Aiztondo Klasikoa bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 2a, 09:15

Moto-lotura lanetan aritzen diren motozaleek plantoa egina dute, beraien egoera hobetzeko eskatuz, eta Aiztondo Klasikoaren antolatzaileek erabaki dute aurtengoa ez aurrera eramatea. Martxoaren 12an zen egitekoa txirrindularitza proba.

Aiztondo Klasikoaren zuzendaritza batzordeak bilera egin zuen atzo eta bertan hartu zuten erabakia. «Gipuzkoan txirrindulari lasterketak antolatzeko sortu diren arazoak tarteko, martxoaren 12an jokatzekoa zen XIX. Aiztondo Klasikoa Patxi Alkorta Memoriala bertan behera uztea erabaki dugu», zehaztu dute ohar batean. Antolakuntzatik azaldu dutenez, «betiko borondate eta ilusioarekin» lan egin dute aurten ere karrera aurrera ateratzeko, «baina dauden arazoak medio, ezinezkoa zaigu karreraren segurtasuna bermatzea eta horren aurrean amore eman beste irtenbiderik ez dugu ikusi».

Antolakuntzatik gaineratu dutenez, «arazoak ez dira guri dagozkigunak, oinarrizko ziklismoak oro har sufritzen dituenak baizik, eta horren aurrean ezinezkoa zaigu dauden oztopo guztiak gainditzea. Arazoa handia eta konplexua da eta irtenbiderik badu denon arteko elkarlanaren bidez etorriko da». Galera handia dela diote proba bertan behera uztea: «Aiztondok izen ona lortu du urte guzti hauetan, txirrindulari, talde, zale, babesle eta bailarako herritarren artean, baina modu honetan ezinezkoa da karrera antolatzea».

Aiztondo Klasikoa eskualdean antolatzen den txirrindularitza proba garrantzitsuena da, eta baita euskal egutegi proba nagusietako bat. Afizionatu mailako gizonezko txirrindulariek parte hartzen dute, eta Espainiako Kopako probetako bat da.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!