Helduentzako ipuin kontalarien zirkuitua osatu nahi dute

Jon Miranda Labaien 2023ko urt. 10a, 07:59

Intujai konpainiak ‘Heldu da kontua’ sorkuntza saria sortu du, helduei euskaraz zuzendutako kontalaritza zirkuitua sustatzeko; bi saio saritu dituzte lehen edizioan

Premia bati erantzuten dio Heldu da kontua sorkuntza bekak. Iazko Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdian  helduentzat aritzen ziren euskal kontalarientzako zirkuitu baten beharra azpimarratu zuten bertan bildutakoek. Intujai konpainiak heldu dio erronkari eta zirkuitua sortu du, zenbait herritako udal arduradunekin hitz eginda. Heldu da kontua sorkuntza bekaren lehen ediziorako zazpi udalerriekin hitzartu dituzte beste hainbeste emanaldi eta bi emanaldi hautatu dituzte zirkuiturako.

Oñati, Arrasate, Barrundia, Iruraitz-Gauna, Berrobi, Amarotz eta Zizurkilek osatzen dute aurtengo zirkuitua. Azkeneko emanaldia, ostiralean, urtarrilaren 13an eskainiko dute Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean 19:00etatik aurrera. Maider Alcelayren Emeen kemen saioa eskainiko dute bertan.

Alcelayren ikuskizuna da aurten bekak saritu duen emanaldietako bat, eta bestea, berriz, Mireia Delgado durangarraren Hariak, jostorratzak eta zauriak saioa da, aurreko urtarrilaren 3an eskaini zutena Amarozko auzo etxean. Intujai konpainiako May Gorostiagak azaldu duenez, lehen edizio honetan proiekzio handiko lan hauek aukeratu dituzte zirkuiturako: «Hasierako asmoa gaia patxadaz landu eta aurten zerbait martxan jartzea zen. Baina, harremanetan jarri ginenean ikusi genuen zenbait udalerrik interesa agertu zutela eta guztia bizkortu zitzaigun. Epeak gainera etorri zaizkigu eta erronkari ekitea erabaki dugu». Honenbestez, lehiaketarik deitu gabe, Itziar Rekalde, Joxemari Karrere, Iñaki Carretero, Dorleta Kortazar eta Gorostiaga berak osatutako epaimahaiak Alcelayren eta Delgadoren lanak aukeratu dituzte aurtengo zirkuiturako. «Ez dago sari ekonomikorik, artistei herri horietan emanaldia eskaintzeko aukera eman nahi izan diegu».

Bigarren ediziorako epeak zehazteko dauzkaten arren, Intujaiko arduradunek lehiaketa deitzeko asmoa dute. «Udaberrian egingo dugu deialdia eta udara arte helduentzako euskarazko kontalaritza proposamenak aurkezteko aukera izango da. Behin lanak aukeratuta, urte amaieran eskainiko dira emanaldiak herriz herri». Gorostiagak espero du udalerri gehiago animatzea bigarren ediziorako eta zirkuitua oraindik ere gehiago zabaldu ahal izatea.

Plaza berriak sustatzen

Aurtengo esperientzia «oso polita» izan dela aipatu dute Intujai konpainiako kideek eta indar horrek bultzatuta antolatuko dute bigarrengo edizioa. «Uste dugu proiektu politak badaudela helduen kontalaritzan. Gertatzen dena da saio gutxi antolatzen direla eta antolatutako gehienak gaztelaniaz izaten direla. Guretzat arriskutsua da helduentzako kontalaritza saio bat muntatzea, gero ez dagoelako non eskaini. Ez da erreza produktu hori saltzea. Horrelako saioren bat sortzen badugu gehienetan enkarguz izaten da, eta pena da, geroz eta kontalari gehiago dagoelako euskaraz aritzen dena. Haientzako aukerak sustatu  nahi ditugu», esan du Gorostiagak.

Heldu da kontua helduentzako kontalaritza sorkuntza sariak eman ditu lehenengo fruituak eta azken saioaz gozatzeko aukera izango da ostiralean Zizurkilen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!