Bertsotan hasteko prest

Ataria 2023ko mar. 1a, 07:57

Harituzeko bertso eskoletan dabiltzan June Aiestaran, Eñaut Olarra, Aratz Arzelus, Jon Mendiluze, Izar Zelarain, Jare Bengoetxea, Beñat Zeberio, Danel Etxeberria eta Lide Arregi bertsotan hasteko prest dira.

1. Nola ikusten duzu zure burua txapelketan?
2. Prestaketa berezirik egin al duzu?
3. Zer erakutsi nahi zenuke eskolarteko txapelketan?

 

JUNE AIESTARAN. BEASAIN 2006

1. Pasa den urtetik zerbait hobetu dudala iruditzen zait. Aurten, beste urteetan baino bertso eskola efizienteagoak egin ditugu eta horrek bere eragina izan du. Txapelketa ate joka daukagu eta oso gogotsu nago.

2. Nire kabuz etxean besteetan baino gehiago aritu naiz, Harituzen aritzeaz gain, Beasainen bertan ere ibiltzen naiz, beraz, bertsoa urte honetan dezente landu dut. Banekien Harituzen fundamentuz aritzen direla, eta ezagun batzuen bidez iritsi naiz taldera. Oso gustura nago.

3. Gozatzera joan nahiko nuke, horixe da helburu nagusia. Baina nahiko nuke finalera iristea ere, eta behin finalera iritsita gozatzera joango nintzateke.

 

EÑAUT OLARRA. TOLOSA, 2008

1. Pixka bat urduri nago, baina badut ondo egingo dudanaren esperantza. Orain arte ez dut plazarik egin, jendaurrean ez dut inoiz kantatu, lehen aldia izango da, beraz, berezia izatea espero dut.

2. Etxean doinuak ikasten eta errepasatzen aritu naiz eta gainerakoa bertso eskolan egin dut. Duela lau urte hasi nintzen bertso eskolan, lehenik Tolosan, eta aurten Anoetan. Astean behin joaten naiz ordu eta laurdenez, eta hor ari gara txapelketako ariketak prestatzen.

3. Ondo pasatzera noa txapelketara eta lagun berriak egitea ere espero dut. Saio txukun bat egin eta ondo kantatzea gustatuko litzaidake. Presioarekin aritzea ez zait gustatzen, beraz, lasai joan nahiko nuke.

 

ARATZ ARZELUS. AMASA, 2006

1. Txapelketaren aurrean nahiko ondo ikusten dut neure burua. Azken aldian bertso eskolan gustura nabil, eta ondo ari naizela uste dut. Gero egunean bertan zer ateratzen den ikusi behar, baina tira.

2. Duela hilabete inguru hasi nintzen etxean errimak lantzen, baina orain alde batera utzita daukat. Bertso eskolan egiten dugunarekin soilik ari naiz, baina pozik nago.

3. Aurten finalera pasa nahiko nuke, gehienbat nire buruagan konfiantza hartzeko eta ikusteko balio dudala. Eta plaza gehiago lortzeko ere nahiko nuke; finalera iritsita jende gehiagok ezagutuko nau eta saio gehiago lortzeko errazagoa izango zait. Bestetik, ondo pasa nahiko nuke, finalera pasatzen ez bagara ere, ahal dudana egin dezadala.

 

JON MENDILUZE. IRURA, 2005

1. Nahiko urduri nago, aukeran, ez nahi beste prestatuta, ez nahi beste egindako sentsazioarekin. Txapelketarako geratzen zaidan denbora honetan, ordea, azkenaldian baino gehiago entrenatzen saiatu nahi dut, eta ea zer gertatzen den.

2. Zoritxarrez ez dut prestaketa berezirik egin. Etxean ez daukat prestatzen aritzeko ohiturarik, baina tira, hemendik aurrera geratzen zaidanean zerbait gehiago egin eta ea ohitura hartzen joaten naizen.

3. Nik uste denok erakutsi nahiko genukeela maila on bat bertsotan. Oholtzako kideak eta publikoa gustura geratzea nahiko nuke. Aurten, eskolartekoari bukaera polit bat eman nahi nioke, azken urtea baitut, beraz, laugarren aldi hau ondo amaitu eta ziklo bat itxi nahi dut.

