Urtekaria 2022

Saseta Defentsa Sistemaren eremu geografikoa zabalduz

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 3a, 20:00
Mikel Alberdiren gorpuzkinak Tolosara eraman zituztenean ateratako familia argazkia.

Azkeneko urteetan Aranzadi zientzia elkarteak egindako lana eta gero, Zarautzen hilobiratuta zegoen Mikel Alberdiren gorpua Tolosara ekarri dute; frontean hil zuten Azpeitiko Komandantziako lehen gudaria zen.

Azken urteetan Saseta Defentsa Sistema ikertuz ibili da Aranzadi zientzia elkartea. 36ko gerran, Andazarrateko mendigunean, Aduna, Zizurkil eta Asteasu udalerrietako mendietan eraikitako kilometro bat baino gehiagoko luzera zuen lubakien sistema eragingarriari deitu izan diote Saseta Defentsa Sistema. Azpeitiko Komandantzian izen emandako gudariek, Candido Sasetak zuzenduta eraiki zituzten lubakiak, eta horri eskerrak, tropa kolpistei aurre egin zieten 1936ko abuztuaren 16tik irailaren 19ra bitarte.


Azpeitiko Defentsa Batzordea antolatzeko 1936ko abuztuaren 5ean bildu ziren Loiolako santutegian herrialdeko erakunde nazionalista ugarietako arduradunak. Saseta kapitaina izendatu zuten komandante buru, ordura arte kolpistek izandako aurrerapen geldiezinari eusteko. Defendatzen zuen azalera sendotzera jo zuen batzordeak eta fronte ugarietan, erasoko lana baino gehiago erresistentziakoa egin zuen. Lehen ekintzak hegoaldeko eta hego-ekialdeko defentsa lerroan egin eta kontrolpean hartu zituzten Murumendi, Beizama, Bidania-Goiatz eta Hernio. Gerra jarduera horietan funtsezkoa izan zen Euskal Mendigoizaleen Batza erakundeko kideek inguruaz zuten ezagutza zabala. Mendigoizale haien agintari nagusia zen Mikel Alberdi Garcia eta Albizturko mugan hil zuten 1936ko abuztuaren 16an.

Alberdiren gorpuzkiak Tolosara ekarri dituzte
Azpeitiko Komandantziako hildako lehen gudaria, gerra frontean hil zela aitortutako lehena da Alberdi. Saseta komandanteak bere ardurapean zeuden gizonen artean hildako lehena zela jakin zuenean, haren gorpuaren bila jo zuen Bidania-Goiatz eta Albizturgo mugara. Hil ondorengo ibilbide hori guztia ikertu du Karlos Almorza Aranzadi zientzia elkarteko kideak. Bere heriotza agiria, beilatokiko argazkia, Loiolako basilikan egindako hileta elizkizuneko argazkiak eta Zarautzen lurperatu zituzteneko agiriak jaso ditu, eta besteak beste, argitu du Alberdi Albizturren hil zutela eta ez Bidanian.


Duela bost urte Alberdiren gorpuzkiak zeudeneko hilobia topatu zuen Almorzak Zarauzko hilerrian eta «erabat abandonatuta» zegoela salatu, «inongo oroigarririk gabe». Familiak eskatuta Zarauzko panteoia ireki eta aurkitutakoa Alberdiren gorpua zela baieztatu ondoren, memoria historikoak agintzen duen erreparazio printzipioari jarraituz, aurten, abenduaren 4an ohore guztiekin hilobiratu dute Tolosako hilerrian. 36ko gerrako desagertuak bilatzeko Eusko Jaurlaritzaren programaren barruan Aranzadi zientzia elkarteak egin ditu gorpuzkiak berreskuratu eta identifikatzeko lanak. Hezurrak familiaren esku utzi ondoren, hauek erabaki dute Tolosan lur ematea, udalak herriko seme-alaba kuttunentzat gordetako panteoian.

Hernio hegoalderantz zabalduz
Aranzadi zientzia elkarteak gidatuta, Hernioko tontorretik Belkoaineraino iristen zen defentsa lerroa ikertzen jardun dute azkeneko urteetan auzolandegien bitartez. Gipuzkoako Aldundiaren eta Larraul, Asteasu, Zizurkil eta Adunako udalen laguntzarekin udan antolatu dituzte auzolandegiak. Almorzaren esanetan iritsi da ordua ikerketa bere eremu geografiko osora zabaldu eta gaia bere osotasunean aztertzen hasteko. «Azpeitia, Larraul, Asteasu, Zizurkil, Aduna, Tolosa, Errezil, Bidania-Goiatz, Albiztur, Beizama, Beasain eta Zarautz herriak barruan sartuz jarraitu nahi genuke ikerketa».

Herri horiek sartzeko arrazoien artean daude orain arte topatutako milaka eta milaka dokumentu. «Agiri horiek nahikotzat jotzen ditugu herri hauetako ordezkariei gonbidapen bat helarazteko, hemendik aurrera denak proiektu berdinean sartu eta urte gutxi batzuetara Saseta Defentsa Sistema Gipuzkoa eta Euskal Herriko historian behar duen lekuan jartzeko», esan du Almorzak.

'Itzaletik argira, hauek ere badira' liburua aurkeztu da Isilaraziei aitorpena egin diete Amezketan

Manu Olano Jauregi altzotarrak Aranzadiko ikerlarien laguntzarekin idatzitako Itzaletik argira, hauek ere badira liburua aurkeztu du aurten. II. Errepublikari buruzko aipamenak eta 36ko gerrak eta Frankismoak eragindako gertakizunak ditu ardatz. Lana osatzeko herritarren testigantzak jaso ditu idazleak. 25 lekukotza bildu dituzte. Istorio horietako 17 idatzi ez ezik, bideoan ere jaso dituzte eta liburuarekin batera banatu duten USB memoria batean bildu. Antton Iztueta herritarra izan da Olanoren bidelagun zeregin horretan. Bi urte iraun du liburuaren proiektuak, eta aurrera ateratzeko ezinbestekoa izan da hainbat pertsonen eta erakundeen parte hartzea, besteak beste Altzoko Udalarena. Liburuen egileek egin duten lana eskertu dute, aldi berean, udal ordezkariek.

Isilaraziei aitorpena egin diete Amezketan

Amezketa (1936-1945). Zigorpean isilaraziei, merezitako aitorpena idatzi du Antton Amondarainek; «zauriak behar bezala ixtea» da liburuaren helburuetako bat egileak berak esan duenez. Proiektua osatzeko informazio iturri askotara jo du Amondarainek eta Aranzadi zientzia elkartearen laguntza jaso du. Garaiko amezketarren argazkiak, dokumentuak, eta istorio ezberdinak jaso ditu liburuan, baita hainbat herritarren testigantzak ere. Lan honen zabalpenean laguntzeko hainbat ekimen antolatu dituzte Amezketan. Horien artean dago, Gerra omen zetorrek! antzezlana, abenduaren 17an jendaurrean erakutsi dutena. Agustin Amiano irakasle ohiak idatzi du antzerki obra eta guztira 30 herritar inguruk hartu dute parte. Aurrerago, berriz, asmoa dute herriko kultur etxean oroigarri bat jartzeko, 36ko gerraren ondorioak pairatu dituzten herritarrak omentzeko.



Erlazionatuak

Saseta Defentsa Sistemaren eremu geografikoak

Erabiltzailearen aurpegia Karlos Almorza Arrieta | Historian Doktorea 2023 urt 03 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!