Erabiltzeko prest

Tolosaldeko Ataria 2023ko api. 1a, 18:44

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak zabaldu ditu ateak; festa giroan egin dute irekiera ekitaldia, eta herritar asko gerturatu da gunea bertatik bertara ezagutzera.

Eskualdeko mugimendu feministarentzat egun handia da gaurkoa. Izan ere, hainbat urtetako bidea eta gero gaur errealitate bilakatu da Andragora Emakumeen Etxea. Eguerdian egin dute irekiera ekitaldia, eta aurretik egin duten bisita gidatuan herritar ugarik hartu dute parte.

Olatz Peon Tolosako alkateak esan du egun «pozgarria» dela gaurkoa; «mugarri garrantzitsua, berdintasunaren alde lanean jarraitzeko». Emakumeen Etxea errealitate bilakatzeko ibilbidea «luzea» izan dela gogoratu du, baina, baita «aberasgarria˝ ere, «elkarlanean garatutako proiektua izan delako, hasiera hasieratik, adin, jatorri eta formakuntza ezberdineko emakumeen parte hartzearekin, eta eskualdeko udalerrien parte hartzearekin ere bai, indarrak batuta».

Andragora ez baita Tolosako edo Tolosarako gunea izango. Eskualdeko izaera duen espazioa da, eta horrela nabarmendu dute ekitaldian Pili Legarrak eta Amaia Azkuek Asteasuko eta Berastegiko alkateek. Biek ala biek ere elkarlana izan dute euren ahotan, eta pozik azaldu dira, «emakumeek badutelako aurrerantzean eurentzako izango den espazioa, beharrezkoa zen gunea». Alkateek eskerrak eman dizkiete Andragora Emakumeen Etxea egikaritzeko prozesuan parte hartu duten gutiei.

Onintza Lasa Tolosako Mugimendu Feministako kideak Tolosaldeko emakume guztiak gonbidatu ditu, «guztiek izango dutelako lekua bertan». Mugimendu Feministaren lorpena izan dela proiektua adierazi du, eta Emakumeen Etxeari esker orain arte egindako lana areagotu ahalko dela azpimarratu du. Emakumeen Etxean orain hasiko direla «bidea egiten» azaldu du, eta helburua «erreferente» izatea dela. Era berean, azken egunetako indarkeria matxistarekin lotutako gertaerak ere izan ditugu gogoan. 

Irekiera ekitaldia bisita gidatuaren ostean burutu dute. Herritar asko gerturatu da etxea barrutik ezagutzeko nahiarekin. Ondoren, txupinazoa bota dute festa giroari nolabait hasiera emateko, eta kalejira egin dute Batumore batukada taldearen eta trikiti doinuek lagunduta. 

Alkateek eta Mugimendu Feministako kideak hitza hartu ostean, bertsotarako tartea ere izan da. Hain zuzen, Amaia Agirre eta Uxue Alberdi aritu dira bertsotan, eta dantzarako doinuak Ayvee eta Alai abeslariek jarri dituzte. Festa borobiltzeko, gerturatu den ororentzat jan-edana jarri dute Andragoran bertan.

2016an abiatutako proiektua

Tolosako Udalak 2016an abiarazi zuen Emakumeen Etxea errealitate bilakatzeko prozesua, mugimendu feministaren aldarrikapen historikoari erantzuteko asmoz. Bi partaidetza prozesu egin dituzte Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea garatzeko, emakumeekin elkarlanean. Lehena 2018. urtean egin zuten, espazioaren izaera zehazteko helburuarekin. 104 emakumek hartu zuten parte, hiru taldetan antolatuta: Lantalde politiko teknikoa, Talde Eragilea eta Emakumeen Gune Zabala. Bertan zehaztu ziren ezaugarri nagusiak, hala nola, printzipio gidariak, erabiltzaileen profila eta etxearen kokapenaren aurre proiektua. Bigarren partaidetza prozesua 2021ean egin zen eta 76 emakumek hartu zuten parte. Emakumeen Etxea martxan jartzeko hurrengo urratsak adostu zituzten, hala nola etxearen kudeaketa, finantzaketa partekatua, jarduerak edota zerbitzuak.

Emakumeen Etxeak emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoa sustatzea ditu helburu, eta eraldaketarako gune eta tresna da, mugimendu feminista sendotzeko eta sareak eraikitzeko. 16 urtetik gorako emakumeentzako espazio segurua, anitza, feminista, multikulturala, parte-hartzailea, inklusiboa, hezitzailea, irisgarria, herritarra, belaunaldi artekoa, dinamikoa, euskalduna, laikoa eta jasangarria da; emakume ororen esku dagoena.

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean eskainiko diren zerbitzuak ondorengoak dira: Tolosako Udaleko Berdintasun Saila, Jabetze Eskola, aholkularitza psikologikoa eta juridikoa, eta ahalduntzeko dinamikak eta jarduerak. Hau da, berdintasuna eta kontzientzia feminista oinarri izanik, jarduerak, hitzaldiak, tailerrak, topaketak, batzarrak, jarduera ludikoak eta kulturalak, kirol jarduerak, kaleko ekintzak edota ekimen solidarioak antolatuko dira. 

Inpernu kalean

Andragora Tolosako Inpernu kaleko 5, 7 eta Emakumeon Plaza 1 zenbakietan dago kokatuta. Astelehenetik ostiralera egongo da irekita, goiz eta arratsalde. Dinamizatzaile bat egongo da bertan, eta ordutegiz kanpo ere erabili ahal izango da etxearekin bat datozen jardueretarako.

Espazioari dagokionez, 600 metro karratu ditu guztira. Aurrealdeko lokalak, 252 metro karratu ditu, eta hainbat gune: emakumeen topalekurako egongela, Berdintasun saila (hasiera batean), zerbitzu gela, bilera gela, areto nagusia… Atzealdeko lokalak, berriz, 350 metro karratu ditu eta bi solairutan banatuta dago: behe oinean balio anitzeko bost gela eta harrera egongo dira eta lehen oinean, bilera gela eta Berdintasun sailaren bulegoa jarriko dituzte.

Argazkiak: Ataria eta Tolosako Udala

Erlazionatuak

Bertsoak eta erritmo dantzagarriak

Tolosaldeko Ataria 2023 api 01 Tolosa

Elkartzeko gune bat

Irati Saizar Artola 2023 mar 31 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!