ELKARRIZKETA

«Umorezko bakarrizketa bat da, familiarteko istorio bat, telenobela txiki bat»

Irati Saizar Artola 2023ko mar. 17a, 07:58
Esti Curiek '35 huts' bakarrizketaren une batean. ARNAITZ RUBIO

Amatasuna, heriotza, lana eta familiaren gaiak ukitzen ditu Curielek, zeharka bada ere, 35 huts bakarrizketan; Adunan izango da gaur.

Gaur izango da Aiztondoko I. Antzerkialdiko bigarren emanaldia, Adunan. Kasu honetan, bakarrizketa batekin dator Esti Curiel (Zumaia, 1986) aktorea, 35 huts izeneko obrarekin. Adunako elizan izango da, 21:30ean.

Zer obra da eskuartean daukazuna?

Umorezko bakarrizketa bat da, gai desberdinak lantzen dituena. Familiarteko istorio bat da, telenobela txiki bat.

Oholtzan zu zeu izango zara, bakarrizketan, Asunen paperean.

Bakarrizketa dela esaten dugu, aktore bakarra dagoelako, baina, berez, pertsona bakarrekoa esan beharko genuke, zeren, ez da pertsonaia bakarra egongo oholtza gainean. Asun eta bere amona Salbadoraren historia ere antzeztuko dut. Horrela, bi pertsonaiak egingo ditut neuk bakarrik.

Amona eta bilobaren artekoa, hortaz.

Asunek 35 urte bete behar ditu eta beldurtuta dago. Izan ere, maldizio bat daukate familian, emakumeei soilik eragiten diena. Familiako emakume guztiak 35 urterekin hil dira, amona izan ezik. Amonaren laguntza behar du, beraz, maldizio horretan erori ez zen bakarra bera izan zelako. Baina amona irrati nobela bat entzuten aritzen da, eta ez dakigu esaten duenak zentzua duen edo ez; eta Asun nahastu egiten du hasieran behintzat.

 

«Maldizio bat daukate familian: familiako emakume guztiak 35 urterekin hil dira, amona izan ezik»



Bestela ere, 35 urterekin, bada aldaketarik oholtzatik kanpo?

Nik uste dut baietz. Emakume batentzat, 35 urte ingurura iristean, sortzen dira zenbait zalantza. Amatasunaren gaia, esaterako, airean izaten da, zerbait erabaki beharraren beharra sentitzen da.

Amatasunaz gain, heriotza, lana edota familia bezalako gaiak ere lantzen dituzu.



Asun langabezian dago eta maldizio bat datorkio heriotzarekin lotura duena. Familiari dagokionean, oinordetzan jasotzen ditugu familiako sinesmen eta ohiturak, eta horiek kudeatu egin behar dira; askotan, ez gara ohartzen zer jaso dugun oinordetzan, eta horren inguruan ere hitz egiten dugu: oinordetzan aspalditik datorren historia bat nola kudeatzen duen Asunek.

Gaiak serioak dira, baina umoretik egiten duzu.

Umoreak kausazko giro hauek beste modu batera arnasteko leku bat ematen digu, eta ikusten dugu hor daudela, baina bizi egin behar dugu eta jolastuz, errazago eramaten dira.

Mexikarretik ere badu zerbait obrak. Zer lotura du?

Asunen familia mexikarra da, eta amona ere hala zen. Asunek rantxerak kantatzea maite du eta beraz, rantxera batzuk ere entzungo ditugu eta tekila ere tartean izango da.

Amona eta bilobaren paperak zeuk gorpuzten dituzu. Erraza da hori egitea?

Emanaldi batzuk egin eta gero errazagoa da. Hasieran ez hainbeste. Arduratzen nau bi pertsonaiak ezberdinak direla ondo ikusteak. Izan ere, ez dago arropa aldaketarik, eta arduratzen ninduen gauza bat zen.

35 huts izena du obrak. Maldizio horri erreferentzia egitera dator?

Hala da, bere bizitza analizatzen du 35 urtetan, eta zenbat huts egiten dituen ere irudika dezake. Edo futbol partida batean bezala, 35era iritsi eta aurkaria 0an geratzea. Norberari iradokitzen diona izan daiteke, libre uzten dugu.



Orain arteko lanik pertsonalena dela esan izan duzu.

Proiektu hau 2019an estreinatu nuen. Erronka pertsonal bat nahi nuen, ni neu bakarrik oholtzan egonda, ea nola mugitzen zen hau. Eta niri mugitzen ninduten gaiak izan dira: orduantxe 33 urte nituen eta gauza guzti horiei bueltan ematen ari nintzela egokia iruditu zitzaidan ni bakarrik oholtzara igotzea. Horrela hasi nintzen lanean.

Oholtzan bakarrik bai, baina izan duzu laguntza ere. Miren Gojenola eta Aitziber Garmendiarena, besteak beste.

Miren Gojenola zuzentzen aritu da. Hasieran inprobisazio batzuk egin eta nik planteatzen nizkion gai hauekin guztiekin lanean hasi ginen. Aitziberri erakutsi genion gero, eta hasierako gidoi bat idatzi zuen, eta ondoren, hiruron artean joan gara gauzak aldatzen, azkeneko bertsiora iritsi arte.

Adunan izango zara gaur, Adunako elizan. Eliza batean inoiz antzeztu duzu?

Egia esan ez, eta kuriosoa egiten zait. Antzezpeneko momenturen batean, gainera, elizaren inguruan zerbait esaten du Asunek, beraz, ez dakit nola geratuko den.

I. Antzerkialdiaren barruan kokatu dute zure lana. Nola ikusten dituzue zuek horrelako jaialdiak?

Oso ondo, noski. Herri batzuk badituzte antzerkiak programatzeko aukerak, baina ez badago aukera edo ohitura hori, kulturatik sustatu behar da, eta horrelako jaialdi bat egiteak hori sostengatuko du: antzerkira joan ahal izatea. Hori izugarria da.

Erlazionatuak

Ondoko herrian ere antzerkia ikusteko aukera

Irati Saizar Artola 2023 mar 17

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!