ELKARRIZKETA

«Aurtengo uda hotza izan denez, kalean parez pare kontzertuak ematea da hurrengo helburua»

Irati Saizar Artola 2021ko ira. 24a, 07:57

Manex Iriarte, Arkaitz Balda, Araitz Uria eta Xabat Artola, Distopia elektrotxarangako kideak. I.S.A.

Tolosaldeko zazpi herrietako hamaika musikarik osatzen dute Distopia elektrotxaranga. Bai, hamaika dira eta 17 eta 22 urte artekoak dira denak. Horietako hiru dira Arkaitz Balda, Araitz Uria eta Xabat Artola. 

Uda honetan, inguruko herrietan ibili dira lehen kontzertuak eskaintzen, ez nahi bezala ordea, elektrotxarangak duen ezaugarri nagusiena, tabernaz taberna ibiltzearena, ezin izan baitute bete. Kontzertuak lekutik mugiktu gabe egin badituzte ere, pozik daude momentuz egindakoarekin.

Aurkeztuko zenukete zuen taldea?

Xabat Artola: Tolosaldeko gazteak elkartu gara, musikariak garenak, eta gure helburua parranda giroa sortzea da eta bide batez guk ere ondo pasatzea, gure musikarekin eta gure musikaren bidez pentsaera mezu batzuk bidaliz.

Nondik dator taldea martxan jartzeko ideia?

Araitz Urkia: Berez, Manex eta Kepa taldekideak hasi ziren hitz egiten, talde bat sortzeko ideia baitzuten. Beraiek hasi ziren taldekideak aurkitzen, hasieran Villabona aldekoak batu ziren, eta ondoren hasi ginen besteak. Batxilergotik ezagunak gara asko, eta hortik hasi ginen elkartzen, musika inguruan zein zebilen jakiten, eta hortik osatu genuen taldea.

Lagun talde bat zarete, beraz.

X. A.: Bai, Manex eta Kepa txikitatik lagunak izan dira, eta gero batek kuadrillakori esan, beste lagun bat elkartu eta ikasketengatik ezagunak egin eta esaterako, Kepak bere beste musika talde batetik lortu ditu bi perkusio jotzaileak.

Eta elektrotxaranga bat osatu duzue. Zergatik formatu hori?

Arkaitz Balda: Taldekide bakoitzak beti izan du kalean jotzeko ilusioa. Gehienbat publikoarekiko gertutasun horregatik. Oholtza batean jotzea nahiko hotza egingo litzaiguke eta publikotik gertuago joaz gehiago disfrutatzen dugu.

Elektrotxaranga, normalean, tabernaz taberna ibili ohi da jotzen. Aurten parrandak falta dituzue.

A. B.: Aurtengo arazoa hori izan da. Gu elektrotxaranga bat gara, baina orain arte ez dugu eman kontzerturik mugimenduan. Orain arte guztiak geldirik jo ditugu, baina tira, hurrengo udari begira gogoz gaude mugimenduan hasteko.


A. U.: Hasiera batean, aurten kontzertuak eskainiko ote genituen edo ez erabakitzea kosta egin zitzaigun, bagenekielako ezingo genuela mugimenduan ibili. Erabaki bat hartu behar izan genuen eta baiezkoa izan zen, ikusten genuelako luzerako zihoala kontua.

Herriz herri ibili zarete udan. Zer moduzko uda pasa duzue?

X. A.: Publikoaren berotasuna behintzat jaso dugu. Antolatzaileek deitzen zigutenean ere babestuak sentitu gara, bazekiten hasiberriak ginela, lehen uda zela guretzat eta esku bat botatzeko prest izan dira beti. Entzutera gerturatu zaizkigunak ere uste genuena baino gehiago izan dira; jendea mugitu da gu ikustera eta alde horretatik gustura gaude.

Zer feedback jaso duzue? Jendeak gustura entzun zaituzte?

A. B.: Hor ere denetik egongo da, baina nik uste orokorrean, kontzertuak ematen hasi ginen momentutik beti izan dugula erantzun ona. Hemendik eta handik deika aritu zaizkigu kontzertuak emateko eta ezin gara kexatu.

Gazteak zarete denak. Atentzioa ematen du horrek?

X. A.: Kontzertuak eskaini ditugun herriak gertukoak izan dira. Bazekiten zer sortu nahi genuen eta zertan genbiltzan, beraz, ez dakit inpresiorik eragin ote dien horrek. Hori bai, nahiz gazteak edo helduagoak izan, hamaika izate horrek inpaktua sortzen du. Izan ere hainbeste lagun koordinatzeko eta antolatzeko, jendeak bai galdetu digula ea ondo moldatzen ote garen. Gaztetasunagatik baino kantitateagatik gehiago harritu daitezkeela esango nuke.

