ERREPORTAJEA

Elkartzeko gune bat

Irati Saizar Artola 2023ko mar. 31a, 11:59

Tolosaldeko Emakumeen Etxea kanpoandea, erreportajeko protagonistak bilduta. I. SAIZAR

Eskualdeko emakumeak bilduko diren espazio fisikoa izango du laster Tolosaldeak; Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak argia ikus dezan, lan luze eta mardula egin dute hainbat urtez, hainbat emakumek.

Zabaltzear ditu ateak Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak. Bihar izango da ate irekien ekitaldia, eta altzariak jarri eta arautegia onartzen dutenean, martxan jartzeko prest izango da. Prozesua «luzea eta neketsua» izan bada ere, Tolosaldeko emakumeek badute aurrerantzean «elkartzeko, saretzeko eta eragiteko» leku fisiko bat, Tolosan.

Andragora Inpernu kaleko 5, 7 eta Emakumeon Plaza 1 zenbakietan dago kokatuta. Bi eraikinetan banatuta dago eta 600 metro koadro ditu denera. Zerbitzu ezberdinak bilduko ditu etxeak, besteak beste, dinamizatzaile bat egongo da, eta hark bideratutako jarduerak aurrera eramateko gune bat izango da, Jabetze Eskola ere hartuko du etxeak, eta mugimendu feminista eta beste emakume taldeentzat ere egoitza izango da. Bestelako hainbat zerbitzu ere eskainiko ditu: hala nola, juridikoa eta psikologikoa. Era berean, Tolosako Berdintasun sailean dauden bi teknikariek bertan egingo dute lan.

Halaxe zehaztu dute Tolosaldeko Emakumeen Etxea martxan jartzeko inurri lanean aritu diren hainbat emakumek. Prozesuan zehar lantalde ezberdinetan banatuta aritu dira eskualdeko emakumeak, eta horietako batzuk elkartu ditu Atariak mahai beraren bueltan: Silvana Ostiza, Eli De Arriba, Nekane Zubizarreta, Amaia Azkue, Olatz Peon, Begoña Tolosa, Olatz Artola, Aitana Amondarain eta Berdintasun teknikaria den Agurtza Zubero.



Andragora, Tolosaldeko emakume feministak elkartzeko gune bat izatea nahiko luke Artolak. «Horixe izango da emango duen zerbitzurik onena: elkartzeko puntu bat izatea; ekintzak eta bestelakoak elkartze horrek ekarriko ditu». Peonek ere uste du, behin etxearen ateak ireki ondoren sortuko direla dinamika ezberdinak: «Badakigu etxea zergatik eta zertarako ireki nahi dugun, baina ez dakigu noraino eramango gaituen».

Etxeak izango dituen oinarrizko zerbitzuak pentsatuta dituzte, baina hortik aurrera «beharren arabera» antolatuko dituztela dio Ostizak. «Seguruenik talde ezberdinak sortuko dira, eta denek izango dute lekua Emakumeen Etxean». Irekierarako pentsatu dituzten zerbitzuak eta aukerak gune bakar batean ematea bera badela zerbait erantsi du Tolosako alkateak.

Gizartean emakumeek leku bat izan dezaten, Emakumeen Etxeak duen garrantzia nabarmendu du Artolak: «Garrantzitsua da etxea bera egotea, tamalez, gizartearen egoera bidegabea delako, desorekatua delako, zapaltzaileak eta zapalduak daudelako, boteredunak eta botere gabeak daudelako. Dikotomia horretan, batzuek plaza, hitza, lekua hartzen dute, eta horren ondorioz, besteek ez. Emakumeok toki horiek izateko, lehendabizi, gure espazio propioak behar ditugu, elkarrekin aritzeko, elkar indartzeko. Plaza horietan ez gara egongo, baldin eta beraiek kendu edo isiltzen ez badira; hori gertatzeko bestelako mugimendu batzuk egon behar dute, eta guk elkarrekin mugitu behar dugu. Horretarako espazio erreferente bat izatea, zeinak lekua duen kalean bertan ere, eta espazio babestu bat izatea, pauso garrantzitsua da».



Fisikoki badu itxura etxeak, badu tokia, eta barruan lanean hasi nahiko lukete orain. «Espazio bat izateak emakume aniztasuna ahalbidetzen du: emakume desberdinak elkartzea, elkar ezagutzea, eskualdeko emakumeak saretzea, feminismoa sendotzea, emakume feministak sortzea, hori guztia egiten du espazio batek», dio Ostizak. «Emakumeen etxe batek bere bizitza propioa sortzen du, eta berehala hartzen du bere dinamika propioa; hori garrantzitsua izango da eskualderako, sinergia horiek sortzeko, ahizpatasuna lantzeko».

