Tolosaldeko ospitale publikoa

Alkateen Mugimenduak bat egin du TOPAk larunbaterako egin duen deialdiarekin

Ataria 2023ko otsailaren 2a

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko kideek «Tolosaldeko herritar orok, hala nahi izanez gero, Donostian artatua izateko duen eskubidea bermatzea» eskatu dute.

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak bat egin du TOPA koordinakundeak larunbatean Donostian egingo duen elkarretaratzearekin.  Esan dute behin eta berriz adierazi dutela azken urteetan eskualdeko osasun arretaren inguruko kezka eta larritasuna, eta uste dute hilabete hauetan egoerak ez duela hobera egin. «Gure herritarrek jasotzen duten osasun arretaren inguruko kezka egunez egun areagotu besterik ez zaigu egiten. Lehen arretaren kalitatea nabarmen jaisten ari da, eta hori nabaria da gure herrietan; itxaron zerrenda luzeak, osasun langileen ordezkoen falta, euskaraz artatua izateko ezintasuna... Hori gutxi balitz, eskualdeko ospitale publiko baten faltak arazoa areagotu besterik ez du egiten», esan dute. Osakidetza inflexio puntu batean dagoela uste dute eta orain dela garaia etorkizuneko osasun sistema publiko baten oinarriak zehazteko. Alkateen Mugimenduaren ustez garaiz gaude oraindik Tolosaldeko osasun sistema integrala guztion ahotsarekin eta elkarlanean diseinatzeko, eta «udal ordezkari gisa» duten erantzukizunetik «berriz ere eskua luzatzen diogu Osasun Sailari ariketa hau seriotasunez burutu dezan».

Gehitu dute, era berean, jakina dela, eskualde ospitale bat ez dela epe motzean egingo eta bitarte horretan eskualdeko herritarrek eskubide osoa dutela duintasunez artatuak izateko. «Hori horrela, bat egiten dugu TOPAk larunbat honen goizeko 12:00etan, Donostiako ospitalean antolatu duen elkarretaratzearekin eta Tolosaldeko herritar orok, hala nahi izanez gero, Donostian artatua izateko duen eskubidea bermatzea eskatzen dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!