Bere bizipena familiari lotutakoa da. «Nire amarekin gertatu zen, 2021eko urrian», gogoratzen du A.L.-ak: «Analisi arrunt batean, odolean zerbait kezkagarria egon zitekeela ikusi zioten, benetan larria izan zitekeen gaixotasun bat. Proba gehiago egin behar zitzaizkiola esanaz deitu zigun hematologoa berak. Garai hartan hematologoa Asuncionen zegoen, presentzialki lanean».
Lehen proba egin ondoren, bigarrengo bat egin behar ziotela esan zioten A.L.-ren amari, «zehatzagoa». Hilabeteko tartea eman zioten bigarren proba hori egiteko. Lehenengoaren emaitzak, berriz, aste pare batera jasoko zituztela esan zieten, «presentzialki». Bi aste horien bueltan, ordea, hitzordua baino bi egun lehenago, SMS mezu bat jaso zuten Asuncion Klinikatik: «Zita hori presentzialki ez zela egingo esan ziguten, telefonoz baizik».
Telefono deiaren zain
Goiz guztia telefonoari begira pasa zutela dio eskualdeko herritarrak, deiaren eguna iritsia baitzen: «Inork ez zuen deitu. Hurrengo egunean ere inork ez zuen deitu. Eta horrela egun batzuk pasa genituen. Inork ez zuela deitzen ikusita, haserre batean, klinikara bertara joan nintzen». Bertan, bezeroaren arreta zerbitzura deitu behar zuela esan zioten A.L.-ri. «Deika eta deika aritu nintzen, eta hasiera batean, inork ez zuen erantzuten. Erantzuten zutenean, inoiz ez zegoen guri erantzuna eman behar zigun pertsona. Deituko zidatela esaten zidaten, baina ez zuten deitzen».
Tarte guzti horretan, familiak buruan gauza bakarra zeukan: «Amak gaixotasun larri bat izan zezakeela besterik ez genuen pentsatzen; minbizi bat izan zitekeela. Lehen analisi arruntaren ondoren hori helarazi zitzaigun guri. Izan zitekeela eta kontrolatu beharra zegoela».
Gauza nola zihoan ikusita, A.L. eta bere ama Asuncion Klinikara joan ziren: «Zuzenean zuzendaritza zegoen lekura joan ginen, eta edukazio guztiz hartu gintuzten. Oso haserre jarri nintzela gogoan dut. Aurpegira parrez aritu zitzaizkigula ikusten nuen, eta zurikeria horren aurrean, oraindik eta haserreago jarri nintzen. Zer gertatzen zen galdetu genuen; inork ez zigula deitzen».
Ordurako kalean bazebilen zurrumurru bat, eta hori horrela ote zen jakin nahi zuen A.L.-k, eta galdetu egin zuen Asuncion Klinikako zuzendaritzan: «Hematologoa Asuncionen presentzialki ez zela ari lanean entzun genuen, eta hori horrela ote zen galdetu nien. Egia zela esan ziguten, Madrildik bat etortzekoa zela baina azkenean urtarrila arte ez zela etorriko. Niri berdin zait hori, esan nien. Esaten ari zarete ez daukazuela une honetan hematologorik, eta gezurretan aritu zaretela tarte guzti honetan; nire amari oraindik ez zaizkio emaitzak iritsi. Dena onartu ziguten, eta horren aurrean, espedientea Donostiara eramatea eskatu nuen. Beraiek hori ere onartu zuten, eta Donostiatik deituko zigutela esan ziguten».
Baina berriro ez zuen inork deitzen, eta hori ikusita, eskualdeko herritarra Donostiara joan zen: «Asuncionetik inongo espedienterik ez zitzaiela iritsi esan ziguten. Bidaliko zutela, ahalik eta azkarren egingo zutela, ahal zuten zerbitzu onena ematen ari zirela eta abar esan zizkiguten Asuncionen, eta berriro ere gezurretan».
Familiako medikuaren bitartez, azkenean, lortu zuten espedientea Donostiara eramatea. Tarte horretan, Asuncionetik deitu zieten: «Barkatzeko eta mediku batek ikusiko zuela nire ama esan ziguten. Joan ginen eta zorionez ez zela gaixotasun larria esan zigun medikuak. Hematologoa ote zen galdetu nion, eta berak ezetz. Emaitza haietan berak zer ikusten zuen esan zigun, baina ez zela espezialista; Donostiako hematologia sailean begiratu beharko zutela zehaztasun gehiago izateko. Egia esan, mediku hark lasaitasuna eman zigun. Azkenean, hariari tiraka, bera ere Asuncionetik joatekoa zela onartu zigun, beste espezialista asko bezala».
«Osasunarekin ez da horrela jolasten»
Donostian jasotzen ari diren zerbitzuarekin gustura daude A.L. eta bere ama. 2021 urte amaiera horretan bizitakoa, ordea, ez dute ahazten: «Garai horretan eskualdeko norbaitek zerbait larria izan baldin bazuen hematologiari lotuta, eta bere tratamendua hilabetez atzeratu zitekeela pentsatzea... Ez daukat zalantzarik mediku horien profesionaltasunaz, baina bai gestioaz. Kudeaketa argi ikusi dut ustela dela. Ez diot inori opa nahi guk pasa genuen hilabete hori. Ozen salatu beharra dago».
A.L.-rentzat ez luke horren zaila izan behar egia kontatzeak: «Herritarrei gardentasunez hitz egitea sinplea dela uste dut. Ospitaleko egoera ezin baldin badute kudeatu, edo dena delakoa, garbi hitz egin. Osasunaz ari gara. Ez dut uste gezurretan ibiltzeko lekua denik. Hasieratik hematologia sailaren egoera zein zen kontatu izan baligute, azkarrago mugituko nituen gauzak, eta dena Donostiara bideratu. Ez genuen itxaronaldi hain luzea izango».