Gure Zirkuak Zuberoan ekingo dio seigarren birari

Ataria 2023ko martxoaren 13a

Maule-Lextarren izango dira lehen lau emanaldiak, apirilaren 28tik 30era bitarte, Xiberoko Ikastolen 50. urteurrenaren ospakizunen barruan. Saio horietarako sarrerak salgai daude jada Gurezirkua.eus webgunean.

Sohütako Eperra ikastolarekin eta Maule-Lextarreko Herriko Etxearekin elkarlanean, lehenbiziko aldia izango da euskal zirku ibiltaria Zuberoara iritsiko dena. 2022ko bira «zoragarria eta gogoangarria» izan zela adierazi dute zirkuko kideek, eta hiru hilabetez atseden hartuta, errepidera itzultzeko ordua iritsi zaiela esan dute. «5 urte joan dira jada lehen euskal zirku ibiltariak abentura eder hau hasi zuenetik, eta ordutik, dozenaka izan dira ezagututako herriak eta ehunka eskainitako emanaldiak. Eta 5 urteren ondoren, bide beretik jarraitzeko asmoa dugu; zirkuaren grina lau haizeetara zabalduz, eta bere karpa Euskal Herriko ahalik eta txokorik gehienetara eramanez», gaineratu dute.

Maule-Lextarreko Gorre zelaian izango dira lau emanaldiak:

  • Apirilaren 28an, ostiralean, 19:00etan.
  • Apirilaren 29an, larunbatean, 16:00etan eta 18:30etan.
  • Apirilaren 30ean, igandean, 11:00etan.

Sarrerak jada salgai daude Gurezirkua.eus webgunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!