Bigarrenez, Heldu da kontua narrazio lehiaketa antolatu dute

Ataria 2023ko api. 20a, 19:59

I. Heldu da kontua lehiaketako saridunak

Udazkenean egin zuten lehen edizioa eta jada zabaldu dute bigarrenean izena emateko epea; kontalariek ekainaren 9a baino lehen bidali beharko dituzte proposamenak. Saridunek, helduentzako Euskal Kontakizun Zirkuituan parte-hartzeko aukera izango dute.

Intujai konpainiak antolatuta, euskaraz eta helduentzako sortutako narrazio ikuskizun berrientzako lehiaketa da Heldu da kontua. Udazkenean egin zuten lehen edizioa, eta bigarrenerako zabaldu dute izen-emate epea; ekainaren 9an amaituko da. Parte-hartzaile bakoitzak mezu bat bidali beharko du intujai@gmail.com helbide elektronikora, «Heldu da kontua '23» izenburuarekin. Izen-ematea osatzeko datu hauek eman beharko dira: izen-abizenak, posta elektronikoa, telefonoa, curriculuma eta ikuskizunaren dossier-a. Ikuskizunak gutxienez 45 minutu eta gehienez 75 iraungo du eta euskaraz izan beharko da, eta gainera, estreinatu gabe edo bost emanaldi baino gutxiago egindakoa izan beharko da. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez ikuskizun bat aurkeztu ahal izango du.

Bi euskal kontalarik jasoko dute saria; euskal kontalari adituez osatutako epaimahai batek, proposamenak aztertu eta sarituak aukeratuko ditu. Uztailaren 16a baino lehen hartu beharko du erabakia epaimahaiak. Saridunek, helduentzako Euskal Kontakizun Zirkuituan parte-hartzeko aukera izango dute. Zirkuitu horretan, kontalari bakoitzak hiru emanaldi egingo ditu gutxienez, eta hauek ordainduak izango dira; kontalariek emanaldien datak errespetatzeko konpromisoa hartu beharko dute. «Egitasmoari gehituko zaizkion areto kopuruaren arabera, emanaldi kopurua ere aldatuz joango da. Proiektuan parte hartu nahi duten udaletako eta kultur eragile desberdinen aretoak sartuko dira Euskal Kontakizun Zirkuituan», azaldu dute. Bigarren edizio honen programazio datak udazkenean argitaratuko dituzte.

Helduentzako narrazio programazio egonkor bat sortzeko asmotik eta euskarazko narrazio sorkuntza berriak bultzatzeko konpromisotik sortu zen lehiaketa. «Euskaraz eta helduentzako narrazio sorkuntza berriak taularatzeko zailtasunei erantzuna ematea da helburua; sorkuntza berri hauek taularatzeko espazio berriak sortzea, programazioa handitzea eta kontalari euskaldunen lanak ezagutaraziko dituen zirkuitu bat sortzea», azaldu dute antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!