Tolosan, Asteasun eta Villabonan eskuratu daitezke kultura bonuak

Ataria 2022ko abenduaren 13a

Urtarrilaren 19ra arte eskuratu daitezke; bonu horiek erabilera ugari dituzte, tartean 'Tolosaldeko Ataria'-ren harpidetzak bezalakoak ordaintzeko baliatu daitezke

Eskuragarri daude jada, Gipuzkoako Foru Aldundiak ateratako kultura bonuak. Gipuzkoako 64 establezimendutan eskuratu daitezke, eta eskualdeari dagokionez Tolosako Elkar eta Babel, Asteasuko Mattin eta Villabonako Basajaun liburu dendetan eskuratu daitezke.

Guztira 8.700 bonu atera dituzte, 2.700 euskarazko produktuetarako eta gainerako 6.000, beste hizkuntza batzuetako produktuetarako. Hobariak 12 eurokoak izango dira euskarazko produktuetan eta 8 eurokoak gainerakoetan.

Aurten, guztira, 80.000 euro bideratuko ditu Foru Aldundiak kultura sustatzeko bonuetara. Bonuekin, erosi ahalko dira liburuak testuliburuak, ikasketa liburuak eta profesionalenak izan ezik, bai eta ikus-entzunezko produktuak ere edozein euskarritan.

Merkataritza sustatzeko

Kulturaz gozatzeko moduak bultzatu nahi ditu modu honetan aldundiak, ahalik eta jende gehiena horietaz baliatzea bilatuz eta tokiko eta Gipuzkoa osoko merkataritza bultzatuz. Urtarrilaren 29ra arte egongo dira erabilgarri.

Maria Jose Telleria kultura diputatu estreinatu berriak eskerrak eman dizkie kanpainan parte hartu duten establezimenduei: «Kanpaina honetan konfiantza izan dute berriro, eta urte osora zabaldu nahi dugun kulturaz gozatzeko irrika horretan bidelagun dira. Ahalik eta pertsona gehienak bonuaz baliatzea eta tokiko eta Gipuzkoa osoko merkataritza bultzatzea nahi dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!