Bigarren garaipena lortu du Iztuetak

Ataria 2022ko abe. 12a, 12:38

Pilotari tolosarrak Alberdirekin batera lortu zuen garaipena Iruñeko Labrit pilotalekuan, 22-12, Bakaikoa eta Morgaetxeberriaren aurka. Artolak Promozio Mailako Txapelketan jokatuko du, bihar, Urretxun.

Martxel Iztuetak ez du berehalakoan ahaztuko pasa den larunbata. Egun berezia bizi izan zuen pilotari tolosarrak. Lehen aldiz aritu zen Iruñeko Labrit pilotalekuan profesional modura, eta partida handia jokatu zuen, Alberdirekin batera. 22-12 irabazi zieten Bakaikoari eta Morgaetxeberriari. Jaialdi berean, Altuna III.ak eta Tolosak ere bigarren garaipena lortu zuten, Ezkurdiaren eta Martijaren aurka: 22-14.

Ostegunean hasi zen Lehen Mailako eta Promozio Mailako Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldia. Bergaran jokatu ziren lehen partidak. Bertan, Peña II.ak eta Mariezkurrena II.ak galdu egin zuten Laso eta Imazen aurka: 22-14.

Atzo, eskualdeko beste pilotari batek jokatu zuen txapelketako partida: Erik Jaka lizartzarrak. Arangurenekin batera, Urrutikoetxea eta Albisuren aurka aritu ziren. Laudioko Areta frontoian izan zen partida, eta 22-16 irabazi zuten Urrutikoetxeak eta Albisuk. Jaialdi horretako promozio mailako partidan jokatzekoa zen Iker Elizegi asteasuarra, baina azkenean Uriondok jokatu zuen Zubizarreta III.arekin. 22-10 galdu zuten Larrazabalen eta Eskirozen aurka.

Enpresen arteko lehiak

Bihar hasiko da laugarren jardunaldia, Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Santa Luzia eguna aitzaki, urteroko hitzordua izaten da bertan. Bihar, gainera, Aspeko eta Baikoko pilotariek elkarren aurka jokatuko dute; orain arte, enpresa bereko bikoteen norgehiagokak izan dira. 17:30ean hasiko da jaialdia, eta lehen partidan, Iñaki Artola alegiarrak, Bakaikoaren hutsunea beteko du Promozio Mailako Txapelketako partidan. Morgaetxeberriarekin batera, Egiguren V.aren eta Erostarberen aurka jokatuko du. Ondoren, Jakak eta Arangurenek, Altuna III.a eta Tolosaren aurka jokatuko dute Lehen Mailako Txapelketako partidan.

Ostiralean, Elizegiren txanda izango da. Asteasuarrak, Zubizarreta III.arekin batera, Expositoren eta Bikuñaren aurka jokatuko du, Ataungo Auzoeta pilotalekuan. 19:30ean hasiko da partida.

Larunbatean, berriz itzuliko da Iztueta Iruñeko Labrit pilotalekura. Oraingoan, aurrelari titularrarekin, Agirrerekin, jokatuko du, Zabalaren eta Gaskueren aurka. 17:15ean hasiko da jaialdia, eta bigarren partidan, Peña II.ak eta Mariezkurrena II.ak, Ezkurdiaren eta Martijaren aurka jokatuko dute.

Lehen Mailako Txapelketaren sailkapena:
Postua Bikotea Jokatutako partidak Puntuak Aldeko tantoak Aurkako tantoak Koefizientea
1 ELORDI - ZABALETA 3 3 66 22 +44
2 PEÑA II - MARIEZKURRENA II 3 2 58 47 +11
3 LASO - IMAZ 3 2 63 57 +6
4 URRUTIKOETXEA - ALBISU 3 2 59 57 +2
5 ALTUNA III - TOLOSA 3 2 51 57 -6
6 EZKURDIA - MARTIJA 3 1 41 64 -23
7 P.ETXEBERRIA - REZUSTA 3 0 51 66 -15
8 JAKA - ARANGUREN 3 0 47 66 -19
Promozio Mailako Txapelketaren sailkapena:
Postua Bikotea Jokatutako partidak Puntuak Aldeko tantoak Aurkako tantoak Koefizientea
1 SALABERRIA - O. ETXEBARRIA 3 3 66 36 30
2 LARRAZABAL - ESKIROZ 3 2 59 49 10
3 AGIRRE - IZTUETA 3 2 61 54 7
4 BAKAIKOA - MORGAETXEBARRIA 3 2 56 50 6
5 EXPOSITO - BIKUÑA 3 2 60 55 5
6 ZABALA - GASKUE 3 1 51 65 -14
7 EGIGUREN V - EROSTARBE 3 0 45 66 -21
8 ZUBIZARRETA III - ELIZEGI 3 0 43 66 -23

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!