Ehun herriko langa gainditu du UEMAk

Ataria 2023ko martxoaren 25a

Argazkia: Alberto Beloki

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak batzar nagusia egin du gaur goizean Azpeitian, eta Arrankudiaga-Zollo, Arruazu, Etxebarria eta Doneztebeko udalek mankomunitatera gehitzeko egindako eskaerak onartu dituzte batzarkideek. Horrela, 101 udal izatera heldu da UEMA.  Ekitaldian eskualdeko ordezkaritza zabala egon da, izan ere, eskualdeko 28 herrietatik 22 dira mankomunitateko kideak. Asteasu izan zen mankomunitatean sartzen azkena.

UEMAko kide diren udal berrietako alkateek hitza hartu dute batzarraren amaieran, eta herritarren eta UEMAren ekarpena eskertu ostean, euskara lehenesteko, herritarren aurrean eredugarri agertzeko eta erabilera areagotzeko ilusioa eta lanerako gogoa agertu dute. Batzar nagusia amaitu ondoren, UEMA 100 udal eta hamaika gehiago, bidea zabaltzen lelopean ekitaldia egin du UEMAk Soreasu Antzokian bertan.

UEMA bide urratzaile eta aitzindari izan dela adierazi dute ekitaldian parte hartu duten euskalgintzako zein erakunde publikoetako ordezkariek, eta erabilerari hauspoa emateko erronkari erabaki sendoekin eta elkarlanean heldu beharko zaiola nabarmendu dute, erdaren erauntsipean euskarak bigarren mailan ez geratzeko egiturazko neurriak eta erabakiak ezinbestekoak dituela adieraziz.

Ilaski Serrano eta Antton Telleria kazetariek aurkeztu dute ekitaldia. Estitxu Pinatxo musikariak eman dio hasiera, eta oholtza gainean izan dira Ines Osinaga, Jon Maia eta Imanol Epelde ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!