«Abaltzisketako igoera hastearekin batera hankek 'kito' esan dute»

Ataria 2023ko apirilaren 5a

Unai Iribar Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulari ibartarra 88. postuan heldu da Hika upategira, Jonas Vingegaard irabazlearengandik 12 minutu eta 54 segundora. Gaur, ordea, helmugara heltzea zen garrantzitsuena.

«Espero zen bezala, oso gogorra». Horrela deskribatu du Unai Iribarrek gaurko lasterketa. «Etapako lehen ordua oso azkarra izan da, hegan egin dugu. Ihesaldia maila handikoa izan da, eta atzetik oso azkar joan gara uneoro. Villabonatik igaro ondoren, kanporaketako proba bat izan da».

Iribarren hitzetan «pena handia» izan da ihesaldian sartu ezin izana. «Oso zaila izan da bertan egotea. Gero, lehenengo igoeran oso ondo sentitu naiz, baina hurrengoan eten txiki bat egon da eta hanka lurrera bota behar izan dut. Tropela asko luzatu da, eta atzean geratu naiz, moztuta. Amezketa heldu aurretik tropelera batu naiz, baina Abaltzisketako igoera hastearekin batera hankek «kito» esan dute, eta beste taldetxo batean joan naiz, helmugara arte. Azken aldapan ez dut esfortzu gehigarririk egin nahi izan».

Iribar nabaritzen ari da Euskal Herriko Itzulia World Tour mailako lasterketa dela. «Horrelako ibilbideekin, nahi edo ez, oso azkar joaten zara, tentsio handian. Kokapena oso garrantzitsua izaten da, eta inertziak berak egiten du lasterketa azkarra izatea».

Giro ederra izan da eskualdeko errepideetan, eta hori eskertu du Iribarrek. «Ederra izan da etxean aritzea, eta ezin naiz kexatu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!