 

IZAR ZELARAIN. VILLABONA, 2006

1. Nahiko ondo ikusten dut neure burua txapelketaren aurrean. Bertso eskolan ondo aritzen naiz, baina egunean bertan urduri jartzen naiz, horixe da nire arazoa. Kosta egiten zait beldur horri aurre egiten, baina bestela ondo ikusten dut neure burua, txukun ari naiz. Alde horretatik seguru nago.

2. Azken aldian, etxean bertso gehiago entzuten aritu naiz, baina ez dut prestaketa bereziegirik egin bertso eskolakoaz aparte.

3. Nire helburua urduritasun hori kudeatzen ikastea da. Finalera iristea gehitxo eskatzea izango da; beste urtebete geratzen zait txapelketan parte hartzeko, beraz, datorren urterako utziko nuke helburu hori. Batez ere gustura kantatu nahiko nuke, sufritu gabe.

 

JARE BENGOETXEA. LIZARTZA, 2008

1. Ondo ikusten dut neure burua, baina aldi berean urduri ere banago. Urte guztian zehar aritu naiz egin beharko ditugun ariketak prestatzen, eta espero dut guztia ondo joatea.

2. Bereziki txapelketan aterako diren ariketak lantzen aritu gara bertso eskolan, eta horrela, lasaiago joatea espero dut. Duela bost urte inguru hasi nintzen Lizartzako bertso eskolan. Urtebete egin nuen han, eta talderik atera ez zenez, Tolosan egin ditut ondorengo urteak, eta aurten, Anoetako bertso eskolan nabil.

3. Momentuz ez daukat helburu garbirik txapelketari begira, baina ondo pasatzera joan nahiko nuke, parte hartzen dudan lehen aldia izango baita.

 

BEÑAT ZEBERIO. ASTEASU, 2005

1. Ez dut uste iaztik izugarri hobetu dudanik, baina erregulartasun bat hartzen ari naizela konturatu naiz. Bertso onak hobetu baino, bertso txarrak ez dira lehen bezain txarrak, nolabait esateko. Haritz Mujikak horretan hobetzeko eskatu zidan, eta uste dut horretan behintzat hobetu dudala.

2. Urteroko prestaketa bera egin dut. Aurten, ordea, bertso eskola gehiago egiteko aukera izan dugu, eta horrek nahigabe ere izango du zerikusia.

3. Txapelketan parte hartzen dudan azken urtea izanik, finalera iristea gustatuko litzaidake, oso berezia izango litzateke. Eta hortik zerbait gehiago lortu badezaket primeran, baina finalera iristearekin konforme geratuko naiz.

 

DANEL ETXEBERRIA. TOLOSA, 2007

1. Nahiko ondo ikusten dut neure burua. Aurreko urtean esperientzia ona izan nuen, eta berriro errepikatu nahiko nuke, ahalko balitz behintzat. Gainera, iruditzen zait dezente hobetu dudala, beraz, pozik nago.

2. Iaz baino gehiago prestatu dut. Iaz, lehen urtea izanik, ez nuen behar bezainbeste prestatu. Hala ere, ez dut ezer berezirik egin, bertso eskolara joateaz aparte.

3. Nire bertsokera erakutsi nahiko nuke, eta ahal dela, besteen bertsoak entzunez eta neureak kantatuz, ahalik eta gehien disfrutatu. Publikoa ere aho zapore on batekin geratzea nahiko nuke. Bertsotan gozatu egiten dut, beraz, finalera pasako banintz, saio bat gehiago izango nuke gozatzeko, baina ez noa postu jakin bat lortzera.

 

LIDE ARREGI. OÑATI, 2006

1. Aurreko urtean baino apur bat hobeto ikusten dut neure burua. Lasai nago, oso lasai.

2. Prestaketa handirik ez dut egin txapelketa aurre honetan. Oñatiko bertso eskolan aritzen naiz eta Harituzen bertso eskolak ere egin ditut. Etxean errimekin-eta aritu naiz zerbait entrenatzen, baina ez gehiagorik. Lorezaintzako ikasketak egiten ari naiz Zizurkilgo Fraisoro eskolan, eta bertso eskola bat nahi nuen Tolosaldean; Harituzera bideratu ninduten eta oso gustura nago.

3. Txapelketari begira nire helburua ez da ez finalera iristea ez horrelako ezer. Saio eder bat egin nahiko nuke, bertsotan gozatu egin nahi dut, eta ahal bada zerbait polita atera dadila.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!