Erreportajea

Berezkoak dituzte

Rebeka Calvo Gonzalez 2023ko urt. 26a, 11:58

1928ko inauteriak, Lizartzan. Argazkia: dantzan.eus

Negua atzean utzita, lurra lozorrotik esnatzea helburu duten dantzak izan ohi dira inauteri dantzak; Lizartzan, Abaltzisketan eta Amezketan garai honetako dantza bereziak dituzte.

Inauteri dantza propioak dituzte Lizartza, Amezketa eta Abaltzisketan. Hiruek dituzte antzekotasunak, antza hiruetan irudikatzen baitute neguaren bukaera eta lurraren esnatzea. Lizartzan hala ere, dantza sorta zabaldu dute, eta 10 dantzek osatzen dituzte inauteri dantzak; paseoa, lehenengoa, bigarrena, seigarrena, ostiko dantza, etxe dantza, lau ostiko, azken paseoa, makil dantza eta pala dantza. Horrela gogoratu du Josune Zubeldia lizartzarrak Xanti Nazabalek 'Ataria Irratia'-n gidatzen duen Oinak Arin irratsaioan. Inauteriak bi asteburutan banatuta ospatzen dituzte lizartzarrek, Tolosako Inauterien aurreko bietan, hain zuzen. Aurten hortaz, otsailaren 4an, eta otsailaren 11 eta 12an ospatuko dituzte. Lehen asteburuan Txekor Eguna izaten dute. «Antzerki bat egiten dugu txekorraren hiltzea irudikatuz. Garai batean, 1994 urtean, inauteriak berreskuratu genituenean, bai hiltzen zela txekorra plazan, zintzilika jarri... baina orain ez. Antzerkia egiten dugu orain, gibel jatea egiten dugu eta Gipuzkoako dantzak egiten ditu herriko Otsolar dantza taldeak», gaineratu du lizartzarrak.

Inauteri dantzak hurrengo asteburuan egiten dituzte, otsailaren 11 eta 12an aurtengoan, eta dantzak puska biltzearekin bat egiten du. Horrela kontatu du Zubeldiak: «Inauterien asteburuan egiten ditugu inauteri dantzak. Puska biltzea egiten dugu, larunbatean baserrietan eta jai egunean kalean. Larunbatean 07:30ean etxafuegoa botatzen dugu eta 13:30ak arte aritzen gara baserriz baserri. Puska biltzen egon eta gero frontoian biltzen gara eta bazkaria egiten dugu. Puska biltzen jasotako guztia gerora jaten dugu, inauteriak eta gero, Puska Biltze Afaria deitzen diogu; txantxok, dantzarik, lanen ibilitakoak... denak bildu eta orduan jaten dugu».

Kaleko puska biltzea ere dantzako jantziekin egiten dute, kalez kale ibiltzen dira dantzan eta gero plazan eskaintzen dituzte inauteri dantzak. Inauteri dantzen sortak 10 dantza ditu, baina baserriz baserri aritzen direnean ez dituzte guztiak egiten; makil dantza eta pala dantza kalean puska biltzen ibiltzen diren egunean bakarrik egiten dituzte. Jai egunean bada berezia den beste dantza bat ere; soka dantza. Igandean egiten dute eta aurreskua bezala, soka dantza berezia dute Lizartzan.

Elementu berezi gehiago dituzte lizartzarrek Zubeldiak gogoratu duenez. Larunbatean dantzariekin batera txantxoak ere ibiltzen dira, zaku bat eramaten dute soinean. «Batera joaten gara, dantzariek dantza egiten dute eta txantxoek mozorrokeriak, puskak bildu...».

Lizartzako dantzariek galtza eta alkandora zuriak, gerriko eta txapel gorriak eta mantoia koloretsua eramaten dituzte. Saihetsetan, gerrikotik zintzilik, kolore desberdinetako bi zapi eramaten dituzte, era berean. Alpargata zuri eta lokarri gorriekin eta besoetan zintzilik jartzen dituzten zinta gorri batzuekin osatzen dute jantzia. Eta bukatzeko aurrealdean urre eta zilar koloreko apaingarriak izaten dituzte. Guztira 12ko taldea osatzen dute, inauteri dantzak egiteko gutxienez 12 dantzarik osatutako taldea osatu behar baita, kruzeak egin ahal izateko; kapitaina, sarjentua, 8 dantzari eta bi espenserok osatzen dute taldea. «Garai batean bi zaldidun joaten ziren ere, antza puska biltzen joaten ziren urrutien zeuden eta dantzariak iristen ez ziren baserrietara». Baserriko lanarekin zerikusia duten keinuak dituztela esan ohi da.

Talai dantza

Amezketan eta Abaltzisketan ere inauteri dantza propioak dituzte, dantza bana hain zuzen. Amezketako Julen Otamendi Txino amezketarrak esan du Talai dantza Tolosako Inauterien asteburu berean egiten dutela. «Larunbatean baserriz baserri ateratzen gara. Bi taldetan banatu eta batzuk Amezketako baserrietara joaten dira eta Bedaiora joatzen da beste taldea. Igandean kalea egiten dugu, baita kale aldera geratzen diren beste baserri batzuetako itzulia ere». Mahoizko galtzekin ateratzen dira, baina garai batean zuriz jantzita ateratzen ziren. «Gerra pasa zenean —36ko gerra— etxean zegoenarekin ateratzen ziren, eta ordutik horrela ateratzen gara. Alkandora eta galtza zuriak eta koloredun zapia jartzen zituzten garai batean, eta gaur egun mahoizko galtzak jartzen ditugu». Amezketako Talai dantza eta Abaltzisketako Txantxo dantza nahiko antzekoak dira, Amezketan hiru aldiz errepikatzen dute eta Abaltzisketan bi. Amezketan musika azkarrago doa, gainera.

Txantxo dantza

Abaltzisketan Txantxo dantza dute berezkoa. Maialen Senperenak gogoratu du Inauterietako igandean ateratzen direla eta etxez etxe eta baserriz baserri ibiltzen direla puska biltzen eta dantzan. Hor ere 36ko gerrarekin ohitura galdu zuten eta herritar talde batek lan handia egin zuen 70eko hamarkadan San Juan bezperako dantzekin batera, Txantxo dantza berreskuratzeko.

Abaltzisketan gerra aurreko jantzi berdinak mantendu dituzte; zuriz jantzita joaten dira, brodatu zuriak dituzten txapel gorria dute, gorbata beltza, abarkak eta artilezko galtzerdiak eta gorria eta gehienbat horia diren bi zapi eramaten dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!