 

Silvana Ostiza: «Emakumeen etxe batek bere bizitza propioa sortzen du, dinamika propioa du»



Idatziz jasotako dokumentu batean bilduta dituzte etxearen helburuak, guztiak, proiektuan parte hartu duten emakumeekin adostuak. Besteak beste, berdintasunaren alde urratsak ematea, feminismoaren hedapena, emakumeen topaketarako gune propio bat izatea, emakumeak ahalduntzea, parte hartze soziopolitikoa sustatzea, sareak eraikitzea edota eraldaketa soziala dira jaso dituzten puntuak.

Andragoraren irekierarekin, begirada feminista bat lantzeaz gain, fisikoki ere indar bat badagoela ikustea nahiko luke Peonek. «Tolosaldean berdintasunaren inguruko gai bat jorratzen denean, Emakumeen Etxea erreferentea izango da derrigorrean, beraz, horrek berak gorpuztu egingo du, orain arte izan ez dugun zerbait izango dugu».

Erreferentziazko puntu bat izateaz gain, etxean bezala sentitu arazteko etxe bat izatea nahi dute Andragora, sustatzaile nagusiek. «Etxe goxo eta atsegin bat izango da, ahizpatasuna bizitzen dena, babesa eskaintzen duena», dio Zubizarretak. Peonek zehaztu duenez, proiektua lantzeko garaian, oso ondo landu dituzte espazio bakoitza zertarako pentsatuta zegoen, gero, zer altzari mota jarri erabakitzeko, «ez da ezer utzi ondo pentsatu gabe, eta guztia kontrastatu da emakume guztiekin». Gero, dinamikak berak erakutsiko die zerbait aldatu behar badute. «Baina etxea janzten denean sumatuko da oso ondo pentsatuta dagoela guztia».

 

Nekane Zubizarreta: «Etxe goxo eta atsegin bat izango da, ahizpatasuna bizitzen dena, babesa eskainiz»



Aurrealdeko lokalak, 252 metro koadro ditu eta hainbat espazio jasoko ditu: emakumeen topalekurako egongela, zerbitzu gela, bilera gela, areto nagusia… Atzealdeko lokalak berriz, 350 metro koadro ditu eta bi solairutan banatuta dago: behe oinean balio anitzeko bost gela eta harrera egongo dira, eta lehen oinean, bilera gela eta bulegoa jarriko dira. Horrez gain, oinarrizko instalazioak ere egongo dira bi lokaletan: komunak, biltegia, leihatilak edo armairuak taldeentzat. Espazio oso zabalak izango ditu etxeak, eta sukaldea ere izango duela gehitu du Zubizarretak: «Ez soilik sukalde fisikoa, beste sukalde mota bat ere izango du etxeak».



Tolosatik Tolosaldera

Hasiera batean, Tolosako Emakumeen Etxe moduan abiatu zen proiektua, eta gero hartu zuen eskualdeko izaera. Tolosaldeko 28 herrietatik 24k hartu dute parte proiektuan. «Udalaz gaindiko beste hainbat gaietan ez da erraza izaten hainbeste herrik parte hartzea», dio Peonek. Amaia Azkue Berastegiko alkateak kontatu du, hasiera batean, eskualdeko emakume moduan hasi zela bileretan parte hartzen, eta behin Tolosaldeko Emakumeen Etxea izango zela erabakitakoan, Pili Legarra Asteasuko alkatea eta biak eskualdeko ordezkari bezala hasi zirela, Talde Politiko Teknikoan.

Eskualde mailako etxea izatea garrantzitsua ikusten dute. «Tolosan bertan eragina du eskualdeak, eta eskualdean ere eragina du Tolosak, elkarreragina dago», dio Artolak. Kontuan hartu dute, tokian toki, errealitate ezberdinak daudela, eta horri erantzutea da asmoa. «Horretarako, elkar lagundu, indartu eta elikatu egin behar dugu». Peonek esan du zerbitzu asko daudela Tolosan kokatuta, baina era oso naturalean, eskualde ikuspegia txertatuta dagoela zerbitzu guztietan. «Prozesuaren momentu batzuetan kezka izan da, ea etxea Tolosan egoteak beste herrietako dinamikak ordezkatuko zituen, baina osagarria izan behar du, betiere, proiektua aberasteko».

