Harituzeko kideak Gipuzkoako Eskolartekoan

Ataria 2023ko mar. 1a, 07:58

Tolosaldeko bertsozaleen elkarguneko bertso eskoletan aritzen diren bederatzi gaztek hartuko dute parte aurtengo txapelketan; kanporaketetan azkena Amezketan jokatuko da

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren XLIII. edizioa izango da aurtengoa, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatzen dutena. Martxoaren 10ean hasita lau kanporaketa saio egingo dira, eta finala, apirilaren 21ean jokatuko da Lasturren. Guztira, 22 gaztek eman dute Gipuzkoako Eskolartekoan kantatzeko izena eta horietako 9 Tolosaldeko Harituz bertsozale elkargunearen bertso eskoletan aritzen dira.

Lehen aldia izango dute Eskolartekoan Eñaut Olarra tolosarrak eta Jare Bengoetxea lizartzarrak; iaz probatu zuen lehen aldiz txapelketa Danel Etxeberriak; eta hirugarren aldia dute June Aiestaranek, Aratz Arzelusek, Lide Arregik eta Izar Zelarainek; laugarren eta azken parte hartzea izango dute, berriz, Jon Mendiluzek eta Beñat Zeberiok. Bertso eskolan irakasle duten Ane Belokiren (Legazpi, 1999) ustetan «gogotsu» daude Eskolarteko txapelketarako: «Urduritasuna nabari zaie, baina prest ikusten ditut kanturako, maila erakutsiz».

VILLABONAN ETA TOLOSAN

Harituz bertsozaleen elkarguneak Eskolarteko txapelketan parte hartzeko adinean dauden ikasleekin bi bertso eskola antolatzen ditu. Villabonako kultur etxean astelehenetan egiten dute horietako bat eta aurtengo txapelketan parte hartuko duten bertsolari gehienek bertan parte hartzen dute. Asteazkenetan, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Tolosan duen egoitzan egiten dute bigarren bertso eskola. «Txapelketa gerturatu ahala, astelehenetako saioan parte hartzen duten gazteetako asko Tolosara gerturatzen dira asteazkenetan. Aukera hori baliatu nahi izaten dute beren burua gehiago prestatzeko», dio Belokik.

Irailean abiatu zuten bertso eskolen ikasturtea eta data gerturatu ahala gehiago landu izan dituzte Eskolarteko txapelketan egin beharreko ariketak. Lau oinak emanda osatu beharreko bertsoak, ofizioak, koplak, bakarkako saioak eta puntu erantzunak entseatzen dituzte. Bertsolari gazteei laguntza ematea da Belokiren egitekoa: «Zerbait ikusten badut zuzentzeko modukoa komentatu egiten diet. Errimak behar badituzte horretan ere laguntzen diet, baina badute nahikoa gaitasun bertsotarako. Nire egitekoa gaia jarri eta gauza gutxi batzuk seinalatzea da».

Bertso eskolako irakaslea Eskolarteko txapelketako kanporaketa gehienetan izango da bertsolari gazteen alboan. Haiei lasaitasuna transmititzea ere bada irakaslearen egitekoa. «Batzuk behintzat badira zorrotzak beren buruarekin eta hori ez dago gaizki neurrian bada», aipatu du Belokik. Maila handiko bertsolariak dira irakaslearen ustetan eta apustua egin beharko balu, Lasturko finalean, gutxienez, Harituzeko bi bertsolari egongo direla esan du.

Sendo dabil Harituzen bertso eskola eta hori dela eta eskualdekoak ez diren bertsolariak ere gerturatzen dira bertara. Ikasturte honetan June Aiestarain beasaindarra eta Lide Arregi oñatiarra gerturatu zaizkie. «Uste dut momentu honetan sendotasun handia duela Harituzek eta hori ikusita gerturatu zaizkigu bertsolari gazteak. Guk denentzako ateak zabalik dauzkagu», esan du Belokik. Eki Mateorena leitzarrak ere parte hartzen du Villabonako bertso eskolan eta aurrerago ospatuko den Nafarroako Eskolarteko Txapelketan arituko da.

Gipuzkoako Eskolartekoari dagokionez, lau kanporaketetako azkena Amezketan ospatuko da, Zazpi Iturri elkartean, martxoaren 31n. Danel Etxeberria eta Arregi ariko dira bertan. June Aiestaran, Eñaut Olarra eta Aratz Arzelus lehenengo saioan ariko dira, martxoaren 10ean, Legazpin. Eta gainerako guztiak, Errezilen: Jon Mendiluze, Izar Zelarain, Jare Bengoetxea eta Beñat Zeberio.

Kanporaketa guztiak bertso afari formatuan egingo dira eta afarirako txartelak Bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da apirilaren 21eko Lasturko finalera eta finaleko seikotea puntuazioaz sailkatutako beste bi bertsolarirekin osatuko da. Finaleko afarirako txartelak kanporaketa guztiak pasatakoan jarriko dira salgai.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!