Altuna III.ak eta Tolosak hanka bat dute finalerdietan

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 6a, 14:00

Laso eta Imazi irabazi diote asteburuan, eta ia ziurtatuta dute bigarren postua. Jakak eta Arangurenek bigarren garaipena lortu dute asteburuan, eta Peñak ezin izan du irabazi Eskirozekin batera jokatu duen partida.

Binakako Pilota Txapelketaren hamaikagarren jardunaldia jokatu da asteburuan, eta pixkana argitzen doaz bikote bakoitzaren aukerak txapelketan jarraitzeko. Altuna III.ak eta Tolosak kolpea eman dute mahai gainean: Laso eta Imazi 8-22 irabazi diete asteburuan, eta bere bigarren postua sendotu dute. Horrela, 8 garaipen pilatu ditu eskualdeko bikoteak, eta Laso-Imaz sei garaipenetan utzi, hirugarren postuan. Amezketarrak eta anoetarrak oso gertu dute zuzenean finalerdietara sailkatzeko aukera. Hurrengo jardunaldian irabazten badute edo Laso eta Imazek galdu, ziurtatuta izango dute bigarren postua, eta beraz, finalerdietan izateko postua berea izango da.

Jakak eta Arangurenek bigarren garaipena lortu dute asteburuan. Peio Etxeberria eta Rezustari 22-11 irabazi diete, eta oraindik matematikoki aukeraren bat badute txapelketan jarraitzeko, baina horretarako falta diren hiru partidak irabazi behar dituzte, eta Etxeberria eta Rezustak hiru partidak galdu beharko lituzkete. Peña asteburu honetan Eskirozekin lehiatu da, Mariezkurrena lesionatuta zegoelako. 22-11 galdu dute Elordi eta Zabaletaren aurka, eta bost garaipenekin seigarren postuan daude. Tolosarrak eta bere bikoteak adi egon beharko dute, Ezkurdia eta Martija hiru garaipenekin daudelako, asteburu honetan irabazi ostean, eta Peña II.ari eta Mariezkurrena II.ar komeni zaie hurrengo partida irabaztea, urduritasunak uxatzeko.

Hurrengo jardunaldian, horrela izango dira norgehiagokak:

  • Otsailak 10, ostirala, Tafallan, Urrutikoetxea-Abisu vs. P.Etxeberria-Rezusta
  • Otsailak 11, larunbata, Iruñean, Altuna III-Tolosa vs. Peña II-Mariezkurrena II
  • Otsailak 11, larunbata, Markina-Xemeinen, Laso-Imaz vs. Elordi-Zabaleta
  • Otsailak 12, igandea, Altsasun, Ezkurdia-Martija vs. Jaka-Aranguren

Promozio mailan, Elizegi txapelketatik kanpo

Promozio mailako iazko txapeldunordea izan zen Iker Elizegi atzelaria, eta aurtengoan txapelketatik kanpo geratu da. Zubizarreta III.a bikote duela, jokatutako hamaika jardunaldietan garaipen bakarra lortu dute, eta dagoeneko ezin dira txapelketan jarraitu ahal izateko seigarren postura iritsi. Asteburuan Alberdik jokatu du Zubizarreta III.aren ordez, eta 22-8 galdu dute Victor eta Gaskueren aurka.

Martxel Iztueta tolosarrak oso gertu du aurrera egitea bere lehen txapelketan, baina ez du oraindik matematikoki ziurtatuta. Agirre bikote duela bost garaipen lortu dituzte orain arte eta seigarren postuan daude. Egiguren V-Erostarbe daude zazpigarren postuan, bi garaipenekin. Falta diren hiru jardunaldietan Agirre-Iztueta bikoak nahikoa du garaipen bat lortzea seigarren postua ziurtatzeko. Asteburuan Ibarran jokatu dute txapelketako partida, eta galdu egin dute Dario eta Bikuñaren aurka, 18-22. Albiste okerrena, ordea, Iztuetak berriro ere eskuko minez bukatu zuela partida izan da.

Hurrengo jardunaldia horrela izango da:

  • Otsailak 10, ostirala, Tafallan, Bakaikoa-Morgaetxebarria vs. Exposito-Bikuña
  • Otsailak 11, larunbata, Markina-Xemeinen, Agirre-Iztueta vs. Salaberria-O. Etxebarria
  • Otsailak 11, larunbata, Iruñean, Egiguren V-Erostarbe vs. Zubizarreta III-Elizegi
  • Otsailak 12, igandea, Altsasun, Zabala-Gaskue vs. Larrazabal-Eskiroz

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!