Jokin Altunak ez du Eibarren jokatuko asteazkenean

Ataria 2022ko azaroaren 28a

Eskuin eskua minduta dauka amezketarrak. Gaur goizean egin du proba Amezketako pilotalekuan, eta binakako txapelketako lehen partida ez jokatzea erabaki du.

Lau eta erdiko txapelketaren finala lesioarekin amaitu zuen Altuna III.ak. Astebete beranduago, eskuin esku hori ez dago oraindik osatuta. Gaurko probaren ondoren, errekuperazioarekin jarraituko duela adierazi du amezketarrak: «Masajeekin jarraituko dut eta bigarren jardunaldirako beste proba bat egingo dut. Binakako txapelketa jokatzeko gogotsu nago».

Jokin Altunak Tolosarekin jokatu behar zuen asteazkenean, Eibarko Astelena pilotalekuan. Bere lekua Elezkano II.ak hartuko du lehen jardunaldi horretan, Elordi-Zabaletaren aurka.

Bigarren jardunaldiko partida abenduaren 6an dauka Jokin Altunak, Tolosako Beotibar pilotalekuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!