Eskualdeko ospitale berriaren aurrean kezka azaldu du Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak. Kezka horren iturri Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren hitzak izan direla azaldu dute. Horrez gain, ospitale berria martxan jartzerako 10 urte igaroko direla iritzi dute, eta ondorengo galdera luzatu dute: «Eta bien bitartean, zer?». TOPAk argi du galdera horren erantzuna zein izan beharko litzatekeen: «Paziente bat ez baldin badago ados Tolosaldean eskaintzen zaion arretarekin, aukera izan dezala Donostia ospitalera eta hango espezialistengana joateko». Eskubide hori defendatzeko elkarretaratzea egingo dute larunbat honetan, 12:00etan, hiriburuko ospitale publikoaren aurrean.
Autobusez joan nahi duenak izena ondorengo puntuetan eman behar du:
- Tolosa: 3 Taberna, Orbela eta Larramendi okindegia.
- Villabona: Iratzar taberna.
- Andoain: Ernaitza liburu denda.
Tolosaldeko ospitale berriaren inguruan, «zalantza asko»
TOPAk gaur arratsaldean Zerkausian egin duen agerraldian, Gotzone Sagarduik Euskadi Irratian esandakoa izan du hizpide: «Tolosaldean egin behar duten ospitalea EAEko gainerako eskualdeetako ospitaleen antzekoa izango da, esan zuen elkarrizketa horretan Osasun sailburuak, baina honako hau gehitu zion gero: bere berezitasunekin».
Bi hitz horiekin Sagarduik zer esan nahi zuen jakin nahi dute TOPAtik: «Aurtengo aurrekontu orokorrean aurkeztutako zerbitzu-kartera Gernikako Erresoluzio Handiko Zentroak duen karteraren kalko huts bat da. Hori ez da 'gainerako eskualdeetako ospitaleek' duten antzeko zerbitzu-kartera».
Beste 'berezitasun' horietako bat ondorengoa dela diote TOPAko kideek: «Ospitale berriak 17 kanpo kontsulta eta hainbat espezialitaterentzako eguneko ospitalea izango omen ditu, baina espezialitate horientzako ekiporik gabe; espezialistez osatutako ekiporik gabe. 'Gainerako eskualde ospitale' guztiek dituzte horrelako ekipoak».
Ohe kopuruaren inguruan ere kezka agertu dute plataformatik: «Sailburuak ospitaleak 50 ohe izango dituela adierazi du. Arrasateko ospitaleak, gurearen antzeko biztanle kopurua artatzen dituenak, 95 ohe ditu. Hori izango dugu beste berezitasunetako bat».
Ebakuntzen inguruan ere beste 'berezitasun' bat aurkitu dutela esan dute: «Esan zuen kirurgia txikia ospitale berrian egingo zela, baina Donostia ospitalera joan beharko zela konplexutasun kirurgiko handiagoa duten kasuetan. Kasu horiek, gainerako eskualdeetan, ospitalean bertan gauzatzen dira, horretarako azpiegitura dutelako. Hara hor beste berezitasun bat».
TOPAk ondorengo ondorioa atera du: «Ospitale berri horrek aukeran berezitasun gehiegitxo ditu!».
Osasun publikoaren aldeko plataformako kideek, ez dute uste gainerako eskualdeek jasotzen dutenaren antzeko kalitateko zerbitzurik eman daitekeenik horrela. «Berezitasun horiek aldez aurretik argitu behar dira, gero berandu izango da eta».
Alta, mobilizatzeko nahikoa arrazoi daudela uste dute TOPAtik. Horregatik, larunbatean elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak, Gure osasun eskubideen alde lelopean, Donostian.