Elkarrizketa

«Eskualdeko biztanleriak gora egin badu, immigrazioari esker izan da»

Irati Saizar Artola 2023ko api. 12a, 07:59

Tolosaldea Garatzen Tolosaldeko garapen agentziako Aniztasun sailetik eskualdera iristen diren jatorri atzerritarreko pertsonei arreta integrala eskaintzen saiatzen dira.

Tolosaldea Garatzen agentziako migrazio teknikaria da Amaia Iturri (Ormaiztegi, 1985). Tolosaldean bizi proiektu bat eraiki nahi duten jatorri atzerritarreko biztanleei laguntza eskaintzeaz arduratzen da gehienbat. 

Urtez urte, geroz eta migratzaile gehiago dator Tolosaldera. 

Ikuspegik ere egin berri du azterketa eta jatorri atzerritarreko populazioaren presentzia nabarmen handitu da. 1998an jatorri atzerritarreko 242 biztanle baino ez zeuden Tolosaldean, biztanleriaren %0,5. Eta orain %10,2 dira. Eskualdeko biztanleriak gora egin badu, immigrazioari esker izan da. 

Jatorriak, generoa kontuan izanda ezberdinak dira. 

Dezenteko aldakortasuna izan du azken bi hamarkadetan. 1998 eta 2022 urteen artean emakumezkoak gehiengoa dira, baina migrazio fluxuen hazkundearekin batera gizonezkoak gailentzen dira, esaterako 2016an, %54,9 izanik. Izan daiteke, eraikuntza bezalako lan sektore maskulinizatuek hartutako indarragatik. Baina, 2018tik aurrera emakumezkoak %51 izatera iritsi dira, zaintza sektoreak izandako hazkundea nabarmendu daiteke hor. 

Marokoarrak gizonak dira gehienbat, baina Hego Amerikatik datozen gehienak emakumeak dira. 
Jatorri atzerritarreko biztanlerian aniztasun handia dago, eta aniztasun hori jatorriak zehazten du, hein batean. Kopuruei begira Maroko, Nikaragua, Honduras, Portugal eta Errumania dira, hurrenez hurren, 2021ean etorritakoen jatorriak. Jatorri atzerritarreko biztanleriaren ia erdia osatzen dute latinoamerikarrek, %43,6 dira. Eta hurrengo eremu geografikorik handiena Magreb da, %20,4 osatzen dute.   

Eta Tolosa eta Villabona dira etorkin gehien jasotzen dituzten herriak.

Datu absolutuei begiratuz hala da. Tolosak jatorri atzerritarreko 2.025 biztanle ditu, biztanleen %10,2, eta Villabonaren kasuan jatorri atzerritarreko 722 biztanle ditu, biztanleria osoaren %12,3.  Eskualdean, aldiz, 2021eko datuei begira, Ikaztegieta da jatorri atzerritarreko portzentaje altuena duena; 485 biztanle ditu eta 73 dira jatorri atzerritarrekoak, hau da, %15,1.  Gainerakoan, %10-15 artean jatorri atzerritarra dutenen artean aurkitzen dira Leaburu-Txarama, Alegia, Lizartza, Irura, Villabona, Ibarra, Zizurkil eta Baliarrain. 

Behin Tolosaldera iritsita, zein bide egin behar izaten dute migratzaileek?

Bizi proiektu bat egin ahal izateko, oinarrizko eskubideak bermatuta izatea ezinbestekoa da, besteak beste, etxebizitza, egoera administratiboa, lana, hizkuntza, hezkuntza, sarea, bizikidetza... Horretarako, lehen pausoak dira errolda eta Lanbiden alta ematea. Etorri berri direnei arreta integrala eman behar zaie, eta egoera administratiboa zein den jakitea beharrezkoa da horretarako. Izan ere, atzerritartasun legeak dio, estatu espainiarrera iristen denak, bisarekin edo gabe, epea gaindituz gero, erregularizatzeko bete beharreko gutxieneko errolda bi urtekoa izango dela formakuntzarako errotze eskaera egiteko, eta hiru urtekoa errotze sozialaren eskaera egiteko. Pentsa legeak berak dakarren bazterketa nolakoa den. 

Tolosa 2023an sartu da Atzerritarren Arloko Laguntza Juridikoaren Euskal Sarean. Tolosako kasuan, SOS Arrazakeriak kudeatzen du, Eusko Jaurlaritzak ireki berri duen Aholku Sare bulegoa. Bere helburua pertsona migratzaileek beraien egoera erregularizatzea da. Asteazkenetan eskaintzen da zerbitzua, eta hitzordua aurrez hartu behar da, 943 245 627 zenbakian. 

Horrez gain, formakuntza eta lan esparrurako aukera berdintasuna izan dezaten, ikasketen homologazioaren inguruan informazioa eskaini eta prozesua martxan jartzen ahalegintzen gara, eta baita euskara eta gaztelaniako ikastaroen inguruko eskaintzaz informatzen ere. 

Eta zeintzuk dira migratzeko arrazoi nagusiak?

Arrazoi ekonomikoez gain, jazarpen politiko edo sexistatik ihesi migratzen du jendeak beste lurraldeetara. Gainera, migrazio prozesuetan, ez da zuzenean hegoaldeko herrialdeetatik mendebaldekoetara izaten, normalean, migrazio prozesuak lurraldean bertan ematen dira lehenik edota gertuko herrialdeetan. Migratzeko arrazoien inguruko lanketa egiterakoan, sentsibilizazioa eta aurreiritziak deseraikitzeko lanketan jarduten dugu. 

Zein dira erronkak migrazioari dagokionean? 

Politika publikoak eta gizartearen inplikazioa batetik, maila teknikoan inplikazio instituzionala bestetik, eta gizarte zibilaren parte hartzea azkenik. Erronka moduan, eskualde mailan, harrera protokoloa diseinatu nahi dugu, eta prozesua esku hartze komunitariotik bideratu. Horrela, eskualdeko 28 udalerrietan lehen harrera, eta prozesu moduan ulertutako harrera, esparru ezberdinetatik lantzea bermatu nahi da, hau da, harrera eta ongietorria eskualde ikuspegi komunitariotik lantzea. Horrez gain, 2023 eta 2024an, eskualdeko baliabideen gida eguneratzea aurreikusi dugu. 

Hainbat proiektu eta ekimen martxan jarri dira azken boladan: Tolosaldea Lab enplegagarritasun mahaia esaterako, Zutani, jatorkin, Inmakulada ikastetxea, Fundacion Emplea eta Tolosaldea Garatzeneko Enplegu eta Aniztasun sailarekin elkarlanean, edota Josi eta Josi Tolosaldean proiektua baita ere, joskintzako ziurtagiri profesionala eskainiz. Azken hau martxan da 16 parte hartzailerekin eta urrirako bigarren talde bat osatu nahi da. 

Horrekin batera, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea ere jatorri ezberdinetako emakumeentzako gunea izango da, bizikidetzarako oso garrantzitsua. 

Eta zein da zure egitekoa migrazio teknikari gisa?

Tolosaldeko Bizikidetza eta Aniztasun Plana 2017-2020 luzapenari lotuta, bertan txertatzen diren lan ildo estrategikoak aurrera eramatean datza. Hori horrela, Tolosaldeko jatorri atzerritarreko pertsonen egoerari buruzko azterketa diagnostikoa egin dugu 2022an, eta helburua da pertsona horien errealitatea aztertzea, Tolosaldeko gizartean eta gizartearekiko immigrazio eta integrazio prozesuen gakoak ezagutzeko, eta haien behar espezifikoak hautemateko. Hortik hasita egiten dugu lan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!