Izar Zelarain Gipuzkoako Eskolarteko finalerako sailkatu da

Ataria 2023ko martxoaren 28a

Bertsolari billabonatarrak finalean kantatuko du, Harituzeko June Aiestaran beasaindarrarekin batera; azken kanporaketa, ostiral honetan izango da, Amezketan, eta Harituzeko bi bertsolarik abestuko dute: Lide Arregik eta Danel Etxeberriak.

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren XLIII. edizioa iritsi da azken kanporaketara. Izar Zelarain bertsolari billabonatarra Gipuzkoako Eskolarteko finalean izango da, pasa den ostiralean Errezilen hirugarren kanporaketa irabazita. Zelarainekin batean, kantuan aritu ziren Harituzeko Jon Mendiluze, Jare Bengoetxea eta Beñat Zeberio; Peru Alijostes eta Egiar Otegik ere hartu zuten parte saio horretan.

Gaiak jartzen Olatz Zuazubiskar aritu zen eta kopletako ariketan laguntzeko soinuarekin eta panderoarekin Araitz Etxaniz eta Onditz Alberdi. Epaile lanetan, berriz, Oihana Aranguren, Zigor Leunda eta Iñigo Legorburu.

Dagoeneko hiru kanporaketa jokatu dira eta Izar Zelarainekin batean, Harituzeko kide den June Aiestaran beasaindarra eta Amets Aizpurua ere finalerako sailkatuta daude zuzenean. Guztira, 22 gaztek eman zuten Gipuzkoako Eskolartekoan kantatzeko izena eta horietako 9 Tolosaldeko Harituz bertsozale elkargunearen bertso eskoletan aritzen dira. 

Azken kanporaketa Amezketan

Ostiral honetan Gipuzkoako Eskolarteko laugarren eta azken kanporaketa jokatuko da Amezketan, Zazpi Iturri elkartean: Harituzeko Lide Arregi eta Danel Etxeberria arituko dira kantuan, Nikola Iraola, Oihan Navarro eta Xuban Urdalletarekin batera. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!