Nola definituko zenuke biolentzia obstetrikoa?
Prozesu ginekologiko eta obstetrikoetan bereziki, hau da, erditzean, abortuetan edo haurdunaldian ematen den indarkeria mota da. Izan daiteke fisikoa, beharrezkoak ez diren interbentzioak eginez edo baimenik gabeko interbentzioak eginez. Eta psikologikoa ere izan daiteke. Hitzezkoa. Mehatxu bidez ematen dena: gaizki hitz egitea, gainetik jartzea, aginduak ematea eta batzuetan jasotzen duzun tratuagatik nahi ez dituzun gauzak onartzera ere bideratzen zaituena. Tratu txarra prozesu ginekologiko eta obstetrikoetan.
Fisikoaz gain, psikologikoa ere bada.
Ondorio fisiko eta psikologiko oso larriak eragitera iristen da. 2019an egin zen Espainiar estatuko azken ikerketan ikusi zen erantzun zutenen %67ak indarkeria mota honen zantzuren bat bizi izan duela. Oso zabaldua dagoen indarkeria da, eta batzuetan ondorio fisikoak ditu; agian, inkontinentzia izan daiteke edo saihetsak puskatzea. Edo estres post-traumatikoa garatzea, edo depresioetarako joera...
Solasaldia izango da. Zure esperientziatik abiatuta?
Hasieran gaia kokatuko dut. Historian zehar ginekologiaren bideratze hori nolakoa izan zen. Nola sortu ziren lehenengo modelo anatomiko, ginekologikoak,... aurreko mendean zehar egin zen medikalizazioari erreparatuz. Ondoren, Nazioarteko erakunde ezberdinek egin dituzten adierazpen eta atentzio emate une horiek aipatuko ditut. Nazio Batuen erakundeko bi ebazpenetan zentratuko gara, eta hor kontatuko dut nik apur bat zein izan den prozesu judiziala hamar urteetan, eta hemendik aurrera zer egin dezakegun. Esperientziak partekatzeko eta lan ildoak jorratzeko ideiak biltzeko erabiliko dugu tertulia espazio hori.
Esperientziak partekatu nahi dituzue.
Gune seguru bat sortu nahi dugu partekatzeko beharra daukan horrek partekatu ahal izateko, eta entzuteko nahia daukan horrek ere intimitatean eta seguru entzun ahal izateko. Ez dakigu oso ondo zer gertatuko den, azkenean, espazio horietan askotan espero ez duzun horrekin ere topo egiten duzulako.
Gizarteratzea beharrekoa da.
Ezinbestekoa da, eta azaroak 25aren barruan horregatik egiten dugu. Biolentzia matxistaren beste adierazpen bat da, transbertsala da eta bertan bat egiten dute indarkeria matxistaren adierazpide ezberdinek. Esaterako, emakume askok kontatzen dute, bikote heterosexualetan, aitari kontatzen zaizkio amari egiten ari zaizkion gauzak eta aitari eskatzen zaio baimena. Horren inguruan ere hausnarketa sustatu, eta indarkeria matxista dela gizarteratu eta uste duguna baino ohikoagoa dela ikustaraztea da helburua.
Hamar urte eta gero, biktima zarela aitortu dizute.
Hamar urteko bide judizialaren ostean iritsi da ebazpena, eta Osakidetzak oso erantzun bortitza kaleratu du guztia ukatuz. Horren inguruan ere hausnartuko dugu, eta nola ematen den prozesua salatzen dugun emakumeen kontrako birbiktimizazioa; sistema heteropatriarkalaren adierazpen bat da. Azkenean justizia eta osasungintza bat eginda doaz.
Aldaketarik eman da?
Pandemia bitarte hoberantz zihoan, baina pandemiaren aitzakian edo presiopean, berriro areagotu dela diote emakumeek. Sentsazioa hori da, eta kontakizunak oso bortitzak dira. Sistema osoak eragiten du langileek praktika horiek egin behar izatea; denbora eta baliabide faltagatik edo horrela ikasi dutelako. Emakumearen autonomia onartu egin behar da eta erabakitzeko eskubidea aitortu egin behar da. Emakumea eskubide osoko pertsona da. Errotik aldatu behar da sisteman lan egiteko modu hori.