Hizkuntzen Erabileraren 2021eko Tolosako Kale-Neurketaren emaitzak eta ondorioak aurkeztu dituzte Galtzaundi Euskara Taldeak, Tolosako Udalak eta Uemak. 1985etik, urtero egiten dute neurketa Tolosan, eta iaz, 3.176 elkarrizketaren eta 8.092 hiztunen informazioa bildu zuten. «Jasotako datuen bolumen handiak, fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea ahalbidetzen du», diote Galtzaundi Euskara Taldetik.
2019ko kale-neurketan, datu historiko bat jaso zen: ehun urtean lehen aldiz euskara gaztelania baino gehiago entzun zen Tolosako kaleetan. Bada, azken neurketaren ondoren, are nabarmenagoa da datu hori. Euskararen kale-erabilera berrindartu egin da Tolosan azken 36 urteetan: 1985ean, %29koa zen; 2021ean, berriz, %50,9koa. «Euskararen emaitza hau neurketak egiten direnetik jasotako altuena da, eta lehen aldiz gainditu da %50eko langa», azaldu dute Galtzaunditik.
Iazko neurketako datuen arabera, %46,7k egiten zuen gaztelaniaz Tolosan, eta %2,4k gainerako hizkuntzetan. 2019an euskara Tolosako kaleetako hizkuntza nagusia bilakatu zen, eta, orain, «euskarak espazioa irabazten jarraitzen du Tolosako kaleetan», esan dute euskara taldetik.
Haurrak (2-14 urte) dira Tolosako kaleetan euskara gehien erabiltzen dutenak: %72,5. Atzetik heldu-gazteak (25-39 urte) daude: %62. Horiei jarraiki, gazteak (15-24 urte) daude: %54; gero, heldu-nagusiak (40-64 urte): %42; eta azkenik, adinekoak (65 urtetik gorakoak): %35. «39 urtetik gorakoen eta beherakoen artean aldea dago: gazteagoek %65,5eko erabilera erregistratu dute; helduagoei %39ko erabilera neurtu zaien bitartean», nabarmendu dute Galtzaunditik.
2021ekoan, 52.000 hiztunen informazioa
Tolosaldeko Hizkuntzen Erabileraren 2021eko kaleko erabileraren neurketaren emaitzak aurkeztu dituzte Uemak eta Galtzaundi Euskara Taldeak. 2017. urtetik, bigarren aldia da Tolosaldeko herri guztietan hizkuntzen erabileraren kale neurketa egiten dena eta aurtengoan ere, Uemak udalerri euskaldunetan egin duen neurketarekin batera egin dute eskualdekoa. 2021ekoan, 52.000 hiztunen informazioa bildu dute eskualdeko 28 herrietako kaleetan. Jasotako datuen bolumen handiak 2017an baino 9.000 hiztun gehiago jaso dira oraingoan, fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea ahalbidetzen du.
Euskararen kale erabilera indartu egin da Tolosaldean azken lau urteetan; 2017an, %56,5ekoa zen eta 2021ean, berriz, %60,4koa da. Euskararen kale erabilera gaztelaniarenaren (%37,1) eta gainerako erdarenaren (%2,5) gainetik erregistratu da. Haurrak (%78) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Ondoren gazteak 15-24 urte (%68) daude, eta horiei jarraiki heldu-gazteak 25-39 urte (%64), heldu-nagusiak 40-64 urte (%51) eta adinekoak (%45). Bilakaera horretan azpimarratzekoa da 39 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 39 urtez azpikoek %72ko erabilera erregistratu dute, 39 urtez gainekoei %49ko erabilera neurtu zaien bitartean. Hala ere, aipatu, adin tarte guztietan euskaraz elkarrizketa gehiago jaso direla gaztelaniaz baino, adinekoen kasuan izan ezik.
Herri erdaldunenetan euskararen erabilerak gora egitea «pozgarria da zalantzarik gabe», Galtzaundi eta Uemarentzat. Baina beste aldetik, arnasguneetan izandako bilakaerak kezka sortu du. «Kontuan hartu behar da arnasgune hauek euskararen birikak direla, edozein hizkuntzak iraungo badu beharrezkoak dituela, bertan hizkuntza eroso bizi delako, birsortzen delako eta transmititzen delako», diote. Arnasguneetan beheranzko bilakaera hori gelditzea da helburua, eta beste udalerriak ere erakartzen joatea eta gorakada horri eustea: «Harro egoteko moduko datuak ditugu, edozein eskualdetan ez dituztenak, baina era berean ardura berezi batekin jokatu behar dugu».
ETXEKO ERABILERA BEHERA
Eustat estatistika institutuak bost urtetik behin argitaratzen ditu datuak, hau da, datu aitortuak, eta urriaren amaieran argitaratu zituen euskarari dagozkionak. Orain, Uematik nabarmendu dutenez, udalerri euskaldunen kopurua igo egin da, eta Tolosaldean ere, udalerri guztiek jarraitzen dute udalerri euskaldun izaten, baina «kezka» sortzen duten datuak ere badira, euskaldunenei begiratuta, igoerarik ez baita eman.
Uemaren esanetan, «oro har, ezagutzaren beheranzko joera eten egin da udalerri euskaldunetan, baina aurreko urteetako galera ez da berreskuratu, eta horrek ondorio nabarmenak ditu euskararen erabileran. Euskaldun-dentsitate handieneko udalerri gutxiago dago». 1991n 22 udalerrik zuten %80tik gorako ezagutza; 2021ean, ordea, 20 herrik dute %80tik gorako ezagutza.
Lehen hizkuntza eta etxeko erabilerari begiratuz gero, ordea, jaitsiera nabarmena da, eta bereziki jaitsi da herririk euskaldunenetan edo arnasguneetan. Euskara da Tolosaldean herritar gehienen lehen hizkuntza (% 53). «Etxeko erabileran gertatu da jaitsierarik nabarmenena, eta galera hori ez da eten oraindik». Hizkuntza batek bizirik iraun dezan beharrezkoak dituela arnasguneak diote: «Hizkuntza bizirik eta modu natural batean transmitituko diren herriak, azken batean euskaraz bizi diren herri horiek beharrezkoak dira euskararen biziraupenerako». Eta arnasgune diren herri horietan «bilakaera negatiboa» izaten ari da.