Azkuek esan du herri txikietan badagoela joera zerbitzu ezberdinak jasotzera Tolosara gerturatzearena. «Eskualdean badaude emakume taldeak eta ez dauka zentzurik herri bakoitzak bere espazio propioak edo zerbitzuak izateak, ez du zentzurik bakoitza bere aldetik joateak. Beharrezkoak ditugu horrelako espazioak, ahalduntze espazioak direlako. Tolosan egoteak badu bere zentzua», gehitu du.

 

Amaia Azkue: «Ez dauka zentzurik herri bakoitzak bere espazio propioak izateak»



Hala ere, izan dituzte kezkak eta oztopoak eskualdeko herrietara iristeko: «Zaila izan da herriek ulertzea, Tolosan kokatzen den etxeak beraien herritarrentzat zein onura izango dituen». Pedagogia lan bat egin behar izan dutela aitortu du Azkuek. «Herritik kanpora egongo den zerbitzu bat izango da, baina zerbitzuak, tarteka, herrietara mugitzea ere bada asmoa, eta dinamizatzaileak ere izango du harremana herriekin. Oraindik ez dago martxan, ez dugu ikusten, eta irudikatu bakarrik egiten dugunez, ez da erraza».

Herri txiki zein handietara zabaldu behar dela argi du Ostizak: «Sozialki eragin hori izan behar du, udaletara, herrietara iritsi behar dugu, Tolosaldea feminista eta berdinzaleago bat sortzeko». Artola ere bat dator Ostizak esandakoarekin: «Tolosako militantzia mugimenduetan, inguruko herrietako jendeak eragin handia izan du, eta errealitatearen parte bat da hori; Emakumeen Etxean denak elkartzea, aberastea izango da. Feminismoa oso garrantzitsua dela badakigu, eta gure bizitzaren zentroan egon daiteke, bere on eta txar; ikuspuntu horretatik norbanako bezala ahaldundu gaitezke, baina boteretu taldean egiten gara, eta Emakumeen Etxea gakoa izango da».

 

Olatz Artola: «Norbanako bezala ahaldundu gaitezke, baina, boteretu taldean egiten gara»



Etxe barruan bakarrik ez, eskualdeko herrietan ere saretze horrek bere fruituak eman ditzakeela uste du Artolak: «Etxeak berak mugimendua ekartzeak aura moduko bat sortzea eragingo du, baina, hor barruan harremanak egiten baditugu, eta, esaterako, Gaztelun ekintzaren bat egiten badute, errazago hasiko gara Gaztelura joaten, edo beste edonora. Emakumeen Etxeak sortuko duenarekin toki guztietara iristeko moduan izango gara, eskualde mailan, beste indar bat abiaraziko du».

Hazia, aspalditik

Emakumeen Etxea, mugimendu feministaren aldarrikapen historikoa izan da eta Tolosako emakumeek aspalditik eskatutako baliabidea da. Agurtza Zubero Berdintasun teknikariak zehaztu duenez, 2015-2020 Berdintasun Plana egin aurretik egindako ebaluazioan, eskaera bat bazegoen Tolosako emakumeen aldetik «Tolosan emakumeen etxe bat behar zela», baina «gorpuztu gabe zegoen».



Berdintasun batzordean eskaera jasota zegoela gogoan du Silvana Ostizak: «2015ean EH Bilduko zinegotzi bat hil egin zen, eta niri egokitu zitzaidan zinegotzi sartzea; ordurako, eskaera bat zegoen berdintasun batzordean emakumeen etxearen inguruan, eta, kasualitatez, Donostiako emakumeen etxean ari nintzen lanean». Kontatu du Martxoaren 8aren inguruan mahai inguru bat antolatu zutela, emakumeen etxeaz hitz egiteko, Aranburu jauregian. Donostiako, Hernaniko eta Basauriko Marienea emakumeen etxeetako kideak gonbidatu zituzten. «Hazi txiki bat bazegoen, eta hortik etorri zen gainerako guztiaren loraldia», hausnartu du.

Emakume talde bat elkartu eta bilera txiki bat egin zutela kontatu du Eli De Arribak 2016an. «Gero asanblada izango zen taldea elkartu ginen, nahiz eta momentuan ez jakin zer irtengo zen hartatik; ikusten genuen beste herrietan bazeudela emakumeak elkartzeko guneak, eta Tolosan eta Tolosaldean ez zegoela horrelakorik». Lehen eskaera «informalki» egin zuten, baina «ez zituen nahi genituen fruituak eman». Hortik, bilera formal bat eta eskaera ofizial bat egiteko pausoa ematea erabaki zutela esan du: «Deialdi zabalago bat egin eta kultur etxean elkartu ginen, emakumeok prest geunden eskaera hori egiteko eta 316 sinadura bildu genituen, zerbait formala egin eta indarra izan zezan». Udalean aurkeztu zuten eskaria, eta behin eskari formala eginda, lanean hasi zirela kontatu du.

