ERREPORTAJEA

Ondoko herrian ere antzerkia ikusteko aukera

Irati Saizar Artola 2023ko mar. 17a, 07:59

Asteazkenean abiatu zuten Aiztondoko I. Antzerkialdia; egitarau bateratu bat osatu dute Aduna, Asteasu eta Zizurkilen artean, eta martxoaren 30era bitarte, antzerkiaz gozatzeko aukera izango da.

Urteak daramatzate Zizurkilen Antzerki Astea antolatzen, martxoa eta apirila aldean. Bada, aurten, Aiztondo bailaran zehar zabaldu eta I. Antzerkialdia ospatuko dute estreinakoz. Horrela, Aduna, Asteasu eta Zizurkilen, martxoaren amaierara arte, antzerkiaz gozatzeko aukera izango da. Asteazkenean izan zen egitarauko lehen emanaldia Adunan, eta gaur bertan izango da bigarren saioa.

Zizurkilgo kultura teknikaria da Ainhoa Larrea, eta kontatu du Asteasuko kultura teknikariarekin hasi zela hizketan, eta ikusi zutela, Antzerki Astea bailaran zabalduta, Aiztondoko herritarrei obra gehiago ikusteko aukera emango zitzaiela. Ideia horri tiraka hasi eta Aduna batu zitzaien proposamenera.

Asteasun eta Adunan urtean zehar programatzen zen antzerkia eta eskaintza hori bateratzea pentsatu zutela esan du Larreak: «Herri ezberdinetan antzerkia jorratzen denez, hamabostaldi batera ekartzea pentsatu genuen eta programazio bateratu bat prestatzea, Aiztondo edo inguruetan bizi den edonork antzerkia ikusteko grina badu herriz herri mugitu eta obra ezberdinak ikusteko aukera izan zezan».

Aurtengoa, lehen urtea izango da formatu horretan. «Proba modura antolatu dugu». Herri bakoitzean aurreikusita zeuden emanaldiak martxora ekarrita osatu dute egitaraua. «Orain ikusi beharko dugu, ea jendea herriz herriz mugitzen den».

Zizurkilgo Antzerki Astearen filosofia mantendu nahi izan dutela azaldu du kultura teknikariak: «Astebete hartu, eta aste horretan adin tarte ezberdinetako herritarrei aukera ematen genien antzerkiaz gozatzeko». Beste bi herriek, dinamika bera partekatu nahi izan dute.

Haur eta helduentzat

Antzezlanak hautatzerakoan oinarrizko baldintza modura izaten dute euskaraz izatea. Eta normalean, berriak diren antzezlanei lekua egiten ere saiatzen direla esan du Larreak. Horren adibide izango da, martxoaren 25erako Zizurkilen programatu duten Intxaurrak antzezlana: «Uemak sortutako Arnasguneak sormen beka irabazi zuen antzezlana da, eta pasa den azaroan estreinatu zen; obra berriak izaten eta adin tarte bakoitzerako egokiak izaten saiatzen gara».

Helduei zuzendutakoak zein haurrei begirakoak izaten dira emanaldiak. Haurrei zuzendutako emanaldietan, ikastetxeekin adosten dutela kontatu du. «Ikastetxeekin jartzen gara harremanetan, eta eskola orduetan jartzen ditugu, hala, HHtik LHrako ikasleak joango direla ziurtatu dezakegu eta antzerkia euskaraz kontsumituko dutela».

Ikasle horiek, ikusle izatetik antzezle izatera ere pasatzen dira. Izan ere, ikastetxeek obra txikiak muntatzen dituzte, eta egun bat hartzen dute hori plazaratzeko. Aurtengo kasuan, I. Antzerkialdia itxiko duen emanaldia izango da ikastetxeek eskainiko dutena; martxoaren 30ean izango da, Zizurkilgo Atxulondon. «Hezkuntza Batzordearen bidez, urte osoko programazioan antzerkia txertatzen dugu, eta ikastetxeek aukera badute, eskola orduetan antzerkia lantzen dute».

Aurten, Pedro Mari Otaño herri eskolakoak igoko dira taula gainera, eta hiru obra eskainiko dituzte. «Polita dena da, nahiz eta taularatzen duen ikastetxea bakarra izan, beste ikastetxeetakoak ere etortzen direla obra horiek ikustera».

Haurrentzat programatutako emanaldiak doakoak izango dira, eta helduei zuzendutakoei berriz, sarrera sinboliko bat jarri diete. Sarrera horiek udal bulegoetan eskuratu daitezke aurrez, edota egunean bertan bestela.

Antzerkiari bultzada

Antzerkia «genero interesgarria» dela dio kultura teknikariak, eta horrelako bailara batean obra ezberdinak ikusteko aukera izatea «luxu bat» dela. Larreak «mimoz aukeratutako obrak» ikustera animatu nahi ditu bailarako herritarrak.

«Pandemiak gauza asko erakutsi dizkigu, eta gauzetako bat da kulturak presente egon behar duela; kulturak mugitzen du herri bat».

 

AIZTONDOKO I. ANTZERKIALDIA

  • GAUR. ADUNA. 21:30. 35 huts, Esti Curielen bakarrizketa, Adunako elizan.
  • MARTXOAK 21. ASTEASU. 15:00. Gure kanoa, HH4tik gorakoentzat, Pello Errotan.
  • MARTXOAK 23. ASTEASU. 15:00. Osaba untxia eta koiotea, LH4-6 tarteko haurrentzat, Pello Errotan.
  • MARTXOAK 24. ASTEASU. 19:00. Andre zaharraren manifestua, helduentzat, udaletxeko ikuskizun aretoan.
  • MARTXOAK 25. ZIZURKIL. 20:00. Intxaurrak, Atxulondon, helduentzat.
  • MARTXOAK 27. ZIZURKIL. 11:00. Kolorez kolore, Atxulondon, HH3-HH5ekoentzat.
  • MARTXOAK 28. ZIZURKIL. 11:00. Alpistegia, Atxulondon, LH1-LH3koentzat.
  • MARTXOAK 29. ZIZURKIL. 11:00. Urpekakariak, LH4-LH6koentzat.
  • MARTXOAK 30. ZIZUKIL. 10:30 eta 11:30. Ikastetxeen emanaldia, Atxulondon.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!