Urtekaria 2022

Ospitaleari buruzkoak, tantaka

Ataria 2023ko urt. 1a, 10:00

Jada gutxiago dira Tolosaldeak beste eskualdeen osasuna arreta bera duela diotenak; TOPA koordinakundea, Asuncioneko langileen gehiengoa, Tolosaldeko Alkateen Mugimendua, EH Bildu eta PSE-EE... urtea eman dute arreta hori definituko duen Plan Funtzionala eskatzen.

 

Kazetariontzat déjà vu moduko bat ematen ari da etorkizunean eraikiko duten Tolosaldeko ospitale publikoaren inguruan. Prentsaurreko, agerraldi eta prentsa ohar ia berdinak jorratu behar izan ditu TOLOSALDEKO ATARIA-k, eta mezua bakarra: Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak duela hiru urte agindutako Plan Funtzionala eskatu dute bai Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak, bai EH Bildu eta PSE-EE alderdiek zein eskualdeko hainbat alkatek osatzen duten Alkateen Mahaiak, eta baita Asuncion Klinikako langileek ere. Azken hauek, noski, euren lan etorkizunarekin daude kezkatuta, ospitale publikoa eraikiko bada, zein langile eta zein baldintzatan ariko diren jakin nahi baitute. Bien bitartean, Osasun sailak entzungor egin die eskaera horiei guztiei, baina antza zorionekoa da eskualdea, Plan Funtzionala iritsi baita. Hori bai, aipatutako alderdi, langile eta eragileek ez dute Plan Funtzional hori ikusi. Horren berri Gotzone Sagarduik eman zuen pasa den azaroan. Agerraldia eskaini zuen 2023ko Osasun sailaren aurrekontuaren berri emateko, eta bertan ospitalea izan zuen hizketagai, beste hainbat konturen artean, noski. Ez zen gehiegi luzatu gai honekin; Plan Funtzionala bukatu dutela esan zuen eta beharbada, horrek 2023ko aurrekontuaren partidaren bat ospitaleari bideratzeko izango zela pentsarazi bazuen ere, aurrekontuan ez dago horretarako partidarik. «Osasun azpiegituretarako lanetan horien berrikuntza, egokitzapena edota eraikitzea aurreikusten da, baina lan horiek fase desberdinak izango dituzte, ez da urte batean egiten den zerbait, lehenengo ondo pentsatu behar da zer egin eta gero hori nola egin», esan zuen. Baina Plan Funtzionala bukatu, bukatu dute, eta bertan biltzen omen da ospitalea nolakoa izango den. Eta nolakoa izango da? Ba Tolosako Udalak azken unean —Sagarduiren agerraldia bukatu gabe zegoela oraindik— eskainitako prentsaurreko batean jakin genuen ospitaleratze solairua izango duela. Tolosako Udalak azken albiste hori oso berri pozgarria zela esan zuen, eta Osasun sailari eskertu zion agertutako konpromisoa.

Hortik aste batzuetara komunikabide batek eman zuen Plan Funtzionalak biltzen dituen ezaugarrien berri; ospitaleak larrialdiak artatzeko zerbitzua izango du, 17 espezialitate izango ditu eta 17.125 metro koadroko eraikigarritasuna kalkulatu dute. Plan hori behin behinekoa dela esan zuen Osasun sailburuak. Zortzi edo hamar urte beharko dira proiektua burutzeko eta hurrengo pausoa proiektua idazteko, obra zuzentzeko eta segurtasuna zein osasuna koordinatzeko lizitazioa ematea izango dela gaineratu zuen Sagarduik, eta horretarako urtebeteko epea eman du. Lanak 2025 urtean hasiko lirateke eta esan zuen oraingoz ez dela aurreikusten aldaketarik Asuncion Klinikarekin dagoen kontzertazio hitzarmenaren inguruan.

Ezaugarrien berri izan ostean TOPAk elkarretaratze jendetsua egin zuen Tolosan Osakidetza desegitearen aurka, osasun publikoaren defentsan lelopean eta Plan Funtzionalari buruz kritiko azaldu zen: «Eman duten informazio guztia folio bakar eta eskas batean kabitzen da. Ez dauka eskualdeko ospitale baten Plan Funtzionalaren itxurarik, Erresoluzio Handiko Zentro baten zirriborroaren tankera dauka gauza txiki bat gehituta: ospitalizazio medikuaren solairua. Eta ospitalizazio kirurgikoa non?».

Eta zeintzuk izango dira hurrengo pausoak, beraz? Zer espero genezake 2023. urtean? Donostiako ESIrekin piztu den harrabotsa ikusita, zaila da aurreikuspenak egitea, baina bertan ehun bat langilek eskaini berri duten agerraldian Tolosaldeko ESIarekin gertatzen dena aztertzeko eskatu diote Osasun sailari, beraz, aldaketak egon beharko lirateke. Ikusiko da.

Oraingoz dakiguna da obraren lizitazioa banatuko dela eta horren ondotik, eraikuntza-proiektua gauzatuko dutela, hori esan zuen Sagarduik aurrekontuaren berri ematerako agerraldian, eta epea hiruzpalau urtekoa izango dela ere esan zuen, «fase desberdinak izango ditu, eta izango ditu diru partidak».

Ziurra dena

Orain arte argitu dutena da ospitale publikoa egin egingo dela, suhiltzaileen etxe pareko kamioien aparkalekua hobetsi dutela eraikitzeko, eta horretarako Tolosako Udalaren laguntza izan zuela Osasun sailak. Zoruen azterketa egin zuen udalak eta kokapena zehaztu zuen Osasun sailarekin batera. Udalaren eta sailaren iritziz, leku horrek betetzen ditu baldintza egokienak; «irisgarritasuna eta mugikortasuna, besteak beste».

Horrek beste pauso batzuk eskatuko dizkio Tolosari; HAPOaren aldaketa, besteak beste. Eta horretan ari da lanean udala. Udalak esan du datozen asteetan berrabiaraziko duela prozesua. HAPOaren aldaketa berrabiaraziko du, hortaz.

Osasun sailetik jasotako informazio urbanistikoa oinarritzat hartuta jada onartutako parte hartze programaren barruan, 2023an bi saio ireki egingo dituzte herritarrekin. Lehen saioa, dokumentuaren idazketaren hasieran egingo da, diagnostiko teknikoa osatzeko herritarren aldetik egon daitezkeen ekarpenekin eta bigarren fasean berriz, hirigintza dokumentua aurkeztuko da. Aurreikuspena da, hurrengo urteko lehen hiruhilekoan dokumentua behin behinekoz onartua egotea.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!