2022ko Tokikom Sariek komunikazio proiektuak nabarmenduko dituzte

Ataria 2022ko aza. 9a, 11:00

2021eko saridunak. Aurtengo edizioan, kazetaritza lanak baino, komunikazio proiektu osoak hartuko dira aintzat.

Oñatiko Gandiaga Topaguneko ArantzazuLAB aretoan banatuko dituzte zazpigarren edizioko sariak, ostiral goizean, komunikazio enpresaren 10. urteurrenarekin lotuta. Tokikom sareko bazkide den ATARIA ere bertan izango da.

Toki komunikabideen kazetaritza lanak saritzen dituzte Tokikom Sarietan eta aurten, sortu zeneko hamargarren urteurrena izanda, hamar urte hauetan nabarmendu diren tokiko komunikazio proiektuak sarituko dituzte, Elkarrekin bidea eginez izenburupean. Tokikomeko bazkideen artean dagoen aniztasuna eta egiten den lan eskerga aldarrikatzeko asmoz egingo dute. ATARIA Tokikom Plataforma digitalaren erabiltzaile zen 2016tik eta iaz bazkide oso izatera pasa zen; ostiralean, Tokikom Jardunaldietan izango dira eskualdeko hedabideko ordezkariak.

Sariak banatzeaz gain, Tokikomek aukera aprobetxatuko du taldearen hamar urteko historia laburbiltzen duen ikus-entzunezko lan bat estreinatzeko. Dokumental horretan euskarazko toki komunikabideak batzen dituen taldeak orain arte egindako ibilbidea kontatuko dute, ibilbide horretan zuzenean parte hartutako lekukoen azalpenen bitartez. Horrez gain, goizean zehar hainbat mahai inguru izango dira, Tokikom osatzen duten toki komunikabideen arteko iritzi trukea sustatzeko, sektoreak hurrengo urteetarako mahai gainean dituen erronkak ardatz hartuta: Tokikomen izaera eta funtzioa hurrengo urteetan, komunikabideen finantzazioarekin lotutako erronkak eta digitalizazioak dakartzan aukera berriak, besteak beste. Saio horietan, taldea osatzen duten komunikabideen esperientziak eta espektatibak ere landuko dituzte.

Aurreko edizioetan ez bezala, 2022ko TOKIKOM Sarien ekitaldia gehienbat barrura begirako topaketa izango da, taldea osatzen duten bazkideen arteko harremanak landu eta hurrengo urteetako lana enfokatzeari begira. Hamargarren urteurrenaren ospakizun publikoa egiteko, beste ekitaldi handiago bat prestatzen ari dira 2023ko lehen hiruhilekorako.

Egun, 28 bazkidek osatzen dute Tokikom, guztira 74 hedabide kudeatzen dituztenak: 32 webgune, 28 aldizkari, bost telebista eta bederatzi irrati. Guztira, 240 langilek dihardute taldeko komunikabideetan, %58 emakumezkoak, eta Euskal Herri osoko 297 udalerritara iristen dira. Gaur-gaurkoz, Tokikom taldeko edizio digitalen trafikoa euskarazko medio ez-publikoak batzen dituen Hekimen elkarteko guztien %63 da.

Tokikom Jardunaldiak 2022 egitaraua:
  • Azaroak 11, ostirala, ArantzazuLab aretoan (Oñati)
    • 9:00-9:30. Harrera.
    • 9:30-9:40. Ongi etorria.
    • 9:40-10:00. Ikus-entzunezkoa: 10 urte, 10 ahots.
    • 10:00-10:45. Mahai ingurua: Tokikom 10 urte barru, non eta nola
    • 10:45-11:15. Tokikom Sariak 2022. Sari banaketa.
    • 11:15-11:45. Atsedenaldia.
    • 11:45-12:15. Digitalizazioaren erronkak eta aukerak talde gisa: Negozio ikuspegia. Publizitate eta paperetik, bestelako balio eskaintza baterako bidean.
    • 12:15-12:45. Digitalizazioaren erronkak eta aukerak talde gisa: Kazetaritza adar berriak.
    • 12:45-13:15. Digitalizazioaren erronkak eta aukerak talde gisa: Adimen artifiziala.
    • 13:15-13:30. Ondorioak eta agurra.
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!