Eta nolakoa da zuen antolaketa?

A. U.: Zaila da entseguetarako kointziditzea eta baita kontzertu baterako denok libre egotea. Bakoitzak gure bizitza daukagu taldetik aparte, jendeak konpromiso gehiago dauzka, eta entseguetarako astean behin elkartzea erabaki genuen, hori behintzat finkatuta utzi, eta gainerakoa hitzordu horren arabera antolatzen dugu. Kontzertuak ematerakoan ere, guztiok ematen diogu lehentasuna kontzertuari.

Non egiten dituzue entseguak?

A. B.: Alegian egiten ditugu entseguak. Hala hasi ginen eta bertako entsegu lokalean egiten ditugu beti.

Eta produktiboak izaten dira hainbeste lagunen artean?

A. B.: Egia esan, hamaika izanda zaila da entsegu guztia jotzen pasatzea. Gu ezagututa guztiak isilik egotea zaila da, baina entseguak denetarikoak ateratzen zaizkigu. Eta gogo aldetik ere nola gauden ikusi behar izaten da.

Zer instrumentu dituzue taldean?

X. A.: Bi perkusionista, bi gitarra, baxua, tronpeta eta tronboia, trikitia, pianoa, dultzaina eta bi ahots.

Instrumentu asko aipatu dituzue. Faltan botatzen duzue bakarren bat?

X. A.: Jaso ditugu proposamenak gure taldera sartzeko, baina hamaika lagun garenez beharrik ez dugu ikusten momentuz.

Hamaika musikari zarete. Inor ari da musika ikasketak egiten?

A. U.: Arkaitzek (Balda) musika teknikari ikasketak egin ditu.

X. A.: Besteok instrumentuak ikasten musika eskoletan aritu gara.

Zein da zuen errepertorioa?

A. B.: Orokorrean euskal musika jotzen dugu, parrandarako dena. Beti-betiko abestiak dira, mundu guztiak gurekin batera abesteko modukoak.

Eta nola aukeratzen dituzue abestiak?

A. U.: Hasieran, beste talde batek zerrenda bat eman zigun, betiko abestiekin. Horiekin hasi ginen, akordeak ere bagenituen eta aprobetxatu egin genuen. Baina gero denen artean hasi ginen zerrenda osatzen. Abesti asko, gainera, belarriz ateratzen ditugu. Beti daude elektrotxaranga batean falta ezin duten abestiak.

Bakoitzak bere instrumentua etxean ikasten du?

X. A.: Hori da berez ideia. Entsegu egunean, larunbat goizetan, proposamenak egiten ditugu eta datorren asterako prestatuta eramaten saiatzen gara. Bakoitzak bere ardurak izaten ditu eta hurrengo entsegua produktiboa izaten saiatzen gara.

Aurrera begira zein helburu bete nahiko zenukete taldearekin?

A. B.: Ez daukagu helburu finkorik. Momentu honetan oso gustura gabiltza, denak pozik gabiltza han eta hemen. Horrelaxe jarraitzea gustatuko litzaiguke eta datorren urtean mugimendu gehiago izatea.

X. A.: Aurtengoa guretzat nahiko uda hotza izan denez, kalean parez pare kontzertuak eman ahal izatea da hurrengo urteetara begirako helburua.

Baduzue esperantza datorren udan 'normaltasunez' kontzertuak eskaintzeko?


A. U.: Baietz esango genuke. Iazko Gabonetan ere esaten genuen uda hau normala izango zela, baina ikusi dugu nolakoa etorri den. Baina tira, karroa prestatzen ari gara eta ea datorren urtean zortea dugun.

Eta etorkizun hurbilerako baduzue kontzerturik lotuta?

A. B.: Bihar bertan Iruran eskainiko dugu kontzertua 17:30ean, eta irailaren 28an, Oñatiko kuadrilla egunean izango gara.

 

DISTOPIA ELEKTROTXARANGA

 

Manex Iriarte, Villabona. Ahotsa.

Kepa Otegi, Amasa. Ahotsa eta dultzaina.

Inar Herrero, Asteasu. Gitarra.

Xabat Artola, Altzo. Gitarra eta ahotsa.

Irati Iturbe, Orendain. Baxua.

Ainhoa Ontsalo, Alegia. Tronpeta.

Markel Pita, Villabona. Tronboia.

Unax Lizarraga, Zizurkil. Bonboa.

Eñaut Aranburu, Villabona. Kaja. 

Arkaitz Balda, Alegia. Trikitia.

Araitz Uria, Ikaztegieta. Pianoa.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!