Eñaut Urkaregi garaile, 51. Usurbe Proban

Ataria 2023ko apirilaren 25a

Beasainen jokatutako kadete mailako Mikel Etxeberriaren Oroimenezkoa lasterketa irabazi zuen Danena Kirol Elkarteko txirrindulari larrauldarrak, larunbatean.

Larunbatean, kadete mailako Usurbe Probaren 51. edizioa (Mikel Etxeberriaren Oroimenezkoa lasterketa) jokatu zen Beasainen. Berez, martxoaren 4an zen jokatzekoa, baina txirrindularitza probetan moto-lotura lana egiten duten motozaleek planto egin ondoren, bertan behera geratu zen.

39,7 kilometroko proban, Danena Kirol Elkarteko Eñaut Urkaregi txirrindulari larrauldarra izan zen azkarrena (59.12); esprint borrokatu batean erabaki zen garailea. Burunda Txirrindulari Elkarteko Ekain Imaz helmugaratu zen bigarren postuan (Urkaregiren denbora berean), eta Danena Kirol Elkarteko Oier Arana izan zen hirugarren (59.17).

Urkaregi «oso pozik» zegoen lasterketa irabazi berritan. «Hemendik (Goierritik) ibiltzen gara beti entrenatzen, eta beraz, oso ondo ezagutzen genuen ibilbidea zen. Lasterketaren lehen zatian, Alegiako joan-etorrian txirrindulari eta talde bakoitzak bere estrategiak zituen, baina gero, Olaberrira igotzerakoan nahikoa komeri izan ditugu Ekainen (Imaz) erritmoari eusteko. Hala ere, azkenean esprintean irabaztea lortu dut», azaldu zuen Urkaregik. «Argi zegoen Olaberriko igoerak markatuko zuela lasterketa. Guztiok geunden igoera horren esperoan, eta guri behintzat, ondo atera zaigu», gaineratu zuen txirrindulariak.

 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!