Txirrindulari probak, oraingoz, bertan behera

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 1a, 17:33
Iazko Aiztondo Klasikoaren une bat.

Txirrindularitza probetan moto-lotura lana egiten duten motozaleek planto egin dute, eta oraingoz asteburuan Gipuzkoan egitekoak ziren karrerak bertan behera geratu dira, federazioak azaldu duenez.

Ertzaintzak ez ditu nahikoa moto gidari txirrindularitza probetan lan horiek egiteko, eta beharrezkoa izaten da motozaleen parte hartzea. Horien parte hartzerik gabe, Ertzaintzak ez du baimenik ematen lasterketak aurrera egiteko. 

Josu Otegi Zizurkilen bizi den asteasuarra hainbat urtetan aritu da moto-lotura lanak egiten. Moto Enlance Goierri taldekoa da eta planto egitearen arrazoiak azaldu ditu: «Gu, motozaleok, aseguratuta gaude, istripu bat izaten badugu, baina ez dagoena aseguratuta motoa bera da. Beti ibili gara tiraka hori lortzeko, baina ez da iristen. Aurreko urtean bi gertakari izan ziren, eta hor aritu gara arazoekin gastuak ordaintzeko. Azkenean, pentsatu dugu irtenbide bat topatu behar zaiola eta, bitartean, ez dugu probetan parte hartuko». Otegik gaineratu duenez, «ez gara asko eskatzen ari, eskatzen dugun gauza bakarra da parte hartzen dugunon motoak eta erabiltzen dugun arropa berezia aseguratuta izatea zerbait gertatzen bada».

Ertzainen laguntza moduan parte hartzen dute moto-loturakoek probetan. «Ertzainak aurretik joaten dira errepidea ixten, eta gu atzetik joaten gara, bidegurutzeak itxi, biribilguneak adierazi, eta arrisku handia dagoen puntuetan txilibitua jotzen dugu txirrindulariei ohartarazteko», zehaztu du Otegik. 

Gipuzkoako Txirrindularitza Federaziotik ohar bat kaleratu dute, eta moto-lotura lanak egiten dituzten motozaleen eskaera «zentzuzkoa» dela azaldu dute. «Helburua gure kasa lortzerik izan ez dugunez erakunde publikoei laguntza eskatu diegu arazo honi irtenbide bat emateko», gaineratu dute oharrean. Erakundeak Madrilgo aseguru etxe batekin ari dira harremanetan poliza bat lortzeko, eta gaur bertan jakin dezakete erantzunen bat. Dirudienez, aseguru poliza bat zehaztea ez da erraza, moto-loturaren postua ez dagoelako inongo kirol araudietan zehaztuta. «Aseguru etxeek motoa eta lasterketa entzuten dutenean esaldi berean arazo bihurtzen da», esan du Otegik. 

Aiztondo Klasikoa, zalantzan 
Txirrindularitza proben egutegian Aiztondo Klasikoa martxoaren 12an dago zehaztuta. Gaur bertan antolatzaileek bilera egingo dute erabakitzeko bertan behera uzteko edo beraien aldetik gaiari zer irtenbide eman diezaioketen ikusteko.

Oraingoz bermatuta dagoen proba Euskal Herriko Itzulia da. «Kasu horretan», azaldu  du Otegik, «antolatzaileek horrela zehaztuta, proba hasi aurretik Lagun Aro aseguru etxeko peritu batek parte hartu behar duten motoak gainbegiratzen ditu, eta, beraz, zerbait gertatzen bazaie proban zehar, gero gastuen kargu egiten dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!