Euskal eskola publikoaren aldeko aldarria kolorez jantzi dute

Jon Miranda Labaien 2023ko otsailaren 11

Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeak deituta Kalejira Koloretsua egin dute Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik Villabonako Erreboteko plazara. Bailarako musikariek, buruhandi eta erraldoiek hartu dute parte.

Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeak Kalejira Koloretsua egin du gaur Zizurkildik Villabonara eta euskal eskola publikoa sendotzeko aldarria eraman du kalez kale. Eskualdeko hainbat musikarik parte hartu dute kalejiran eta bertan izan dira Villabonako eta Zizurkilgo erraldoi eta buruhandiak.

Aste honetan, taldeak egindako deiari erantzun eta Aiztondoko eskola publikoetako zuzendariek gaurko mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu dute. Gaur kalejirarekin bat egin dute bailarako hainbat herritarrek eta euskal eskola publikoa erdigunean jartzeko eskatu diete erakundeei.

Gizarte justuago eta inklusiboago bat lortzeko gakoa euskal eskola publikoa dela uste dute Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeko kideek eta eskola horiek ikasleen eta familien euskalduntze prozesuan egiten duten lana aitortzekoa dela esaten dute. «Denona, denontzako, euskalduna, laikoa, aniztasunean eta hezkidetzan konprometitua eta kalitatezkoa da Aiztondo bailaran eskola publikoek eskaintzen duten zerbitzua».

Erreboteko plazan egindako ekitaldiarekin amaitu dute parte hartzaileek gaurko Kalejira Koloretsua. Ikastetxe ezberdinetako jertse eta kamisetak jantzita egin dute bidea hainbat guraso eta ikaslek eta amaierako ekitaldian, ikastetxeetako banderolak jarri dituzte taldearen ikur den metaren bueltako lasto fardotan. Aratz Arzelus eta Oihana Iguaran bertsolariek hartu dute parte ekitaldian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!