Tolosaldeko ospitale publikoa

Villanuevak esan du TOPAk sozialisten jarrera manipulatu duela

Ataria 2023ko mai. 5a, 16:00

Tolosaldeko eta Andoaingo PSE-EEko alkate eta zinegotziak.

PSE-EEk eskualderako ospitale publikoaren aldeko jarrera berretsi du TOPA koordinakundearen azken adierazpenen aurrean.

Jose Mari Villanueva Tolosako PSE-EE taldeko bozeramaileak sozialistek Tolosaldeko osasun egoeraren aurrean duten iritzia plazaratu nahi izan du, TOPAk biharko manifestaziorako deialdia egiterakoan esandakoak direla eta. Esan du PSE-EE alderdiko Larraul, Berrobi eta Andoaingo alkateek, eta Ibarra, Amasa-Villabona eta Tolosako zinegotziek bi urte eman dituztela Eusko Jaurlaritzari eskatzen hainbat bilera eta deialdi publikoren bidez  «beharrezko neurriak har ditzala Tolosaldean osasun zerbitzu publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa bermatzeko». Gehitu du legegintzaldiaren hasieran Tolosako Udaleko gobernu taldeak lursail bat eskaini ziola Eusko Jaurlaritzari ospitale publikoa eraiki ahal izateko. «Eusko Jaurlaritzak erantzun zigun eraiki beharreko ospitale mota garatu beharreko plan funtzionalaren araberakoa izango zela, baina gaur egun oraindik ez dugu plan hori ezagutzen», gehitu du.

Villanuevak esan du lau aldiz eskatu diotela publikoki Osasun Sailburuari Tolosaldeko ospitale publikoa izango denaren Plan Funtzionala eta egutegia aurkeztea, ospitalea eraiki bitartean Tolosaldeko asistentzia mediko espezializatua Osakidetzako medikuek ematea eta Osakidetzak eta Asuncion Klinikak sinatutako hitzarmenaren betetze mailaren jarraipena egitea. «Gauden gobernu erakunde guztietan, borroka egiten dugu hori egia bihur dadin».

Nabarmendu du TOPA koordinakundeko bozeramaileekin bildu zela duela gutxi eta eurekin biltzeko jarrera berretsi zuela baldintza bat jarriz: «Topak egingo dituen prentsaurrekoetan gure jarrera islatzea». «Haren bozeramaileak jakinarazi zidan gure adierazpen publiko guztiak ezagutzen zituela, eta, ildo horretan, berak eskubidea zuela haiek gure jarrerari buruz nahi zutena baloratzeko eta esateko. Kasu horretan, gure ustez, bilera hori ez zen beharrezkoa, gure jarrera argi eta garbi azalduta baitzegoen», azaldu du. Gehitu du bere ustez koordinakundeko bozeramaileek sozialisten jarrera manipulatu dutela, komunikabideetan argitaratutakoa ikusita. «Argi eta garbi diogu: PSE-EEk beti defendatu du Osakidetzak kudeatutako ospitale publiko baten beharra». 

Udal osoko bilkurei dagokienez, TOPAk ez duela egia esaten erantsi du eta esan du lau urte hauetan ez dela osoko bilkuretara azaldu «gai hori ez delako inoiz gai-zerrenda batean ere jaso». «Ez dut uste TOPAren jarduteko modu hori biderik onena denik alderdi politiko, sindikatu eta beste tokiko erakunde guztiek bultzatutako manifestazio bateratua deitzeko, aipatutako prentsaurrekoan adierazi zen bezala».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!