ere. Onartezina da gure gizartean beste pertsona batzuk errespetatzeko gai ez diren pertsonak egotea, beren ustez inguruan edo hemen bizi direnak izan behar duten estandarrekin bat ez etortzeagatik. Pertsona orok izan behar du eskubidea eta askatasuna nahi duena maitatzeko, edonondik jarduteko eta nahi duen bezala pentsatzeko, horrek bere osotasun fisikorako eta eguneroko askatasunerako inolako arriskurik eragin gabe», esan du Aiztondo bailarako alderdi sozialistako Josean Sanchez bozeramaileak. Era berean, Villabonako Maria Luisa Arija zinegotziak, Josean Sanchez Zizurkilgoak eta Eduardo Gonzalez Villabonako alkategaiak dagokien udalei gaitzespen instituzionala egiteko eskatu diete; «baita biktimei laguntzeko eta gertakariak argitzeko behar diren baliabideak jartzeko ere, eta gure gizarteari jarrera faxista horiek gure udalerrietan lekurik ez dutela adierazten diogu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!