Erreportajea

Bat gehiago etxean

Irati Saizar Artola 2023ko api. 21a, 11:59

Oporrak Bakean programak hirurehun familia behar ditu udan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan haur sahararrak hartzeko; iaz bezala, Aitziber Malkorra Elordi eta bere familiarekin egongo da Ali Buia, Tolosan.

Basamortuko berotik ihes egin, eta aurten ere uztaila eta abuztua Euskal Herrian pasatzeko ametsa dute hirurehun haur sahararrek. Familia bat izango dute zain Euskal Herrian, etxe bat, inoiz izan gabeko ohe bat, otorduro janaria platerean, aisialdirako hainbat aukera,…

Hori horrela izateko, harrera familiak behar dituzte, ordea; hala esan du Eli Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko koordinatzaileak eta eskualdean Oporrak Bakean programa kudeatzen ari denak. «Familia mota guztiak dira ongi etorriak; izan daiteke pertsona bakarra, bikote bat, bikote bat seme-alabekin… Edonork har dezake parte». Familia faltan daude aurten bereziki.

Baldintza modura, harrera familiako helduek 25 eta 65 urte bitartean izatea eskatu dute, eta osasun eta ekonomia aldetik bi hilabetez 8-9 urteko neska-mutil bat zaintzeko gaitasuna izatea. «Etxean ume bat gehiago izateari erantzun ahal izatea eskatzen diegu familiei: beste plater bat jarri behar da mahaian, janzteko arropa eman behar zaio, eta aisialdiaz harekin batera gozatu behar da».

Eizagirrek dio udan haur saharar bat etxean izateak «begiak irekitzeko aukera» ematen duela: «Beste errealitate bat ezagutzen da, eta zer esanik ez harrera familiek haurrak badituzte etxean; askotan, beharra eta nahia ez ditugu bereizten, eta, haur horiek etortzean, gutxiagorekin ederki bizi daitekeela ikusten dugu».

Errepikatzeko gogoz

Iazko udan, Ali Buia haur sahararra hartu zuten Tolosako etxean Aitziber Malkorra Elordik eta haren familiak. Aurten, berriro animatu dira programan parte hartzera, eta bueltan izango dute Ali Buia. «Gogotsu gaude berriro elkartzeko; zoratzen dago gure 11 urteko semea, Manex, eta baita haren lagunak ere».

Iazkoa ez zen Malkorraren lehen esperientzia izan Oporrak Bakean programan. Sei udatan jarraian beste mutiko bat ekarri zuen Euskal Herrira. «Duela hogeitaka urte, Mohamed Ali 6 urterekin etorri zen lehen aldiz gure etxera; basamortutik atera zen lehen aldia zuen». Duela hiru urte Ali kanpamentuetatik Euskal Herrira itzuli zela kontatu du, eta, lehen hilabeteetan etxean hartu bazuten ere, «bere bidea jorratzen» jarraitu zuen gero. «Egun, 29 urte ditu Alik, eta Mallorcan bizi da. Han egiten du lan; sukaldari laguntzailea da». Urteak pasatuta ere harremanari eutsi diotela dio.

Urte batzuk igarota, iaz berriro animatu ziren programan parte hartzera. «Argi geneukan haur saharar bat berriz ekartzeko gure semea baino gazteagoa izatea nahi genuela, etxekoak bidea marka zezan; etxean ere ideia ona iruditu zitzaien denei».

Iaz, ordea, arazo burokratikoak tarteko, haur sahararrak ezin izan ziren ekain amaierarako Euskal Herrira etorri, eta uztail amaieran iritsi ziren. «Denbora gutxi izan zen, eta horrek eragotzi egin zuen hizkuntza gehiago lantzea». Izan ere, etxean haurrari euskaraz egiteko hautua egin zuten. «Etxeko hizkuntza hori delako eta Manexek bere lagunekin ere hala egiten duelako». Ikasten hasterako, Ali Buiari joateko garaia heldu zitzaion, Malkorrak kontatu duenez. Horrek «mugatu» egin die urtean zehar elkarrekin hitz egiteko aukera, baina amaren lehengusu baten bidez komunikatu ahal izan dira. Aurten, aurrez elkar ezagututa, esperientzia «lasaiagoa» bizitzea espero dute. «Lehen urtean ardura handiagoa izaten da; tentuz ibili behar izaten da».

Babesleku bat

Familia bakoitzak harremanetarako «bere moduak» izaten dituela dio Malkorrak, baina euren etxean «konfiantza ematean» jartzen dutela azpimarra. «Familiak konfiantza, lasaitasuna eta patxada eman behar dizkio umeari. Haur horrek lehen aldiz ikusiko ditu, esaterako, iturriak, igogailuak, eskailerak eta beste mila gauza». Kontatu du Ali Buiak, iritsi berritan, eskutik tira egin eta berarekin lo egin zezan eskatu ziola. «Uda osoa pasatu nuen bere ondoko ohean lo egiten; bera lasaiago zegoen horrela, eta gainerakoak ere bai».

Malkorrak familiak animatu nahiko lituzke haur sahararrak hartzera. «Gogoa eta ilusioa izanez gero, aurrera», esan du. «Haur bati lagunduko diogu hala; basamortuko egunerokotik atera, mediku azterketak egin eta bizitza markatuko dion esperientzia batean bidelagun izango gara». Familia gisa «esperientzia berri eta aberasgarria» dela aitortu du. «Jasotzen dena izugarria da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!