«Ahal dugunean elkartzen jarraitzea da gure asmoa»

Iñigo Terradillos 2020ko api. 25a, 05:58

Aitziber Malkorra tolosarrak duela 18 urte hartu zuen parte Oporrak Bakean programan. Mohamed Ali sahararra etorri zen bere etxera sei urtez, uda bertan igarotzera. 18 urte geroago Tolosan elkartu dira biak. «Hunkigarria» izan dela hainbeste denbora eta gero elkar ikustea azaldu dute, eta ATARIA-rekin partekatu dituzte elkarrekin gaur egun eta lehen bizitakoak.

Nolatan hartu zenuen parte Oporrak Bakean programan?

Aitziber Malkorra: Programaren berri izan nuen eta jakin-mina piztu zitzaidan. Beti Tolosan erroldatuta egon naiz, baina, orduan Arriben (Nafarroan) bizi nintzen. Gizarte zerbitzuekin jarri nintzen harremanetan informatzeko, eta kontatu zidaten nola bi hilabeterako zen, mediku azterketak egiten zituzten, irteerak haur sahararren artean... eta harrera familiak mantenuaz arduratzen zirela esan zidaten. Eta, azkenean animatu egin nintzen.

Zenbat urte zenituen?

A. M.: 30 urte nituen eta bakarrik bizi nintzen. Ni arduratu nintzen batez ere, baina, ama, anaia eta ingurukoek ere lagundu zidaten.

Gogoratzen duzu Euskal Herrira uda igarotzera joan behar zinela esan zizutenean?

Mohamed Ali: Bai. Sei urte nituen. Zerrendan zure izena agertzen da, eta horrela jakiten duzu programan sartu zarela, eta nora egokitu zaizun.

Nola oroitzen duzue lehen urtea?

M. A.: Kanpalekuetatik irten nintzen lehen aldia zen, lehen aldiz gurasoengandik oso urrun egongo nintzen, eta beldurrez nengoen, urduri.

A.M.: Hain zegoen beldurtuta, non uda horretan 80 zentimetroko ohean elkarrekin lo egiten ikasi genuela. Komunera joaten banintzen ere, bera atzetik etortzen zen. Gogoratzen dut gazteleraz ura eta bai, hitzak soilik esaten zekiela.

Nola izan zen lehen aldiz elkartu zineteneko unea?

A. M.: Ederki gogoratzen dut une hori. Tolosako haur parkean izan zen. Autobusa iritsi zen, eta Ana Trapero koordinatzailea gerturatu zitzaidan esanez Mohamed egokitu zitzaidala. Nik ordura arte ez nekien zein ume zetorren etxera. Eskutik heldu zidan, kotxera joan, eta Arriberantz abiatu ginen. Bidean begiak ikusten nizkion. Begi beltz-beltzak erabat irekita zituen, eta alde guztietara begiratzen zuen, txundituta. Tunelak igarotzean erabat harrituta geratzen zen.

M. A.: Ez naiz gehiegi oroitzen, baina, bai beldur nintzela eta oso urduri nengoela esango nuke.

A. M.: Hortik aurrera, egun osoan, eta uda osoan, nigandik urrundu gabe egon zen. Horrela sentitzen zen ondo, lasai. Pentsa egun batean, gauez, lagunekin parrandan irten nintzen, bera, anaia eta amarekin, etxean lotan utzi ostean. Segituan anaiak deitu zidan negar eta negar ari zela esanez. Etxera itzuli, ohean sartu ginen, eta lasaitu egin zen. Lehen astetik konturatu nintzen bere erreferentea nintzela eta behar ninduela, beraz, dedikazio osoa eskaini nion. Eta horrela izan ziren gainerako bost udarak ere.

Hunkigarria izango da, ezta?

A. M.: Bai, oso hunkigarria. Aldi berean, oso esperientzia ederra da. Nik ez nuen espero hain sakona izango zenik.

Erraz moldatu zineten egoera berrira?

A. M.: Bai. Gainera, nik udan izaten nituen oporrak, beraz, denbora guztia nuen berarentzat. Gauza pila bat egiten genituen elkarrekin, eta horrekin batera, sahararren artean irteerak ere antolatzen zituzten astero. Hori oso ondo etortzen zen, bai berarentzat, lagunekin elkartzeko, eta baita niretzat ere, arnas pixka bat hartzeko.

