Ez da erraza migrazioaren bilakaera zehatz-mehatz jasotzea. Datu konkretuak biltzea ia ezinezkoa da, baina Tokikom elkartea osatzen duten tokiko komunikabideek, tartean Tolosaldeko Ataria-k, eta EITBk errealitatera hurbiltzeko saiakera egin dute Saretzen proiektuaren bigarren bilduma honekin. Aurrekoan demografia landu zen, herrietan ematen ari den bilakaerari erreparatuz eta oraingoan gai horrekin zerikusi zuzena duen migrazioa landu dute. Horretarako Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratutako udal-erroldei buruzko datu demografikoak bildu, prozesatu eta aztertu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako datu guztiak deskargatuz, eskualdeka eta udalerrika banatuta, 2002tik 2021erako bilakaeraren argazki orokorra egin ahal izan dute. Azken urte hori erakundeak 2022ko urtarrilaren 1ean argitaratutako erroldei buruzko datuei dagokiena izan delarik.
Tolosaldeko datuak
Horiek kontuan hartuta, eskualdeko biztanleriari eusteko faktore garrantzitsua migrazioa izan dela ikusi daiteke. 2002tik 2021era Tolosaldeko biztanleriak gora egin du, baina igoera horretan zerikusi zuzena izan du migrazioak. 2002an 42.930 ziren Tolosaldeko biztanleak eta 2021ean 5.128 gehiago (48.058). Horrekin ikusi ahal izan da migrazioak eragin nabarmena izan duela, ia %12ko igoera eman baita. Datuek diote 2002an 714 migratzaile jaso zituela Tolosaldeak eta 2021ean 3.593, ia %500 gehiago. Kopuruak etenik gabe gora egin badu ere hazkunde handia bi epetan egon da, 2007-2008 eta 2017-2020 urteen artean.
Jatorria
Baina nondik datoz eskualdera? Tolosaldeko joerak ez du bat egiten Gipuzkoako joera orokorrarekin. Gipuzkoari erreparatuz gero 2002an Portugal zen gehien errepikatzen zen jatorria (2.160 pertsona) eta atzetik zituen Ekuador (1.658) eta Maroko (1.431). 2021ean aldiz Maroko zen jada gehien errepikatzen zen jatorria (8.819) eta Portugal laugarren lekura jaitsi zen (2.833). Errumania zen bigarren (6.335), eta 2002an 378 pertsona iritsi ziren Errumaniatik.
Tolosaldea eskualdeak orokorrean 45.962 pertsona jaso ditu azken 20 urteetan, eta urtetik urtera igoera eman da beti. 2021ean 3.593 etorri ziren. Horien artean, eta 20 urteetako bataz bestekoa hartuta, %20a Marokotik etorri dira (9.162). %12a (5.602) Portugaletik iritsi dira eta Errumaniatik %9a etorri da (4.319). 20 urte horietatik 14 urtetan, marokoarrak izan dira gehienak, azken 12 urtetan.
Emakumeak ala gizonak: 2002 eta 2021
Sexuari buruzko azterketa egiteko aukera bakarra kontinenteka egitea da, INEk horrela egiten baititu, hau da Europa, Afrika, Amerika, Asia eta Ozeania hartzen ditu kontuan. Azken hogei urteetan nahiko parekide etorri dira; %50,63 gizonezkoak eta %49,37 emakumezkoak. Banaketa hori aldatzen da ordea, jatorriari erreparatuz gero. Herrialdeen araberako banaketa eginda Europa, Afrika, Asia eta Ozeaniakoen artean gizonak gailentzen direla, eta amerikarren kasuan emakume gehiago etorri direla: 15.322 emakume eta 9.156 gizon.
‘Ataria’-ren lanketa
Datuak kontuan hartuta, Tolosaldeko Ataria-k bihar Tolosaldea Garatzeneko Migrazio teknikariaren ikuspegia bilduko du. Etzi Marokotik eta Hego Ameriketatik etorritako pertsonengan jarriko du azpimarra. Izan ere, gehien errepikatzen diren jatorriak dira. Marokoarren kasuan gizonezkoak dira gehiago eta emakumezkoak hegoamerrikarren artean.
Beraiek dira protagonista eta eurekin bildu da eskualdeko komunikabidea beren errealitatera gerturatu asmoz, izan ere, Euskal Herriko gizartearen osaera konplexua izango da hemendik urte batzuetara, Xabier Aierdi Urraza soziologoak dioen bezala, eta errealitate horretara gerturatzeko migratu duten pertsonen errealitatea ezagutzea da beharrezkoa.