Urtekaria 2022

Eskualdeko demografia datuak, herriz herri

Ataria 2023ko urt. 5a, 20:00

Tolosaldeko eta herriz herriko jaiotza, heriotza eta migrazio datuak bildu ditu ATARIAk bere webgunean; eskualdean 2001tik 2021era %13 egin du gora biztanleriak. 2021ean 48.058 biztanle zituen.

EITB taldeak eta Tokikom tokiko komunikabideen sareak sinatutako Saretzen lankidetza akordioari esker, eskualdeko herriz herriko 2001 eta 2021 urteen arteko demografia datuak argitaratuko dira aurten TOLOSALDEKO ATARIA-n. Demografiak herrietako jaiotze eta hilkortasun tasak, eta migrazioa hartzen ditu kontuan.

Tolosaldeko datu orokorrari erreparatuta azken 20 urteetan eskualdeko biztanleria %13 igo dela ikusi daiteke. 2001ean 42.544 biztanle zituen eta 2021ean berriz, 48.058. 28 herrietatik 26tan igo da eta bik berriz, biztanle gutxiago dituzte: Amezketak 23 eta Belauntzak 11 gutxiago.

Tolosaldeko jaiotza eta heriotza datuak aztertuta ikusi daiteke, 2001etik 2016ra jaiotza gehiago izan zirela heriotzak baino. 2017an berriz, jaiotza eta heriotzak parekatu ziren, eta hortik aurrera heriotzak gehiago dira.

Biztanleriaren adin tarteari erreparatu dio ATARIA-k, eta eskualdeko biztanleria iaz, horrela banatzen zen: 20-59 urte artekoak dira biztanleriaren zatirik handiena, erdia pasatxo (%51); ondoren, 60 urtetik gorakoak (%29); eta azkenik, 20 urtez azpikoak (%21).

Era berean, eskualdeko herrietan azken 20 urteetan izan diren biztanleriaren mugimenduak ikusi daitezke, inmigrazioak eta emigrazioak kontuan hartuta. 2021. urtean eskualdetik joan zirenak 2.132 herritar izan ziren eta aldiz, etorri zirenak, 2.400 herritar; beraz, ondoriozta daiteke, beste herrialdeetatik ia 300 herritar berri jaso dituela eskualdeak.

Baliarrain, eskualdeko herririk gazteena

Tolosaldean, Alkizarekin batera, herririk gazteenetako bat da Baliarrain. Hogei urtetik beherako 46 herritar daude Baliarrainen. Biztanleri osoaren %30. 60 urtetik gorako baliarraindarren bikoitza dira ia gazteak. 14 eta 24 urte arteko hemezortzi gazte dira, esaterako. Herria bizirik dagoela zabaldu asmoz, Gazte Eguna antolatu zuten lehenengo aldiz urrian. 220 pertsona elkartu ziren, esaterako, afarian.

Iruran %215 hazi da biztanleria 20 urtetan

Tolosaldean 2001etik 2021era gehien hazi den herria izan da Irura, %215 egin du biztanleriak gora. Irura hazteko apustua egin zuen Marimi Ugaldek, 1995ean, alkate zela: «Gazte jendea kanpora joaten zen bizitzera». Horren aurrean, proiektu bat abiatu eta 200 etxebizitza inguru egin zituzten. Hazkundeak azpiegiturak berregokitzea ekarri zuen eta bilakaerak jarritako erronkei erantzuten ari da egun udala.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!