M. A.: Nahiko ondo. Lehen bi asteak izan ziren batez ere gogorrak, baina, ordutik aurrera lasaiago egon nintzen. Hori bai, une oro Aitziberrekin.

Lehen urteko despedida nolakoa izan zen?

A. M.: Oso gogorra. Anaia eta biok joan ginen, eta malkoei ezin eutsi egon ginen. Erlazio oso handia, sakona egin genuen, eta sekulako maitasuna genion elkarri.

M. A.: Tristea izan zen. Etxetik ateratzean Aitziberren ama negarrez agurtu nuen, eta ondoren, Tolosako zezen plazan jende guztia negarrez ari zen. Tristea izan zen.

Nola egokitzen dira berriro ere errefuxiatuen kanpalekuetara bueltatzeko ideiara?

A. M.: Naturaltasunez egiten dute. Kanpalekuetara bisitan joan naizenetan ulertu dut hori. Familia oso errotuta dago han. Transmititzen diren baloreek ez dute zerikusirik hemengoekin. Gurean materialari garrantzi handiagoa ematen diogu. Beraiek, beraz, badakite hona etortzen direnean gauzak dauzkatela, eta ahal dutena kanpalekuetara eman behar dutela familiarentzat. Gainera, lehen sei edo bost urtez etortzeko aukera zuten, beraz, urte gehiago irauten zuen hona bueltatzeko desira horrek.

Algeriako basamortuan dauden saharar errefuxiatuen kanpalekuetan izana zara beraz.

A. M.: Bai. Lehendabiziko udara eta gero, abenduan anaia eta biok joan ginen. Gauza asko ulertu nituen orduan. Han duten bizimodua ezagutzea garrantzitsua iruditzen zait, horrela askoz hobeto ulertzen baituzu umeen jarrera. Niri asko lagundu zidan.

Esperientzia guzti horretatik zein oroitzapen gordetzen duzu une berezienen txokoan?

A. M.: Hainbeste dira. Lehendabizikoz etorri zenekoa agian izan daiteke horietako bat. Begirada hura ez dut inoiz ahaztuko. Bere urtebetetzeak baita ere. Izan ere, udan ospatzen genituen, eta oso polita izaten zen. Nire familiarekin herrian igarotzen genituen egunak, baita ere. Herrian oso maitatua zen. Gogoan dut, baita ere, urte batean oporretan joan ginela Lizarrako kanpinera. Berak ez zuen joan nahi, ez baitzuen ulertzen kanpin dendarekin joateko ideia hori. Saharako haimekin parekatzen zuen. Oroitzen dut, baita ere, Donostiara joan gineneko unea; itsasoa ikusten zuen lehen aldia zen, oso hunkigarria izan zen.

M. A.: Niri Arriben egotea asko gustatzen zitzaidan, eta bertan egon nahi izaten nuen, handik atera gabe. Pentsa, sahararren festetara ere ez nuen joan nahi izaten. Lehen urtean, uda igaro ostean kanpalekuetara itzuli, eta abenduan Aitziber gurera etorri zeneko unea oso polita izan zen.

Une dibertigarriak ere kontaezinak izango dira, ezta?

A. M. Barre ugari egin dugu urte hauetan guztietan.

M. A. Bai. Asko.

A. M. Umoretsua da oso Mohamed. Oso mutiko alaia da. Asko gustatzen zitzaion une oro gauza dibertigarriak egitea. Oso ume bizia zen, eta oso ondo pasatzen genuen.

Orokorrean, beraz, zer eman dizue esperientzia honek?

A. M. Pertsonalki, aberastasun handia. Hango errealitatea, bizimodu desberdin bat, ezagutzea handia izan da. Mohamed hona zurera etorrita laguntzen ari zarela pentsatzea ere gauza handia da. Beraiek ere asko ematen dute. Bestelako kultura, pentsaera eta ohitura duen jendearekin harremanak sakontzea nik uste dut garrantzitsua izan dela berarentzat. Bestalde, hara joan naizenetan etxean bezala sentitu naizela ere azpimarratuko nuke. Bere familiarekin gertuko harreman izan dugu, oso goxoa. Azkenekoz etorri zenetik hamabi urte igaro dira, eta telefonoz mantendu dugu harreman hori.

