Profesionalak eta herriko gazteak, jaialdi berean Belabieta pilotalekuan

Imanol Garcia Landa 2023ko ots. 4a, 20:59

Promozio mailako binakako txapelketako partidan, Iztueta tolosarrak eta Agirrek 18-22 galdu dute Dario eta Bikuñaren aurka.

Lehen aldiz profesionalen partida izan da Belabieta frontoian, eta horrez gain, Ibarrako pilotari gazteak ikusteko aukera izan dute herritarrek. Jaialdiko bigarren partida izan da profesionalena, eta Martxel Iztueta tolosarrak eta Agirrek ezin izan dute garaipena eskuratu. Aurretik izan dira partida osoan, 18-13 ere joan dira, baina urdinak 22raino zuzenean joan dira. Iztuetak partidaren amaieran azaldu duenez, «partida ondo hasi naiz, baina gero pilota eskuan sartu zait eta minarekin egon naiz eta ezin izan dut jokatu nahi bezala». Eskuin eskua mindu zaio batez ere, baina ezker eskua ere pixka bat ukituta geratu zaio. Aurreko asteburuan ez zuen jokatu Iztuetak, hain justu, eskuko minez zegoelako, eta gaurko partidan berdin bukatu du.

Penarekin bukatu du partida Iztuetak, batez ere ikusita gustura hasi dela eta gero eskua izorratu ondoren, partidak buelta eman duela. Gorriak 10-3, 12-9 eta 18-13 joan dira aurretik, baina Dario eta Bikuña ohartu dira Iztueta ez zegoela eskuetatik fin eta tolosarra zigortzen hasi dira. Horrez gain, Dario ere hobeto aritu da, eta pilotakada indartsuak jo ditu atzeko koadroetara. Belabietako frontoia gustatu zaio Iztuetari jokatzeko, eta eskertu du zaleek beraiei emandako animoak. Hamaikagarren jardunaldia jokatu dute Agirre-Iztuetak eta gaurko porrotaren ondoren seigarren postuan daude, guztira bost garaipen lortuta.

Gazteek ikuskizuna eman dute

Belabietako jaialdian 175 ikusle inguru izan dira, eta herriko gazteak pilotan nola ari diren jokatzen ikusteko aukera izan dute. Goikoetxea, Perurena eta Castro ibartarrak aritu dira jokatzen eta beraiekin Gorostidi amezketarra. Perurenak eta Castrok eraman dute garaipena, 22-8, Gorostidi eta Goikoetxearen aurka. Hasiera parekatua izan da, baina pixkana gorriak abantaila hartu dute eta tartea handitzen joan dira. Tanto politak ikusteko aukera izan da, eta pilota ederki mugitu dute lau pilotariek. Bukaeran pilotari profesionalekin argazkia ateratzeko aukera izan dute, eta herritarren aurrean jokatzeaz gain, horixe izan da beraien gaurko sari nagusia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!