Elkarrizketa

«Kulturaz gozatzeko moduak bultzatu nahi ditugu»

Ataria 2022ko abe. 13a, 11:33

Orain arte Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusi izan den Maria Jose Telleria eibartarra izendatu berri dute Kultura Diputatu, orain arte kargu horretan jardun duen Harkaitz Millanek dimisioa eman ostean.

Gabonetara begira kultura sustatzeko atera dituzten bonuen inguruan dio, bonuak ahalik eta jende gehienarengana iristea nahi dutela, eta horrela kultur kontsumoa bultzatzeaz gain lurraldeko merkataritza lagundu nahi dutela.

Kultura sustatzeko bonuak atera dituzue beste urte batzuetan legez. Zer dira?

Guztira 80.000 euro bideratuko dira kultura sustatzeko bonuetara. Gipuzkoako 64 establezimendutan erabili aha izango dira eta guztira 8.700 kultura bonu jarriko dira salgai. Bi modalitate izango dituzte. Lehena, euskarazko kultura produktuen bonuaren hobaria izango da; bigarrena, beste hizkuntza batzuetarako hobaria. Euskarazko kultur produktuetarako bonuak gutxiago dira, guztira 2.700. Aldiz, hobaria handiagoa da. Alegia, 20 eurotik gorako erosketetan, hobaria 12 eurokoa izango da. Beste hizkuntza batzuetakoetan, hobaria 8 eurokoa izango da.

Zer bultzatu nahi duzue?

Bonuekin, kulturaz gozatzeko moduak bultzatu nahi ditugu, ahalik eta jende gehien horiez baliatu dadin eta tokiko eta Gipuzkoa osoko merkataritza ere bultzatuz. Harpidetzak sustatzeko ere baliatuko dira bonuak. Kulturaz disfrutatzeko beste modu bat dira eta esango nuke ederra dela zuena bezalako proiektuen atzean norbere ekarpena dagoela sentitzea.

Kultura mezenasgoak dira kultura bultzatzeko beste modu bat eta hain zuzen ere, kultura sailetik pizgarri fiskalak eskaintzen dizkiozue kultura mezenasgoan parte hartzen duten enpresei. Zein da helburua?

Helburua da kulturarako baliabideak handitzea. Eta horrekin batera gizartearen atxikimendua lortzea. Indusketak, zaharberritze prozesuak, profesionalen lana…

Mezenasgoen bitartez profesional bat lagun dezakegu, edo norbere herriko ermita bateko koadro bat zaharberritzen. Administrazioaren baliabideak ez dira nahikoa. Kalitatezko gauzak egin nahi baditugu baliabideak behar dira. Mezenasgoen bitartez proiektu hori konpartitu egiten da eta esperientzia beste modu batean bizitzeko modua ematen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!