Tolosaldeko ospitale publikoa

Osasungintzaren egoera salatzeko aldarrikapen bateratua nahi du TOPA-k

Ataria 2023ko mai. 4a, 07:59

‘Tolosaldeko osasungintza larrialdian, irtenbidea orain’ lelopean manifestaziora deitu ditu «joera bateko zein besteko herritarrak eta eragileak» larunbatean, Tolosan.

TOPA-k Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak larunbat honetarako manifestaziorako deia egin du, eskualdeko osasungintzaren egoera salatzeko. Dagoeneko 20 eragile baino gehiagok egin dute bat deialdiarekin, eta gehiago batzea dute helburu. Izan ere, aldarrikapen bateratua izatea da plataformaren nahia, eta horregatik, alderdi politiko, udal, sindikatu eta gizarte mugimendu guztiak eta herritarrak orokorrean bertan egotera deitu dituzte; «mundu guztia atera dadila kalera, joera batekoa izan edo bestekoa, egoera tamalgarria jasaten ari garen herritarrak garen aldetik». Tolosaldeko osasungintza larrialdian, irtenbidea orain lelopean irtengo da manifestazioa Tolosako Trianguloa plazatik, larunbatean, 12:30ean.

Plataformako kideek esan dutenez, egoera egunetik egunera «okerrera» doa, eta ez dute gehiago luzatzerik nahi; «ez dugu beste aukera bat galdu nahi, ez dugu egoera hau behin betiko eta berehalako konponbide bat eman gabe utzi nahi».

Lehia politikotik at

TOPA-k adierazi du Tolosaldeko osasun arreta hobeto defendatuko litzatekeela lehia politikotik aterata. «Izan ere, joera guztietako jendeari eragiten dio, denoi eragiten digu, eta alderdi politiko guztiek norantza berean egiten badute arraun, errazagoa izango da gainerako eskualdeek bezalako arreta jasotzea gurean ere».  

Plataformatik esan dute EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE-ko ordezkariekin bildu direla osasungintzaren egoerari buruz hitz egiteko. EAJren kasuan «obskurantismoa eta informazio eta gardentasun eza» aurkitu dutela esan dute, «ez baitzaie ez herritarrei, ez gizarte mugimenduei inolako informaziorik ematen». Eskualdeko ospitale berriaren inguruan hainbat galdera luzatu dizkietela esan dute, hala nola, emango dituen zerbitzuez, Donostia ospitalean artatuak izateko aukeraz, Asuncion K­linikako langileen etorkizunaz eta Tolosaldearekin duten «250 milioi eurotik gorako zor historikoaz». Bada, galdera horien erantzunik ez dutela jaso eta EAJrekin izandako bileratik «benetako konpromisoekiko erabateko ezezkoa» lortu dutela esan du TOPA-k. «Behin hauteskundeak pasa eta gero haizeak eramango dituen promes hutsalak, aurreko udal hauteskundeetan gertatu bezala».

Aitzitik, plataformak positibotzat jo du EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako lana, «bai Legebiltzarrean, bai Lakuako bileretan, Tolosaldeak ospitale publiko bat behar duela azaleratzeko eta hura defendatzeko». Hori bai, Tolosaldeko herrietako alkateak eta zinegotziak afera horretan «gehiago inplikatu ez izana» bota dute faltan, eta larunbateko manifestazioarekin bat egin eta deialdia zabaltzeko eskatu diete. 

PSE-EE alderdiari dagokionez, hasieran TOPA-ko kideekin biltzeko asmoa azaldu bazuten ere, azkenean uko egin ziotela eurekin biltzeari esan dute. «Bileran hitz egindakoa prentsan agertzeko  bazen, ez zutela horrelakorik nahi esan ziguten». PSE-EE-n «kontraesana» ikusi dute plataformako kideek, «ikusita zer esaten duten hauteskunde programan eta zer bozkatzen duten gero osoko bilkuretan: ez omen dute onartuko guri bigarren mailako arretarik ematerik; klinikarekin sinatuta dagoen hitzarmena bete behar dela; askotan eskatu omen dute plan funtzionala… baina gai horiek defendatzeko aukera dutenean, nola udaletxeetan, hala Legebiltzarrean, publikoan esaten duten horren aurka bozkatzen dute». 

Amaitzeko, TOPA-ko kideek eskerrak eman dizkiete atxikimendua adierazi duten talde eta eragileei. Honako hau da orain arte ekimena babestu dutenen zerrenda:

  • Larramendi Auzo Elkartea
  • Amarotz Auzo Elkartea
  • Berazubi Auzo Elkartea
  • San Estebango Ttonttor Auzokide Kultur Elkartea
  • Oargi Mendi Elkartea
  • Aizkardi Mendizale Elkartea
  • Tolosako Asanblada Feminista
  • Tolosaldeko Pentsiodunen Mugimendua
  • Tolosako Adiskideok
  • Asuncion Klinikako langile batzordea
  • LAB sindikatua
  • ELA sindikatua
  • Tolosaldeko EH Bildu
  • Tolosako EH Bildu
  • Tolosaldeko Elkarrekin-Podemos
  • Circulo Podemos Andoain
  • Tolosaldeko Ernai
  • Tolosaldeko Sortu
  • Zutani Elkartea
  • Oneka Tolosa
  • Batumore Tolosaldeko Batukada Feminista
  • Ereite Elkartea
  • Jatorkin
  • Oreka Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!