M. A. Nik gauza asko ikasi ditut. Esaterako, nire egunerokorako oso baliagarri diren hizkuntzak ikasteko balio izan dit, gaur egun gaztelania eta euskara pixka bat hitz egin dezakedalako. Igeri egiten ere badakit. Euskal Herriko familiak gauza asko eman dizkit. Nik programa honetan parte hartu dudanetik bi familia ditudala sentitzen dut.

Lehen sei eta bost urte igarotzen bazituzten, orain harrera familiek hiru urte igarotzen dituzte haur sahararrekin.

A. M. Geroz eta familiago gutxiagok ematen du izena Oporrak Bakean programan, eta ahalik eta haur gehienek aukera izan dezaten murriztu egin dute gurean igarotzen duten urteen kopurua. Pena ematen du, urte gehiago igarota harremana gehiago sakontzen baita. 

Zure kasuan, Mohamedek zuenean sei urte igaro eta gero zer egin zenuen?

A.M. Mohamedek azken uda igaro zuenean ez nuen jarraitu programarekin. Hori bai, elkartean jarraitu nuen ekimen desberdinetan laguntzen. Aurrerago ama izan nintzen, eta buruan beti dugun kontua da berriro ere haur saharar bat hartzea, gure Manexekin uda partekatzeko.

Gaztetxoentzat esperientzia polita izango da.

A. M. Guretzat garrantzitsua den bezala, haurrentzat ere oso ona da beste kultura eta bizimoduak ezagutzea. Esan beharra daukat gure haurrak Sahara beti izan duela oso presente, bai erakutsi dizkiogun argazkien bitartez edo kontatu diogunarengatik. Gainera, Mohamed eta bere familiarekin telefonoz hitz egitean bera ere aritzen da beraiekin solasean. Beraz, asko gustatuko litzaidake berak ere guk izan dugun esperientzia hori izatea. Dena den, iruditzen zait haur bat berriro ere harreran hartu aurretik, kanpalekuetara joango garela, familia ezagutzera, eta Manex ere ezagutu dezaten beraiek. Eta, nire kasuan bezala, jende guztia animatuko nuke esperientzia polit honetan parte hartzera.

Programa bukatu ostean, nolakoa izan da zure bizimodua?

M. A. Hamabi urte nituen azkenekoz uda igarotzera etorri nintzenean, eta orain 25 ditut. Bitarte horretan, ikasketak burutu ditut eta militar egin naiz, eta horretan ari naiz lanean. Orain, Euskal Herrira etorri naiz, eta Tolosan nago. Baina, nire paperak egitera etorri naiz, eta horiek bukatzean, eta egungo egoera baretzean itzuliko naiz kanpalekuetara.

Orain, hainbeste urte eta gero, berriro ere hemen elkar ikustean zer sentitu duzue?

A. M. Oso polita izan da, oso hunkigarria. Ni oso urduri nengoen. Gauza askotaz hitz egin dugu, beste maila batean. Konfiantza eta konplizitate handia dago gure artean. Gauza askotan ez dugu bat egiten, emakumearen eta harremanen inguruan, esaterako. Berak beste pentsatzeko modu bat dudala ulertzen du, eta balio izan dio bere pentsaera irekiagoa izaten. Igaro ditugun une hauekin umetan uda igarotzera etorri zeneko lehen urte hartako lehen egunak etorri zaizkit burura, denbora asko eman baitugu elkarrekin.

M. A. Urte asko eta gero berriro elkar ikustea handia izan da. Ni ere, bera bezala oso urduri nengoen. Hemen orain igaro ditudan lehen asteak kokatu ezinik egon naiz, baina, oso polita izan da.

A. M. Hemen udarak igaro zitueneko argazkiak ikusten ere egon gara, garai haiek gogoratuz.

Tarteka hona, bisitan etortzea da zure asmoa.

M.A. Bai, hori beti. Ahal dudanetan etorriko naiz bera bisitatzera.

A. M. Nik ere hala nahiko nuke.

Erlazionatuak

20 urte eta gero etenaldia

Tolosaldeko Ataria 2020 api 25 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!