Asteasu Uemako kide da gaurtik aurrera

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 17a, 18:59
Hernani, Asteasu eta Astigarragako alkateak eta zinegotziak, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanorekin, gaur eguerdian. Deban, UEMAren batzar nagusia amaitu ondoren. UEMA

Batzar nagusia egin du Uemak gaur goizean Deban. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera gehitzeko herri berriek egindako eskaerak onartu dituzte. Horrela, gaurtik aurrera, Asteasuz gain, Hernani eta Astigarraga ere Uemako kide dira.

Herri berrien eskaerak onartu aurretik, amaitzear den urtearen balantzea eta 2023rako egitasmoa ere onartu dituzte batzarkideek. Aurtengo balantzeari dagokionez, egindako zenbait lan nabarmendu dituzte: arnasguneen garrantzia jendarteratzeko Arnasa Gara kanpainaren harira aurten egin den Arnasetik bideosormen lehiaketa, Salto udalekuek izandako harrera ederra, herritarren kontzientziazioan sakontzeko hezkuntza proiektua sistematizatu izana, hizkuntza eragina neurtzeko hainbat udalek onartu dituzten ordenantzak, Zinuema egitasmoa edota kontzientziazioan eragiteko bideratutako tailerrak, besteak beste. Horiez gain, aurtengo balantzean bereziki nabarmendu dituzte Uemak egindako ikerketak: gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa, EAEko udalen bilakaera soziolinguistikoa edota udalerri euskaldunetako haurrak ikerketa proiektua, haurrek gaztelerara geroz eta lehenago jotzeko faktoreak identifikatuz.

2023ko egitasmoen artean, berriz, euskara eta kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibiatik beste herri batzuetara zabaltzea, ELE gidaliburua, udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzea eta Uema sendotzea, jardunaldiak eta agintaldi aldaketaren harira udal eta hautetsi berrien ahalduntzea aipatu dituzte, egitasmoan bildutako ohiko beste hamaika konturen artean, beti ere udalerrien eta udalen erabateko euskalduntzean eragiteko.

97 udalerri

2023rako egitasmoa eta aurrekontua onartu ondoren, mankomunitatearen ohiko jardunerako kontuez gain, Uemako kide izateko herri berriek egindako eskaerak ere onartu dituzte batzarkideek. Horrela, gaurtik aurrera, hiru herri gehiago dira Uemako kide: Asteasu, Hernani eta Astigarraga.

Hiru horiek gehituta, 97 udalerri izatera heldu da gaur Uema, eta guztien artean 300.000 biztanleko langa gainditu dute. Zehazki, gaur egun 302.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute Uemako kide diren herriek.

Euskararen aldeko herri mugimendutik sortu zen Uema. 1988an Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozio bat onartu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek, udalak euskalduntzeko eta euskara hutsean funtzionatzen hasteko. Horretarako zailtasunak eta arazo komunak zituztela ohartuta, udal haietako batzuk elkarren artean biltzen eta koordinatzen hasi ziren, udalak ere euskaraz lanean hasi ahal izateko. Horrela, mankomunitate izaera hartuta, erakunde publiko bihurtu zen Uema. 1991n, sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez. Agintaldi honen hasieran, esaterako, 86 herri ziren Uemako kide. Gaur egun 97 dira. Tolosaldeari dagokionez, Asteasu batuta, 28 herrietatik 22 dira mankomunitateko kideak.

Asteasuren datuak

1.549 biztanle ditu Asteasuk eta euskaldunen indizea %86,8koa da bertan. Azaroaren 23ko osoko bilkuran erabaki zuen Asteasuko udalak Ueman sartzeko eskaera egitea. Erabakia aho batez hartu zuten, «momentu hau gakoa delako». Pili Legarra alkatearen hitzetan «ezagutza ez doa beherantz Asteasun, baina gora egiteko baliabideak beharrezkoak ditugu, arnasgunea garen arren aldaketen aurrean zaurgarriak garelako oraindik. Hauskorrak dira gure herri txikiak, eta hizkuntza politika propioak landu nahi ditugu, Uemarekin eta Tolosaldeko beste udalekin batera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!