 

Eli De Arriba: «316 sinadura bildu genituen, zerbait formala egin eta indarra izan zezan»



2016an Andragora sortzeko lehen urratsak «modu formalago batean eta indar gehiagorekin» eman zirela esan du Olatz Peonek. Parte hartze prozesua, hala ere, 2018an hasi zen. Orduz geroztik, bi partaidetza prozesu eraman dira aurrera emakumeekin elkarlanean. Lehen parte hartze prozesu horretarako, Elhuyar Fundazioaren laguntza profesionala izan zuten, adituen eskutik; «modu naturalean ez gara antolatu, ez gara hain onak», esan du barrez Peonek.

Parte hartze prozesuan zehar, hiru taldetan banatu dituzte indarrak: Talde Politiko Teknikoa, Talde Eragilea eta Emakumeen Gune Zabala. Deialdia eskualdeko emakume guztiei egin zitzaien, nahi zuenak parte har zezan, eta sustatzaileek kontatu dutenez, lehen parte hartze prozesuan, Gune Zabaleko bilera batean 104 emakume bildu ziren. «Ederra izan zen».

De Arribak dio Talde Eragilean, hasiera hartan, 40 emakume zirela, nahiz eta gero jendea erortzen joan. Peonek kontatu du prozesu parte hartzailean laguntzen ari ziren adituek esan zutela Talde Eragilean hamar bat lagun izatea komeni zela, eraginkorra eta dinamikoa izateko, «baina askoz emakume gehiagok parte hartu nahi zuten; esan zen Gune Zabalean aukera izango zela parte hartu eta iritzia emateko ere, baina emakumeek Talde Eragilean egon nahi zuten, indarra handia zen».

Nahiz eta bilerak «oso trinkoak» eta gaiak «oso mamitsuak» izan, «sekulako ilusioa zegoen, behingoz etxe bat edukiko genuen, ikusi egiten genuen», esan du Ostizak. Eztabaidatzeko puntu asko zeudela dio Zubizarretak, «hitz bakarrarekin luze eztabaidatzen genuen, laikoa edo ez laikoarekin, esaterako». Gauza berdinez hitz egiteko askotan elkartu zirela dio Peonek, «hitz egiten genuen, baina ematen zuen ez zela geratzen erabat erabakita; hasiera hori motela izan zen.



Artolak esan du prozesuak oso parte hartzaileak direnean, momentu batean, «astunak» bihurtu daitezkeela. «Baina kasu honetan, hala behar du izan. Nahi baduzu zerbait askotarikoa izatea, ahotsik ez daukatenei ahotsa ematea, ezin dituzu ateak bakarrik ireki, ahalik eta jende gehien biltzen saiatu behar duzu». Horrek, beste tempo batzuk markatu dizkie prozesuan, eta beste ondorio batzuk izan ditu. «Kontrara, pertsona diktatorial bat jarriko bagenu, esanez, hau horrela eta horrela egingo dugu, prozesua oso azkar joango litzateke, baina gainerakoak ez dira proiektuaren parte sentituko; gure kasuan ez da horrelakorik gertatu, proiektuaren parte sentitzen gara, eta askoz ere inplikatuago gaude».

De Arribak gehitu du horrelako prozesuetan parte hartzeak «konpromisoa» eskatzen duela, «apuntatzen bazara, etorri egin behar duzu». Gogoratu du bilerak oso luzeak izaten zirela: «18:00etan hasi eta 21:30ak eman izan dizkigute bileretan, horrek neke bat eragiten zuen, baina bagenekien zer nahi genuen».



Talde Politiko Teknikoa osatzen dutenak alderdi politikoetako ordezkariak eta mugimendu feministako kideak dira, eta hor ere «talkak» egon izan direla esan du Berdintasun teknikariak, «mugimenduaren erritmoa eta erakundeen erritmoa oso desberdina delako». Tolosako alkatea ere bat dator horretan: «Taldearen zati bat erakundeetatik gentozen, lan politiko eta publikoan ohitutako emakumeak ginen, eta beste batzuk mugimendutik zetozen. Ikuspegiak ez dira beti berdinak izaten, eta talka oso ohikoa izaten da, baina proiektu honek argia ikusteko elkarrekin lan egin behar genuen, eta niretzat lehen lana konfiantza fintzea izan zen, elkarrekin egotea, hitz egitea eta konfiantza izatea proiektu horretarako».

