Ibai Iriarte EH Bilduko legebiltzarkide tolosarrak idatzizko bi galdera egin dizkio Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuari, Asuncion Klinikari buruz. Bata, hematologia zerbitzuaren ingurukoa da, eta bestea, «neurozirujauari ebakuntzak egiteko jarri zaion debekuari buruzkoa».
Hematologia zerbitzua
Hasteko, Ibai Iriartek azaroaren 21eko Osasun Batzordean salatua gogoratu du: «Tolosako Asuncion Klinikako hematologoa bere sorterrira joan zela eta oraindik ez dela itzuli». EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, «badirudi urtarrilean itzuliko dela». Bitartean, gaixoak Whatsapp bidez artatzen ari dela jakinarazi du Iriartek: «Honen aurrean, gaixo asko ez da moldatzen eta onartezina den zerbitzua ematen ari da». Horregatik, sailburuari argibideak eskatzea «komenigarria» ikusi dute EH Bildutik.
Besteak beste ondorengo galderak erregistratu ditu legebiltzarrean:
- Jakitun al da Osasun Saila Asuncion Klinikako hematologoa ez dela bertatik bertara lanean ari?
- Zein neurri hartu ditu Osasun Sailak egoera honen aurrean?
- Zenbat gaixo izan dira artatuak Whatsapp zerbitzu bidez?
- Zenbat utzi dira artatzeaz?
- Zenbat tratamendu eta froga jarri dira telefonoz?
- Ireki al da diziplinazko espedienterik egoera anker honen aurrean?
- Ba al du Osasun Sailak hematologoa noiz itzuliko denaren informaziorik?
- Zein iritzi du Sailak honen inguruan?
- Normala iruditzen al zaio?
«Ebakuntzak egiteko debekua»
Ibai Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidearen bigarren galdera Asuncion Klinikako neurozirujauari buruzkoa da: «Orain gutxi jakin dugu Asuncion Klinikako neurozirujauari ebakuntzak egiteko debekua jarri diola Osasun Sailak». Iriarteren esanetan, «jada itxarote zerrendan dauden herritarren egoera okertu egin da, eta minen edo bajan daramaten hilabeteak luzatzea dakar guzti honek».
Argibideak eskatzen aldera, ondorengo galderak luzatu dizkio tolosarrak Gotzone Sagardui Osasun sailburuari:
- Noiz kendu zaio aipatu medikuari ebakuntzak egiteko baimena? Zergatik?
- Hartu al da bestelako neurririk?
- Zein erantzukizun du Osasun Sailak guzti honetan? Eta Asuncion Klinikak?
- Ireki al zaio espedienterik Asuncion Klinikari?
- Nora deribatzen ari dira gaixoak egoera guzti honen aurrean?
- Zein iritzi dute deribazioa jasaten ari diren ospitaleetako arduradunek egoera honen aurrean?
- Izan al da inongo komunikaziorik lehen arretako medikuekin?
- Zein epe aurreikusten du egoera berriz ere 'normalizatzeko'?
Asuncion Klinikaren erantzuna
Tolosaldeko Ataria Asuncion Klinikarekin harremanetan jarri ondoren, hematologia zerbitzuaren inguruan, klinikatik ondorengoa azaldu dute: «Gure hematologoak duela aste batzuk joan behar izan zuen bere jaioterrira ama bat-batean hil zitzaiolako. Nolanahi ere, paziente guztiak telefono bidezko hitzorduaren bidez artatu ditu, eta kontsulta presentziala behar duten kasuak Barne Medikuntzako Zerbitzura bideratu ditu, zerbitzuarekin etengabeko koordinazioan lan eginez».
Asuncionetik azpimarratu dutenez, «dena normaltasun osoz garatu da, eta ez dugu horri buruzko kexarik jaso».
Hematologoa Tolosara noiz itzuliko den galdetuta, klinikatik zera adierazi dute: «Une honetan, hilabeteko oporrak hartzen ari da, baina, bere borondatez, kasu larrienak telefonoz kontrolatzen jarraitzen du. Oporrak amaitzean, normaltasunez itzuliko da ohiko errutinara».
Bizkarrezurreko ebakuntzen debekuaren inguruan, Asuncion Klinikak zera zehaztu du: «Osasun Sailak eskatu du, aldi baterako, Osakidetzako pazienteei gure zentroan zutabe-ebakuntzarik ez egiteko, administrazio-kontuengatik». Klinikatik gogoratu dutenez, «eskualdeko ospitaleek ez dute zerbitzu hori izaten, eta kontua da ea eskualdeko batek kirurgia mota hori egiteak zentzurik duen, Donostiako Ospitale Unibertsitarioak zerbitzu hau duela kontuan hartuz».
Osasun Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza
Juan Manuel Sanzo Ollakarizketa Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Gipuzkoako ordezkaria da. Asuncion Klinika eta Osakidetzaren arteko akordioa medio, Sanzoren iritzia bildu nahi izan du Tolosaldeko Atariak.
Bi gaien inguruan galdetuta, ondorengoa izan da Sanzoren erantzuna: «Legebiltzarreko bi galdera dira, Osasun sailburuari zuzenduak. Osasun Sailak eta Osakidetzak Legebiltzarretik egiten diren galdera guztiei erantzuten diete, ezarritako bide eta prozeduren bidez; hala egingo da kasu honetan. Beraz, prozedurak eta epeak errespetatu behar dira».