Eskualdeko pilotarietatik Peña II.ak bakarrik lortu du lehen puntua

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 28a, 16:59
Jon Ander Peña, Iztuetaren debuteko partidan.

Binakako Pilota Txapelketaren lehen jardunaldiko zenbait partida jokatu dira, eta lehen mailan zein  promoziokoan, Peña II.ak bakarrik irabazi du. Jakak lehen mailan, eta Elizegik eta Iztuetak promoziokoan, galdu egin dute.

Peña II.ak Tolosako Beotibar frontoian jokatu zuen atzo arratsaldean, eta Mariezkurrena II.arekin batera 15-22 irabazi zion Urrutikoetxea-Albisu bikoari. Jaialdi berean jokatu zuen Iztueta tolosarrak, promozio txapelketan, bere lehen partida jokatuz profesionaletako txapelketa batean. Parekatua izan zen partida markagailuari dagokionez, baina azkenean Iztuetak eta Alberdik galdu egin zuten 17-22 Larrazabal eta Eskirozen aurka. Berez Iztuetaren aurrelaria Agirre da, baina Alberdik ordezkatu zuen.

Jakak ere ezin izan zuen lehen puntua lortu binakakoan, tanto batengatik bakarrik galdu baitzuen Arangurenekin batera Laso-Imaz bikoaren aurka. Bartzelonan jokatu zuten partida hori larunbatean. Jaialdi berean parte hartu zuen Elizegik promozio mailako txapelketan, eta Zubizarreta III.arekin batera 22-13 galdu zuten Bakaikoa eta Morgaetxebarriaren aurka.

Lehen mailako txapelketan Aspeko eskualdeko bikoteak oraindik ez du jokatu lehen jardunaldiko partida. Altuna III.ak eta Tolosak asteazkenean dute partida Eibarren, baina azkenean amezketarrak ezingo du jokatu, eskuin eskua ez zaiolako osatu, eta bere ordez Elezkano II.ak jokatuko du.

 
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!