 

Olatz Peon: «Proiektu honek argia ikusteko elkarrekin egin behar genuen lan, konfiantza findu»



Talde Eragileko Etxezarretak kontatu du bilera «neketsuen» ostean, «nahiz eta oso nekatuta egon», zerbait hartzera joaten zirela guztiak elkarrekin: «Horrek sorrarazten zuen talde hori sendotzea eta indartzea; agian, txorakeria dirudi, baina niretzat ez zen txorakeria, une horretan bat eginda sentitzen ginen, nahiz eta aurretik bileran eztabaidan, borrokan aritu. Talde izaera sendotu egiten zuen bilera osteko tarte horrek».

Pandemiarekin etena

Parte hartze prozesuarekin ari zirela, pandemiak proiektua geldiarazi egin zuela kontatu dute. «Proiektuari zuzen-zuzenean eragin zion», dio Peonek. Udalean lehentasunak erabat aldatu zirela esan du, eta gainerako gaiak «bigarren maila batean» utzi behar izan zutela. Krisi momentu larri bat pasa zutela aitortu du: «Guk oso garbi genuen berriz ere gaiari eutsi behar geniola, eta beste modu batera bazen ere, aurrera egin behar zela proiektuarekin, hori ez dugu inoiz zalantzan jarri. Baina lehentasunak aldatzen direnean, gainerakoa moteldu egiten da, eta moteltasun horrek zuzenean eragiten die gainerako taldeei».

Artolak uste du «luze» joan zela kontua. «Beste gauza askotan jakin genuen ezohiko egoera horretan beste formula eta metodoak asmatzen, eta honetan eten egin zen. Pentsatzen dut beste modu batera erantzun ahal geniola, prozesua hainbeste ez eteteko, zeren gero ezinegonak sortu zituen, eta prozesua luzatzea ere ekarri du». Pandemiak berak ere agerian utzi zuela dio feminismotik Emakumeen Etxe bat izateko behar bat zegoela, jende asko zegoela etxean, egoerarik zaurgarrienean, eta ez zeukana beste espazio bat etxean sentitzeko moduan.



Pandemia eta gero zalantza hor zegoen, De Arribak esan duenez: «Jarraituko al du proiektuak aurrera? Jendea berriro hainbesteko indarrarekin itzultzeko prest zegoen? Beldurra hor zegoen». Amarotzen egin zituzten pandemia osteko lehen bilerak, espazio handiagoan, leihoak zabalik eta maskararekin. Gogoa eta ilusioa ez zuten galdu ordea, eta talde txikiagoetan bada ere, lanean jarraitu dute.

Bigarren parte hartze prozesua 2021ean hasi zen eta 2022ko martxoan amaitu. Berdintasun teknikariak azaldu du, lehenengo prozesuan etxearen aurre proiektua egin zutela, eta bigarren prozesu horretan, lehenengoan sakondu gabe geratu ziren gaiak lantzen aritu direla, besteak beste, kudeaketaren inguruan, finantzaketaren inguruan, dinamizatzailearen perfila, funtzioak edota Emakumeen Etxearen Elkartea ere sortu dutela etapa horretan.

Andrak, agoran, gora

Tolosaldeko Emakumeen Etxearen izena pentsatzea izan da prozesuan zehar egin duten ariketetako bat. Talde Eragilean egin zen deialdia, izenak proposatzeko. Zubizarretak, bizitzen ari zena jaso zuen hitz bakar batean: «Andreak biltzen gara, andrak biltzen gara, eta grekoz, andrak, ausarta esan nahi du, lidergoa eramaten duena; non elkartzen garen pentsatzen hasita, grekoz agorak herriko plaza esan nahi du, eta horixe nahi genuen, plaza bat baina etxe forma batekin; eta bilerak trago baten bueltan bukatzen genituenez, gora gu!». Andra, agora eta gora hitzak elkartu zituen eta horra emaitza: Andragora.

Beste proposamen batzuk ere jaso zituzten, baina Zubizarretak proposatutako izena izan zen bozkatuena. Ostizak dio ez zela hoberik atera, eta Artolak gehitu du izenak beti ematen diola nortasun bat etxeari. «Tolosaldeko andrak, agoran, gora egingo dugu!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!