Tolosaldeko ospitale publikoa

Ospitaleratze solairua izango duen ospitalea eraikiko dutela esan du Sagarduik

Ataria 2022ko aza. 3a, 18:17

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean gaur arratsaldean 2023 urterako aurrekontuak azaltzeko agerraldian iragarri du ospitaleratze solairua izango duen ospitale publikoa eraikiko dela Tolosan, horixe ondorioztatu baitu amaitu berri duten Plan Funtzionalak, sailburuak adierazi duenez.

Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek, sailburuaren agerraldiaren ondotik poza eta esker ona adierazi nahi izan ditu. "Entzun berri ditugu sailburuaren adierazpenak eta Jaurlaritzak irmo eusten dio ospitale publikoa Tolosan eraikitzeko konpromisoari; Plan Funtzionala amaituta, jakin berri dugu eskualdeari osasun zerbitzua emateko ospitaleratze solairua izango duen ospitale publikoa aurreikusten duela Jaurlaritzak Tolosan; albiste benetan pozgarria herriarentzat eta eskualdearentzat; eta eskertu nahi diot Osasun Sailburuari agertutako konpromisoa". “Interes eta garrantzia handiko gaia da guretzat eta herritarrentzat, baita ere Jaurlaritzarentzat, aldiro aldiro gure ardura transmititu diegu eta hartu-emana estua eta erabatekoa izan da denbora luze honetan; eta elkarlanean jarraituko dugu, orain arte bezala, Tolosak etorkizun hurbilean ospitale publikoa izan dezan; konpromisoa irmoa eta erreala da", gehitu du. Peonek esan du era berean, pandemiak nahi baino gehiago atzeratu dituela hasierako aurreikuspenak eta baita ere Plan Funtzionalaren lanketa.

Tolosako Udalak legealdi hasieratik, titulartasun publikoko ospitale publikoa egikaritzeko urratsak egin dituela gogoratu du Tolosako Udalak eta Osasun Sailarekin lankidetzan aritu dela esan du. "Ospitale publiko berria kokatzeko zoruen azterketa egin du udalak eta kokapena  ere zehaztu du, Osasun Sailarekin batera". Ospitale publiko berria suhiltzaileen etxe pareko kamioien aparkalekuan kokatuko da pasa den urteko ekainean iragarri moduan eta alkateak esan du eremu horrek betetzen dituela modurik egokienean baldintzak guztiak: "irisgarritasuna eta mugikortasuna, besteak beste". 

Gogoratu du Tolosako udal gobernuak hasieratik egin duela ospitale publikoa Tolosan kokatzearen aldeko apustua, "orain arte bezala, osasun zerbitzuak eskualdeburu den herrian, Tolosan, kokatu daitezen". Gauzak horrela, udalak bere aldetik, egin beharreko urratsak egin dituela nabarmendu du, "elkarlanean eta gardentasun osoz".

HAPOa

Orain, ospitalearen proiektua eta Tolosako HAPOaren aldaketa elkarren eskutik joango direla gehitu du. “Ibilbide orria zehaztua dago. Jaurlaritzak amaitu du Plan Funtzionala, plan horrek aurreikusten du Tolosan ospitaleratze solairua izango duen ospitale publikoa eraikitzea eta orain, Jaurlaritzak proiektuaren idazketari ekingo dio eta udalak HAPOaren aldaketari”. "Beraz, lanean jarraituko dugu orain arte bezala, lankidetzaren bidetik, etorkizun hurbilean Tolosan eskualderako ospitale publikoa izan dezagun”, berretsi du alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!