Gure Zirkuak bihar emango dio hasiera orain arteko birarik ibiltarienari

Ataria 2023ko api. 27a, 15:59

Maule-Lextarren, Andoainen eta Lazkaon izango dira seigarren birako lehen emanaldiak; Zuberoara ez ezik, euskal zirku ibiltariak lehen aldiz iritsi nahi du aurten Bilbo Ezkerraldera edota Tafalla aldera. Lehen emanaldietarako sarrerak salgai daude jada, Gurezirkua.eus webgunean.

Gure Zirkuak Maule-Lextarren ekingo dio bihar seigarren birari. Abiapuntuak berak erakusten du ondoren nolakoa izan asmo duen aurten euskal zirku ibiltariak: «sekula baino ibiltariagoa».

Gure Zirkuak ipar, hego, luze, zabal zeharkatu nahi du Euskal Herria 2023an, eta horren adibide da, ohikoa izan duen Gipuzkoatik eta Bizkaitik atera, eta Zuberoan hasiko duela ekinaldia.

Maule-Lextarreko egonaldia amaituta, Gipuzkoan sartuko da taldea eta Andoainen eta Lazkaon egingo ditu emanaldiak maiatzean, ekainean Bizkaira iritsi aurretik.

Aurtengo ibilbidean ere Gure Zirkuak ez dio uko egingo sekula iritsi gabeko eskualdeetara iristeko helburuari, eta hala, besteak beste, Bilbo Ezkerraldera eta Nafarroan Tafalla aldera egin asmo du bisita. «Etorkizunak esango du noraino iritsiko den seigarren bira», adierazi dute.

Lehen emanaldietarako sarrerak salgai daude jada, Gurezirkua.eus webgunean.

Gure Zirkuak 2023an eskainiko dituen lehen emanaldiak:
  • Maule-Lextarre
    • Apirilaren 28an, ostiralean, 19:00etan
    • Apirilaren 29an, larunbatean, 16:00etan eta 18:30tan
    • Apirilaren 30ean, igandean, 11:00etan
  • Andoain
    • Maiatzaren 5ean, ostiralean, 19:00etan
    • Maiatzaren 6an, larunbatean, 16:30tan eta 19:00etan
    • Maiatzaren 7an, igandean, 12:00etan eta 18:00etan
    • Maiatzaren 12an, ostiralean, 19:00etan
    • Maiatzaren 13an, larunbatean, 16:30etan eta 19:00etan
  • Lazkao
    • Maiatzaren 19an, ostiralean, 19:00etan
    • Maiatzaren 20an, larunbatean, 16:30tan eta 19:00etan
    • Maiatzaren 21ean, igandean, 18:00etan
    • Maiatzaren 26an, ostiralean, 19:00etan
    • Maiatzaren 27an, larunbatean, 16:30tan eta 19:00etan
    • Maiatzaren 28an, igandean, 18:00etan
    • Ekainaren 2an, ostiralean, 19:00etan
    • Ekainaren 3an, larunbatean, 16:30tan eta 19:00etan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!