Distopiak Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Txapelketan parte hartuko du

Ataria 2023ko api. 9a, 12:00

Eskualdeko musikari gazteek osatutako taldea Azpeitian ariko da, maiatzaren 27an; emanaldia 19:00etan hasiko da, plazan. Distopiarekin batera, beste sei elektrotxarangek parte hartuko dute lehiaketaren bigarren edizioan.

Iazko maiatzean egin zuten lehen aldiz Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketa Azpeitian. Iazko arrakasta ikusirik, Azpeitiko Udalak eta AZTE Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak aurten berriro egitea adostu dute. Maiatzeko larunbatetan gauzatuko da txapelketa; larunbatero bi taldek girotuko dituzte kaleak beren musikaren bidez. Lehen taldea 19:00etan abiatuko da plazatik, eta Etxe Zurin amaituko du; bigarren taldea, berriz, 20:30ean abiatuko da Etxe Zuritik, plazan amaitzeko.

Lehiaketako irabazleak 6.000 euroko saria eskuratuko du. Horrez gain, Azpeitiko San Inazio jaietan emanaldi bat eskaini beharko du, doan. Emanaldiaren eguna eta ordua saninazioetako egitarauaren arabera Azpeitiko Udalarekin adostuko du talde irabazleak.

Talde bakoitzak 90 minutuko emanaldia egingo du eta ibilbidea eta geldiuneak antolatzaileek zehaztuko dizkiete. Azpeitiko musikari ezberdinak izango dira epaile, eta honako irizpideak hartuko dituzte kontuan emanaldien balorazioa egiteko orduan: musikaltasuna, sonoritatea, interakzioa, martxan jotako musika, abestien aniztasuna, euskara eta parekidetasuna, besteak beste. Talde guztiek beraien lana egin ostean, astebeteko epean jakinaraziko da irabazlea.

Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Txapelketa, Azpeitian:

Maiatzak 6:

  • 21:00. Hamarru elektrotxaranga, plazatik abiatuta.

Maiatzak 13:

  • 19:00. Elektrotxorongo taldea, plazatik abiatuta.
  • 20:30. Elektrotxufla kaleko banda, Etxe Zuritik abiatuta.

Maiatzak 20:

  • 19:00. Elektrokela elektrotxaranga, plazatik abiatuta.
  • 20:30. Skapaie elektrotxaranga, Etxe Zuritik abiatuta.

Maiatzak 27:

  • 19:00. Distopia elektrotxaranga, plazatik abiatuta.
  • 20:30. OstiKda! elektrotxaranga, Etxe Zuritik abiatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!