Urtekaria 2022

Betetzen al da hitzarmena?

Ataria 2023ko urt. 1a, 10:00

Azken hilabeteetan informazio eskaera izan da nagusi; alderdiek, udalak, eragileek.. guztiek eskatu diote informazioa Osasun sailari. Batzuek jaso dute erantzuna eta beste askok ez. Informazio eskaera horren barruan bada garrantzia berezia duen agerraldia, Juan Manuel Sanzorena.

Sanzo Gipuzkoako Osasun Lurralde Ordezkaria da eta Legebiltzarrean azalpenak eman zituen duela hilabete inguru EH Bilduk eskatuta. Ibai Iriarte legebiltzarkideak eskatuta eman zituen azalpenak, hori bai, eskatu eta bederatzi hilabetera. Azalpenak eskatutako unean Asuncion Klinikako Barne Medikuntzako mediku guztiek utzi zuten ospitalea, hori gutxi ez eta hematologoak telefonoz artatzen zuen, traumatologian arazoak zeuden, espezialitaterik gabeko medikuek ematen zuten arta...

Agerraldia beraz, Asuncion Klinikak Osasun sailarekin duen kontzertazioa betetzen ari ote den jakiteko eskatu zen, eta zehazki betetzen ari ez diren hainbat puntu mahai gaineratu ziren: langile guztiak ez daudela homologatuak, euskararen erabilera Uemak egindako azterketa baten harira, bertako 13 medikuk bakarrik dute euskara gaitasuna egiaztatuta, sistema informatikoa ez dagoela gainontzeko ESIekin koordinatuta... Horien inguruan eman zituen azalpenak Sanzok, eta esan zuen kontzertazio hitzarmena betetzen dela

Zehaztu zuen Asuncioni jarraipena egiten diotela, «jarraipen sakona», zehazki. Bilerak egiten dituztela esan zuen eta ematen diren gorabeheren jarraipena egiten dutela. Inviza eta ondorioz, Asuncion Klinikaren erantzuna «ona» dela esan zuen eta urteko ebaluazioa ere ona dela. «Asuncionek jarduera altua du, lehen kontsultetatik besteetarako ratioa ona da, urgentzietan artatzen duten kasu kopurua ere egokia da, ospitaleratzeak %18koak dira...», azaldu zuen. Kexak izan dituela esan zuen, baina ez gainontzeko eskualdeetan ematen direnak baino gehiago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!